50 enpresa baino gehiagorekin ari da jada elkarlanean MUBIL, eta aurten kopuru hori handitzea aurreikusten du
50 enpresa baino gehiagorekin ari da jada elkarlanean MUBIL, eta aurten kopuru hori handitzea aurreikusten du
50 enpresa baino gehiagorekin ari da jada elkarlanean MUBIL, eta aurten kopuru hori handitzea aurreikusten du
Etorkizuna Eraikizeko Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroak “erritmo bikainean” ospatuko du Tolosako egoitzaren lehen urteurrena.
Hilabete honen 25ean urtebete egingo du MUBIL Gipuzkoako Mugikortasun Adimendun eta Jasangarriko Zentroaren lehen egoitza fisikoak Tolosako Usabal industrialdean. Proiektua Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren emaitza da, eta RIS-3 espezializazio adimendunaren estrategian kokatuta dago. Tolosan urtebetera egitera doan honetan, Markel Olano diputatu nagusiak oso positibotzat jo du orain arteko balantzea: “Tolosako zikloa hau benetan emankorra izaten ari da. Gaur egun, Euskadin, erreferentziazko eragilea da MUBIL mugikortasun berriarekin lotutako guztian, eta Tolosako instalazio hauek funtsezkoak izan dira ekimenak abiadura har dezan”, azpimarratu du.
Olanok gaur MUBILen egoitzan izandako lan-topaketa batean egin ditu adierazpen horiek. Bertan izan dira, baita ere, MUBILeko zuzendari Ane Insausti, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañaga eta Proiektu Estrategikoetako zuzendari Unai Andueza. Topaketan, zentroaren ibilbidea markatu duten mugarri nagusiak errepasatu dituzte, eta etorkizuneko erronkak aztertu. Horien artean nabarmentzekoa da Eskusaitzetako behin betiko egoitza abian jartzea. Olanok zehaztu duenez, bai obra egiteko lizitazioa, bai obra zuzentzeko lizitazioa, “aurreikusitako epeetan” egingo dira; beraz, eraikuntza lanak “udaberri honetan bertan has daitezke”.
MUBILen egungo instalazioek 2.300 metro koadro inguru dituzte. Instalazioen muina energia biltegiratzeko laborategi aurreratua da, zeinak 1.800 metro koadro inguru baititu. CIDETECek kudeatzen du laborategia, eta Europa mailan punta-puntakoa den ekipamenduaz hornituta dago. Azken urtean, hamalau enpresek (horietako batzuk nazioartekoak) energia biltegiratzearen inguruko saiakuntzak, testak eta ikerketak egin ahal izan dituzte bertan. Beste hogei enpresa interesatuta agertu dira, eta dagoeneko hiru konprometitu dira. Era berean, MUBILeko taldeak, zeina bost profesionalek osatzen baitute, dinamikak izan ditu azken urtean Gipuzkoako 40 enpresa baino gehiagorekin. Dinamika horien barruan lan-saioak egin dira, hiru helbururekin: garraioari, automobilgintzari eta mugikortasunari lotutako industria mugikortasun elektriko, konektatu, partekatu eta autonomorantz bideratzea; bikaintasuna eta kalitatea bultzatzea; eta lankidetza sustatzea, aukera berriak sortzeko eta Gipuzkoako eta Euskadiko industria dibertsifikatu eta indartzeko.
Mugikortasun berriari lotutako ekintzailetzarako babes ekonomikoa eta laguntza ematea da zentroaren beste lan-ildoetako bat. Horri dagokionez, aipatzekoa da Mubil Mobility Awards sarien lehen edizioa, zeinetan Ecomagnet eta Wattson start up-ak irabazle suertatu baitziren. Lehenak motor elektriko zaharkituak berreskuratzen ditu, motor berriak fabrikatzeko lur arraroak lortzeko; bigarrenak, berriz, biltegiratze sistema eramangarri batean oinarritutako kargatze mugikorreko sistema batean lan egiten du. MUBIL jada prestatzen ari da Mubil Mobility Awards sarien bigarren edizioa, zeina udazkenean egingo baita. Era berean, apirilaren 27an eta 28an, GO MOBILITY by MUBIL elkargunearen hirugarren edizioa egingo da Ficoban. Mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren Europako hegoaldeko topagune profesionala da.
Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, datu horiek erakusten dute MUBIL “errealitate finkatua” dela, eta Tolosako egoitza abian jartzea “mugarri bat izan dela bere hedapenean”. “Erreferentziazko eragile bat da, Gipuzkoako eta Euskadiko industriaren eta ikerketa zentroen zerbitzura dagoena. Izan ere, industriak eta ikerketa zentroek lankidetza gune bat aurkitzen dute hemen, beren produktuak eta zerbitzuak garatzeko eta berrikuntza sortzeko, beste eragile batzuekin lankidetzan eta haiekin esperimentatuz. Erakundeetatik eskaini dezakegun balio erantsia, kuantitatibotik harago, hainbat eragile elkarrekin harremanetan jartzea da, proiektu kolektibo eraldatzaileak abian jartzeko, bereziki gure etorkizunerako ardatz izango diren sektore ekonomikoetan. MUBIL funtsezkoa da ildo horretan”, amaitu du.
Mugikortasun berriko poloa
Etorkizunari begira, Diputatuen Kontseiluak funtsezko bi erabaki hartu zituen joan den urteko urrian, Donostian egingo den mugikortasun berriko poloaren barruan MUBILen behin betiko egoitza martxan jartzeko. Batetik, Udalari 38.326,6 metro koadroko partzela bat erostea, Eskuzaitzeta poligonoan, 8,2 milioi euroko foru inbertsioarekin; bestetik, 5 milioi euroko transferentzia bideratzea MUBIL Fundazioari, behin betiko egoitzaren ekipamendua finantzatzeko.
3050