380 enpresek adierazi dute interesa, Etorkizuna Eraikizeko kontziliazioko programa pilotuetan
380 enpresek adierazi dute interesa, Etorkizuna Eraikizeko kontziliazioko programa pilotuetan
Soldata arraila murriztu edota goi-karguetan emakumeen presentzia areagotzea, esperimentazio aktiboaren lehen lorpenak
Etorkizuna Eraikiz, denon artean Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzea xede duen foru ekimenak, kontziliazioa eta berdintasunaren arloko 20 esperientzia pilotu jarri ditu jada martxan lurraldeko enpresetan, eta beste hamar jarriko ditu aurki. Guztira, esperimentazio prozesuan 2.500 ari dira parte hartzen eta, gainera, lurraldeko beste 380 enpresen interesa piztu du. Azken hauek prozesua gertutik jarraitzea eskatu dute. “Kasu batzuetan, soldata arraila murriztea lortu dugu, eta beste batzuetan emakumeen presentzia areagotu dugu, konpainiaren zuzendaritza karguen artean”, iragarri du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok.
Etorkizuna Eraikiz abian: Proiektuak eta emaitzak ikastaroaren irekieran hartu du parte gaur foru arduraduna, gaur eta bihar artean Miramar jauregian egiten ari direna, UPV/EHUren uda ikastaroen testuinguruan. Ekitaldi berean izan dira foru bozeramaile, Gobernantza eta Gizartearekikoko Komunikazioko foru diputatu eta ikastaroaren zuzendari den Imanol Lasak eta UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde den Agustin Erkiziak. Etorkizuna Eraikizeko esperimentazio aktiboa du ardatz ikastaroak. Zehazki, hiru arlotan jarriko du azpimarra, aurreratuen dauden esparruetan hain zuzen: langileen partaidetza, kontziliazioa eta berdintasuna eta lurralde garapenerako laborategia.
Olanok, bere hitzaldian, kontziliazioaren arloan garatzen ari diren esperientzia pilotuetan sakondu du. Esan duenez, proiektu bakoitza parte hartzen ari diren enpresa bakoitzaren errealitate eta beharrei egokitzen da, helburua baita parte hartzaileak beste konpainientzako erreferente bihurtzea. “Diseinatzen eta lortzen ari garen ikasketa eta erreminta ezberdinak, azken fasean, Gipuzkoako konpainia guztietara hedatuko dira”, adierazi du.
Lortu diren emaitzen artean, bi kasu esanguratsu aipatu ditu: “Esperientzia pilotuei esker, kasu batean %9 murriztea lortu da parte hartzen ari den enpresaren soldata arraila; beste kasuetako batean, emakumeen presentzia areagotu da zuzendaritza karguetan”. Lantzeko dauden erronken artean, gizonezkoek kontziliazioa neurriak gutxi erabiltzen dituztela esan du, eta enpresa barneko soldata sistemak aldatzeak ere zailtasunak dakartzala. “Sakoneko aldaketak dira, eta bere denbora emango dute. Hala ere, nabarmendu nahiko nukeena da lurraldeko enpresak oso interesatuta daudela gai honetan”, esan du.
“Eragileetako askok ez dakite nola dauden emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionean, eta arazoa ikusaraztea bada lehen pausu bat”, azpimarratu du foru arduradunak. Egun arte egindakoari eutsita, diputatu nagusiak esan du “denbora behar dutela” Gipuzkoako enpresek, arlo honetan neurriak hartzearen beharra barneratzeko. “Duten beharra eta agertu duten interesa ikusita, Etorkizuna Eraikizek esparru hau jorratzen jarraituko du”, iragarri du diputatu nagusiak.
Langileen partaidetza
Langileen partaidetzari dagokionean, 20 proiektu pilotu jarri dira martxan lurraldeko beste zenbait enpresetan, guztira 1.500 pertsonari eraginez modu ezberdinetan (kudeaketa, emaitzak eta jabetza). “Parte hartzen ari diren enpresek partaidetza bultzatzen dute, alde batetik, pertsonen ongizatea hobetzeko eta, bestetik, beraien lehiakortasuna indartzeko. Gainera, uste dute partaidetzak mesede egin diezaiola enpresaren sustraitzeari”, azaldu du Olanok. Honela, egindako ibilbidearekin, amaitutzat ematen da alor honetan esperientzia pilotuak martxan jartzearen fasea.
Diputatu nagusiak gogoratu du lan lerro egonkortua dela langileen partaidetza Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Orain, Etorkizuna Eraikizeko esperientzia pilotuei esker, bere eraginkortasuna hobetu da. “Beti defendatu dugu langileen partaidetza bultzatzea, maila guztietan. Ziur gaude onura asko dakartzala, bai pertsonentzako zein enpresentzako, eta, azken finean lurralde osoa indartzen da horrela”, nabarmendu du foru arduradunak.
Esperientzia pilotuetan parte hartu duten enpresen arabera, partaidetza bultzatzeak langileen inplikazio maila hobetzen du, eta baita partaide izatearen sentimendua ere. Gainera, konpromiso handiagoa sustatzen du, eta enpresaren eta langilearen interesak lerrokatzen ditu, azken heinean erakundeko pertsonen ongizatea hobetuz. “Ez dago partaidetza eredu bakar bat”, esan du Olanok, “baina landu ditugun eredu ezberdin guztiek erakutsi ditu onuragarriak direla parte hartzen ari diren enpresentzat”. Gaur gaurkoz, Aldundiak estrategia integrala du arlo honetan, diputatu nagusiak gogoratu duenez: diru-laguntza deialdiak, zerga pizgarriak, finantzaketa laguntzak, duen eraginaren ikerketa unibertsitatetan… “Etorkizuna Eraikizeko esperientziak erakusten digute norabide onean goazela, eta esparru hau jorratzen jarraitu behar dugula”, adierazi du.
Azkenik, lurralde garapenerako laborategia aipatu du, biharko eguneko ardatza izango den proiektua. Olanok azaldu duenez, egitasmo honen bitartez eragile ezberdinak lerrokatu nahi dira, bereziki lurraldeko enpresa txiki eta ertainen mesederako estrategia partekatua definitu eta martxan jartzeko. “Helburu nagusia da gobernantza eredu ireki eta lankidetzazkoa lurralde osoa hedatzea, sarean lan egiteak abantailak dituen hainbat interesguneetara”, nabarmendu du.
Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen proiektua da, denon artean lurraldearen etorkizuna eraikitzeko. Zehazki, gaurtik biharko erronkei erantzutea bilatzen du, lurraldean garai berriek eskatzen duten agenda politiko berria ezarriz. Honela, erreferentziazko zentroak ezartzen ari da zibersegurtasuna edota gizartearen zahartzea bezalako arloetan, eta esperientzia pilotuak aipatutako langileen partaidetza edota kontziliazioaren esparruetan. Etorkizuna Eraikizek gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoa du oinarrian, eta sarean egiten du lan lurraldeko gizarte antolatuarekin elkarlanean.
1717