Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 76 ikaslek hartu dute parte, fiskalitatea berritzeko ideia lehiaketan

76 ikaslek hartu dute parte, fiskalitatea berritzeko ideia lehiaketan

Donostiako Deutsche Schule ikastetxeak lortu du lehenengo saria, eta Errenteriako Egiluzek bigarrengoa

2018/06/12

Laugarren DBHko 76 ikaslek hartu dute parte ikastetxeei zuzendutako lehenengo ideia lehiaketan. Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanoren arabera, esperientzia “arrakastatsua” izan da. Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu du lehenengo saria, eta Errenteriako Egiluze-Hijas de la Cruz zentroak bigarrengoa. “Etorkizunera begira, eta zerga iruzurraren arloan aurrera egin ahal izateko, egin dezakegun inbertsiorik onena da gazteen artean kontzientzia hedatzea, beraiek baitira biharko gizartea”, azaldu du Olanok.

            Lehiaketako sari banaketan egin ditu adierazpen hauek diputatu nagusiak. Ekitaldia gaur goizean egin da, foru Jauregiko Jalgi Aretoan, eta Ogasun eta Fintzetako diputatu den Jabier Larrañagak ere hartu du parte. Gipuzkoako foru Ogasunak lurraldeko ikastetxetan ematen duen zerga heziketako unitate didaktikoaren testuinguruan kokatzen da eskola arteko txapelketa hau. Kurtso honetan, ekimena lurraldeko 57 ikastetxe eta 2.000 ikaslera iritsi da eta, gainera, Araba eta Bizkaira hedatu da. Lehiaketan, guztira, lau ikastetxek hartu dute parte, Gipuzkoako zerga sistema hobetzeko zazpi ideia aurkeztu dituztenak.

            Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno suertatu da irabazle. Horrela, gazteentzako mugikorrerako joko bat diseinatzea proposatzen dute. Proiektuak Online kontzientziazioa du izena, eta ekonomiari buruzko ezagutzarik ez duten 13-14 urte dituztenentzako App bat da. Helburua da zerga iruzurrak eragiten dituen kalteak ezagutaraztea. Bigarren saria, bere aldetik, Errenteriako Egiluze-Hijas de la Cruz ikastetxearentzako izan da. Ikasgelan garatu beharreko joko bat proposatu dute. Honen arabera, ikasleek denda bat eratu beharko dute eta, honela, kontabilitatea eta zergak ordaintzeari buruzko oinarrizko ezagutza lortzeko.

            Diputatu nagusiak, bere hitzaldian, gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizuna bere agenda politikoaren erdigunean jarri duela, Etrokizuna Eraikiz programaren bitartez. “Esan ohi dugun bezala, gaurtik biharko gizartea eraiki nahi badugu, gure ongizate sistema sostengatzen duten zutabeak bermatzen hasi behar dugu”, azaldu du, Gipuzkoak eta gainerako lurralde historikoek duten autogobernu eta zerga sistema propioari erreferentzia eginez. “Ezagutzen dena ez da baloratzen, eta baloratzen dena ez da defendatzen. Horregatik da hain garrantzitsua belaunaldi berriei gure sektore publikoaren garrantzia ezagutarazten jarraitzea”, azpimarratu du.

            Honela, lehiaketaren lehen edizioa “positiboa” izan dela iritzi dio Olanok, eta parte hartu duten lau ikastetxeak zoriondu ditu. Denei diploma bana eman die, erakundearen esker onaren adierazle eta egindako lanaren aitortza gisa. Esan duenez, “oso interesgarriak” izan dira jasotako ideia guztiak. “Lehiaketaren ideiarekin, unitate didaktikoaren interaktibitatean sakondu nahi izan dugu. Hau da, bilatu duguna da ikaslea ez izatea informazio hartzaile pasibo hutsa, baizik eta ikasitakoaren arabera, konponbideak bilatzeko ahaleginean beraien inplikazioa lortzea”, esan du. “Eta, jaso ditugun proposamenak ikusita, lortu dugu”, itxi du diputatu nagusiak.

  

2103