38 pertsona gehiago sendatu dira egoitzetan, guztira 102 dira
38 pertsona gehiago sendatu dira egoitzetan, guztira 102 dira
Aitzitik, azken bi egunetan, 10 lagun zendu dira eta 34k eman dute positibo.
Eider Mendoza foru bozeramaileak, Covid-19aren aurrean Gipuzkoako egoitzen egoeraren berri eman du, eta adierazi du azken bi egunetan 38 adineko pertsona gehiago sendatu direla, 10 hil direla eta 34k eman dutela positibo. Ehundik gora dira mediku alta jaso duten adinekoak, 102 dira dagoeneko, baina 137 dira, ordea, hil diren lagunak eta 276 diagnostiko positiboarekin daudenak. Gipuzkoan, 5.425 pertsona artatzen diren 65 egoitzako saretik, 16 izaten jarraitzen dute kasu positiboak dituzten zentroak.
Azken orduetan gaixotasuna gainditu duten pertsonak ondorengo egoitzetan bizi dira: Beasaingo Arangoitin (1), Eibarko Egogainen (15), Tolosako Iurreamendin (14), Eibarko San Andresen (1), Irungo Caser Residencial Anakan (3) eta Zarauzko Santa Anan (4). Beste muturrean, azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira San Andres (2), Ordiziako San Jose (1), Santa Ana (2), Zumaiako Otezuri (2), Donostiako Berra (2) eta Egogain (1). Beste alde batetik, 42 lagun daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta eta 36 ospitaleratuta. Desgaitasuna duten pertsonen egoitzen egoerari dagokionez, bi izaten jarraitzen dute birusak eraginda dauden pertsonak, Donostiako Iza eta Uliazpiren zentroetan.
Bozeramaileak, beste egun batez, egoitzetako ekipo profesionalak egiten ari den lana eta ahalegina eskertu nahi izan ditu, baina osasun-langileena eta familiena ere. Era berean, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundia bere “ahalegin, ezagutza eta esperientzia” guztia ari dela bideratzen gizarte zerbitzuen alorrean krisialdi honen kudeaketara, bereziki, adinekoen egoitzetara, “non birus honen ondorioen aurrean zaurgarrienak diren pertsonak bizi diren”. Hori horrela, azpimarratu du egoitza guztien egoeraren eguneroko jarraipena egiten jarraitzen dela, baita euren behar eta eskaeren bilketa ere, eta gaineratu du Osakidetzak test bikoitzak egiten jarraitzen duela egoiliar eta langileei, eta desinfekzioekin, ikuskaritzekin eta aholkularitza teknikoarekin ere jarraitzen dela, Aita Menniko profesionalen eskutik.
1484