Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 968.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza berdintasuna sustatzera

968.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza berdintasuna sustatzera

Beste 1,8 milioi euro bideratuko ditu foru erakundeak Andoaingo N-I errepideko zubiaren birgaitze eta konponketa lanetara

2023/03/21
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila

Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta Foruko Aldundiko Bozeramaila


Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen programen kontura urtero eman ohi dituen dirulaguntzak. Honako lerro hauek hartzen ditu barne:  euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak, hizkuntza normalizazio praktikak egiteko bekak, itzulpen praktikak egiteko bekak eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak. Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak azaldu duenez, 967.718,00 euro bideratuko ditu Aldundiak lerro hauen finantzaketara.

            Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azken asteko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri du neurria. “Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea Foru Aldundiaren hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen ekimenak”, esan du Mendozak. “Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz”, gehitu du, nabarmenduz foru erakundeak berdintasunaren ikuspegitik egiten duela lan: “Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea nahi dugula esaten dugunean, hizkuntzaren ikuspegitik ere ari gara hizketan”.

Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza nagusiaren bitartez betetzen du euskararen aldeko sustapen lan hori. Horretarako tresnen artean, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei dirulaguntzak ematen dira, gaur onartu diren laguntza lerro hauek kasu. “Laguntzak helburu askotarikoak dira: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntzak, normalizazio edo itzulpen praktikak egiteko bekak, eta teknologien bitartez edukiak hedarazteko laguntzak”, azaldu du Mendozak. Deialdiaren oinarriak eta xehetasunak aurki argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Andoaingo zubia

Bestalde, gaur onartu da Andoainen N-I errepideko 444,793 kilometro puntuan dagoen zubiaren egitura birgaitzeko proiektua. Oinarrizko aurrekontua 1.813.795,98 eurokoa da (% 21eko BEZa barne), eta lanak egiteko epea lau hilabetekoa. Zubi hau 1976an jaso zen, eta antzeko ezaugarriak dituzten bi zubi paralelo kurbatu dira. “Ordutik hona ohiko mantenu lanak egin badira ere, orain birmoldaketa sakonagoa egiteko beharra dago. Obra honekin, beraz, bide honen erabiltzaile diren guztien segurtasuna eta erosotasuna hobetzea aurreikusten dugu”, azaldu du Mendozak.

Zehazki, proiektu horrek honako esku-hartze hauek aurreikusten ditu: iraunkortasunagatik kalteak konpontzea; taula altxatzea, mendi-mazelaren erdiko euskarriak konpontzeko eta berme-elementuak ordezteko; eta taularen goiko aldean lanak egingo dira, hala nola hesiak, petrilak eta hormigoizko goratzeak fresatu eta eraistea, zorua iragazgaiztea eta berritzea, zoladura-junturak aldatzea eta euste-petril berriak egitea. Honekin batera, proiektuaren oinarria da trafikoaren afekzioak saihestea ahal den neurrian. Ildo horretan, kontuan hartuta egur-erdiko euskarriak konpontzeko eta berme-aparatuak ordezteko taula altxatzeak galtzada moztea eskatzen duela, by-pass bidezko lanak abuztu osoan egitea planteatzen da. Gainerako jarduketak galtzada estutuz egingo dira, bi errei mantenduz, gaueko ordutegian beharrezko erreiak moztuz eta asteburuetan by-pass eginez.

Irisgarritasuna

Eta hirugarrenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hobekuntzak egin jarraitzen du dituen eraikin ezberdinetako sarreretan eta arreta bulegoetan. “Azken asteetan, bukle magnetikoak jarri ditugu Aldundiko eta Ogasuneko arretako lanpostuetan, entzumen urritasuna duten pertsonentzat. Ikusmen urritasun duten pertsonentzat, berriz, erreliebeko eta brailleko mapak jarri ditugu Ogasuneko, Txarako eta Jauregiko bulegoen sarreretan”, azaldu du foru bozeramaileak. Neurri hauek azken urteetan hartu diren beste hainbat neurriri batzen zaizkie: Navilens kodeak, lurreko marrak, braillezko markak, kontraste handiagoko biniloak… “Helburua aniztasun funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna hobetzea da. Neurriak hartzerako orduan, elkarte ezberdinek instalazioen irisgarritasunari buruz egindako gomendioak hartu dira kontuan”, adierazi du.

            Honi lotuta, Mendozak azpimarratu du Foru Aldundiak bere zerbitzu guztien irisgarritasunean hobekuntzak egiten jarraitzeko borondate irmoa duela. “Izan ere, bidezkoa da gipuzkoar guztiek zerbitzu horiek baldintza berdinetan eskuratu ahal izatea”, gehitu du. Horregatik, elkarte ezberdinekin duten lankidetza balioan jarri du, egiten dituzten ekarpenekin, arlo honetan aurrera egiten laguntzen baitiote Aldundiari. “Aldundia gobernantza eredu ireki eta elkarlanaren aldeko apustua egiten ari da azken urteotan, irtenbide partekatuak bilatzen ari baikara lurralde gisa ditugun erronkei modu eraginkorragoan erantzuteko”, amaitu du Mendozak.

  

2225