Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 500.000 euroko inbertsioa KL Katealegaiaren lantegi berrian

500.000 euroko inbertsioa KL Katealegaiaren lantegi berrian

Zarautzen lana ematen die desgaitasuna duten eta gizarte bazterkeriako arriskuan dauden 50 pertsonari

2018/03/26

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua KL Katealegaiaren Zarauzko lantegi berrian izan dira gaur goizean. 2.800 m2 ditu, eta lana ematen die desgaitasuna duten eta gizarte bazterkeria arriskuan dauden 50 pertsonari. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, KL Katealegaiaren Zarauzko lantegi berria

-2.800.000 euroko inbertsioa-, zeinetan 500.000 euroko ekarpena baititu Foru Aldundiak, «lan baldintzak hobetzen ditu» eta enpresa «are malguago eta lehiakorragoa» egiten du. Horrela, Araba kaleko instalazioetan espazio faltagatik martxan jarri ezin ziren proiektu industrial berriei ekiteko aukera dago orain».

“Foru Aldundian ekarpen hori egin dugu KL Katealegaiaren lantegi berrirako, uste dugulako enplegua ezinbesteko elementua dela desgaitasuna duten pertsonak gizarteratu daitezen”, gaineratu du Olanok, bisitan ere ondoan izan dituela Pablo Núñez, KL Katealegaiako zuzendaria, Xabier Txurruka, Zarauzko alkatea, Javier Dominguez, ONCE Euskadiren Lurralde-presidentea, eta Marta Etxeberria, Lanbideko lan aktibazioa zuzendaria.

KL Katealegaiak, Aukerability proiektuaren barruan -Europako Gizarte Funtsaren (% 50) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren (% 25, 4 urtetan) artean finantzatuta- jarraitu egiten dute tresnak garatzen, desgaitasunen bat eta "narriadura ebolutiboaren edo zahartze goiztiarraren" zantzuak dituzten pertsonak "identifikatzeko". Horren harira, Foru Aldundia, Aukerability-ren bitartez, Katealegaiarekin ere lankidetzan ari da beste bi eremu hauetan: merkatuen zabaltzea eta metodologiaren hobekuntza balio-aniztasunen garapenean.

17 milioiko fakturazioa

KL Katea Legaia irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bere zeregina da desgaitasunen bat duten pertsonentzako kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea Gipuzkoako gizarte eta lan esparruan, eta pertsona horiek ohiko enplegura igarotzea erraztea. Horrekin lotuta, Nuñezek esan du Katealegaian lan merkatu arruntean hasi diren 60 pertsonaren jarraipena egiten ari direla, lagundutako enplegu planaren barruan. 

            KL Katealegaiak, Gipuzkoako eskualde guztietan, 12 industria lantegi ditu, eta 17 milioi euroko fakturazioa du. Gainera ia 100 bezerorentzat egiten du lan. Gaur egun, KL Katealegaiaren 12 lantegietan 940 pertsonek lan egiten dute guztira, eta horietatik % 95ek desgaitasun ziurtagiria dute (adimen desgaitasuna, buruko gaixotasuna, desgaitasun fisikoa eta desgaitasun sentsoriala). Gainera, % 35 zailtasun bereziak dituzten pertsonak dira (desgaitasun larria). Ekoizpenari dagokionez, Nuñezek esan du KL Katealegaiak «hainbat industria sektoretarako teknologia multzo askotarikoak industrializatu, produzitu, muntatu eta kontrolatzen dituela». Era berean, aurreratu du inbertsio honekin, eta bi urteko epean, Zarauzko lantegian «desgaitasuna duten langileen kopurua 70era zabaldu nahi dugula», Urola Kostakoak gehienak.

Amaitzeko, Olanok adierazi duenez, KL Katealegaia edo Gureak bezalako entitateak, batetik, «oso lehiakorrak» dira, arrakastaz erantzuten baitiete 4.0 industriaren erronkei, eta «berme guztiekin» garatzen baitituzte bezero industrial nagusientzako proiektuak, gure ingurune hurbiletik harago gainera; eta, bestetik, enpresetan «dibertsitatea» sortzen dute, balio erantsi gisa, lurraldean «kohesioa, inklusioa eta konpromiso soziala» sustatuz. «Gure lurraldean lehen mailako arreta eredua dugu, eta ildo horretatik jarraituko dugu, hirugarren sektorearekin lankidetzan».

  

1791