Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 720.000 euro herritarren partaidetza sustatzeko ekimenak laguntzera

720.000 euro herritarren partaidetza sustatzeko ekimenak laguntzera

Foru erakundeak %37 igo ditu arlo honetara bideratutako baliabideak, pasa den urtean eskari kopurua igo ezin zelako eta gai hau sustatu nahi duelako.

2022/01/18

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du lurraldeko udalei eta tokiko erakunde txikiei zuzendutako herritarren partaidetza sustatzeko dirulaguntzen 2022 urteko deialdia. Laguntza lerro honen zuzkidura 490.000 eurokoa da. Herritarren partaidetzaren arloan baita ere, elkarteei zuzendutako laguntza deialdia ere prest du Aldundiak eta, aurki publikatuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Kasu honetan, 230.000 euro bideratu dira arlo honetara. “Ondorioz, guztira, 2022 honetan 720.000 eurorekin lagunduko ditu Aldundiak partaidetza arloko ekimenak, pasa den urtean baino 195.000 euro (%37) gehiago”, nabarmendu du Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, herritarren partaidetza sustatzeko dirulaguntzetara bideratutako baliabideen igoera azaltzen dute, batetik, pasa den urtean jasotako eskarien igoerak eta, bestetik, Aldundiak partaidetzaren arloari bultzada emateko egiten ari den ahalegina. “Pasa den urteko eskaera igoera hori oso albiste positiboa dela deritzogu; izan ere, partaidetzaren kulturak eta kontzientziak Gipuzkoan gero eta sustrai sendoagoak dituela adierazten digu”, esan du Mendozak, nabarmenduz Aldundiak hori bultzatzen eta sustatzen jarraitu nahi duela.

          Foru arduradunak aldeztu duenez, herritarren partaidetza kudeaketa publikoan txertatzeak herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du. “Izan ere, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, azaldu du. Helburu eta lehentasun horiek betetzeko, gobernantza eredu berri bat diseinatzeko beharra ikusten du Mendozak, irekia eta elkarlanezkoa. “Etorkizuna Eraikiz da eredu horren adierazgarririk argiena. Eredu horretan, herritarrekin elkarlan hori gauzatzerako orduan, berebiziko garrantzia du partaidetzak”, azpimarratu du.

Udalen kasuan, azaldu du Aldundian “ondo dakigula” zein garrantzitsuak diren udalak, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako. “Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalen lana sustatzeko eta errazteko, urteak daramatza tokiko erakundeei laguntzen, udal esparruan sustatzen diren partaidetza prozesuak ekonomikoki babesten. Lurralde ikuspegi batetik, aberasgarria da eta Gipuzkoa osoaren mesedetan doa partaidetza dinamikak eta kultura tokiko mailan sustatzen jarraitzea”, azaldu du. Bere ustetan, udalek lan “oso ona” egin dute azken urteetan: “Partaidetzaren arloan, estimu handiko ‘partnerrak’ dira guretzat”.

Pasa den urteko deialdiari erreparatuta, 45 udalek jaso zuten laguntza, eta 55 proiektu finantzatu ziren (udal bakoitzak bi proiektu aurkeztu ditzake gehienez, eta batzuk hala egin zuten). Lagundu ziren proiektuen artean, adibide gisa, Zarauzko Udalak bultzaturiko Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren inguruko hausnarketa partekatua; Debako Udalak martxan jarri zuen Zumardian jarduketak definitzeko Partaidetza prozesua; eta Oñatiko Udalaren udalerriko ekintza komunitarioaren gaineko analisi estrategikoa abian jarri izana aipatu ditu Mendozak. Bestalde, laguntza lerro hauei esker elkarteek bultzatutako beste 44 proiektu lagundu zituen Aldundiak diruz pasa den urtean. Esaterako, Landetxa Bizilagunen Elkarteak, CEAR Euskadi edota SOS Racismok jaso dituzte dirulaguntza zuzenak, partaidetza prozesu ezberdinak martxan jartzeko.

 

Aitorpenak aurkezteko epemuga luzatzea

Bigarren erabakia Ogasunaren arloan kokatzen da eta, Mendozak nabarmendu duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunek elkarlanean hartutako erabakia izan da. Zehazki, datorren urtarrilaren 25eko autolikidazioak eta aitorpenak aurkeztu eta ordaintzeko epea luzatzea erabaki dute hiru erakundeok, eta mugaegun berria urtarrilaren 31n ezarri da.

“Azken asteetan zehar Omicron aldaera Covid-19gatik ekartzen ari den kutsatze olde handia makina bat arazo eragiten ari da zentzu askotan, eta bereziki, jarduera ekonomikoen garapenean. Izan ere, laneko bajen gorakada nabarmenak ezinezko egiten du langileen gaitasunari eta prestasunari buruzko ziurtasuna izatea, eta ondorio garrantzitsuak ditu enpresen kudeaketan eta antolamenduan”, gogoratu du Mendozak. Egoera honek zailtasunak eragin litzake baita ere zerga obligazioak betetzeko, eta, bereziki, mugaeguna urtarrilaren 25ean duten autolikidazio eta aitorpenak aurkezteari dagokionez. “Horregatik erabaki dugu epea luzatzea”, esan du.

          Mendozak azpimarratu duenez, pandemia Gipuzkoara iritsi zenean Ogasunak hartu zituen neurrien testuinguruan kokatu daiteke gaur onartutakoa. “Orduan, esaten genuena zen arazoen aurrean, Ogasunak malgutasuna eta laguntza eskainiko zituela. Eta, orain, foru erakundearen erantzuna berdina da”, adierazi du. “Jarduera ekonomikoa zaindu eta sustatzen jarraitzea lehentasunezkoa da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta modu honetako neurri laguntzaileak ere norabide horretan doaz”, nabarmendu du.

 

Estatuko COVID-19 funtsak

Bestalde, gaur eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea COVID-19 gaitzaren pandemiaren eragina neutralizatzeko Estatuak aktibatutako baliabideak lurraldeko udalekin banatzeko erabakiari. Horren ondorioz, Gipuzkoako udalek 25,1 milioi euroko ekarpena jasoko dute, oinarrizko zerbitzu publikoak (osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak) indartzeaz gain, beste eskumen batzuk baliatzeko ere erabil daitezkeenak. “Diru hau aste honetan bertan jasoko dute udalek”, azaldu du Mendozak.

Bozeramaileak gogoratu duenez, Euskadiren erakunde eta finantzaketa sistema arrisku eta erantzukizun partekatuko irizpideek arautzen dute. “Gauzak gaizki datozenean, herrialdeko erakunde maila guztietan baliabideak murriztu egiten dira. Alderantziz denean, adibidez, aurreikusitakoa baino gehiago biltzen dugunean edo orain transferitzen ditugun ezohiko funtsen kasuan, guztiok jasotzen ditugu onurak”, esan du. “Erantzukizun partekatu honek administrazio publiko guztien kudeaketa zorrotz eta arduratsuagoa eragiten du, eta horrek zerbitzu hobea dakarkie herritarrei”, osatu du Mendozak.

Bere ustetan, eta diputatu nagusiak ostegunean esandakoarekin bat eginez, erabaki honekin, Gipuzkoako erakundeen arteko konfiantza harremana sendotzen da. “          Konfiantza hau, gobernantza partekatua eta elkarlana dira administrazio maila ezberdinen arteko erlazioa modu onean eramateko gakoa, eta honetan sakontzeko ahaleginean ari gara Aldunditik”, adierazi du. “COVID-19 funts hauen banaketak orain arte daramagun ibilbidea kontsolidatu eta indartzen du. Ibilbide horren parte dira, esaterako, pasa den urtean zein aurten, udalekin partekatu dugula baita ere lurraldeari dagokion defizit erabilgarria”, azaldu du. 2022 urtearen kasuan, Gipuzkoak 52 milioiko defizita du eskuragarri, eta horietatik 21 udalei utzi zaizkie.

Mendozak gaineratu duenez, udalen finantzaketak “momentu ona” bizi du. Izan ere, joan den urrian onartutako 2021eko aurrelikidazioaren arabera, aurrekontuetan jasotakoa baino 55 milioi euro gehiagoko aparteko ekarpena jasoko dute. Iragarpen hori betez gero, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) 553 milioi euroko zenbatekoarekin itxiko luke ekitaldia, inoizko zuzkidurarik handiena. Zifra hau berriro hobetuko litzateke 2022an, finantza-tresna hori 568 milioi eurora iristea espero baita.

 

COVID-19 egoitzetan

Bestalde, bozeramaileak COVID-19 gaitzaren pandemia adinekoen egoitzetan izaten ari den eragina eguneratu du. Azaldu duenez, baliabide hauetako erabiltzeen artean, gaur gaurkoz 441 kasu positibo aktibo daude, 38 egoitza ezberdinetan. Hauetatik, 41 lagun erreferentzia zentroetan daude. Azaroaren 29tik hona, 366 egoiliar sendatu dira eta 15 lagun hil dira (kutsatu direnen %1,8). Pandemia hasi zenetik, 355 dira hildakoak.

Mendozak azaldu duenez, azken astean 3.970 proba (2.185 PCR eta 1.785 listu PCR) egin dira lurraldeko adinekoen egoitzetan, bataz beste, 500dik gora egunean. Langileek bi astean behin egin behar dute listu PCR, eta astean behin txertatu gabe daudenek. Horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan, horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, nabarmendu du Mendozak.

  

2247