Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour A-15-eko tunelak osorik berritzeko lanak fase berrian sartu dira Oindolar tunelaren irekierarekin

A-15-eko tunelak osorik berritzeko lanak fase berrian sartu dira Oindolar tunelaren irekierarekin

Donostia noranzkoko galtzadako lanak amaituta, birgaitu beharreko zortzi hodietatik ia bost prest daude. Aldundiak Oindolar eta Gorosmendi tunelen lanei udan berrekingo die.

2023/12/15
Oindolar

Larunbat gauerditik aurrera, bi noranzkoetan irekita egongo da A-15 errepideko Oindolar tunela, Donostia noranzkoko hodian otsailean hasitako lanak amaitu baitira gaur. Honekin, korridore honetako Gipuzkoako tunelak birgaitu eta hobetzeko lanen ekuatorea gainditu eta azken faseari ekingo dio datorren urtean Aldundiak, tuneletako zortzi hodietatik erdia (lau) jada berrituta baitaude eta bosgarreneko obrak amaitzear. Hain zuzen ere, une honetan Gorosmendiko hodian abian daude lanak eta, kasu honetan, aurreikuspena da udaberrian amaituko direla obra horiek.

Oindolarreko tunelaren irekieraren atariko, Eider Mendoza diputatu nagusiak Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera egin duen bisitan azaldu duenez, korridore honetako tuneletako jarduketak dira legegintzaldi hasierako errepideen arloko jarduketa nagusietako batzuk eta “garrantzi handikoak” direla, hain zuzen, “funtsezkoak baitira Gipuzkoako errepide sare osoan mugikortasun seguruagoa, erosoagoa eta modernoagoa bermatzeko”. Hala nola, Nafarroarekiko komunikazioen eta Atlantikoko korridorean azpiegitura aurreratuen sare bat izateko beharraren ikuspegitik, obrek duten garrantzia ere gogorarazi du diputatu nagusiak: “Europako zuzentarauak betetzeko eta tunelak guztiz modernizatzeko inbertsio handia egin du Aldundiak, herritarren eguneroko bizitzarako eta lurraldearen ekonomiarako funtsezko azpiegitura baita. Badakigu horrelako lanek afekzioak sortzen dituztela herritarren eguneroko bizitzan, eragozpenak eta trabak, baina azpimarratu nahi dut berrikuntzak eragin zuzena izango duela erabiltzaileen segurtasunean”. Tunel guztien berrikuntzak 93,5 milioi euroko aurrekontua du eta udaberrian Gorosmendiko hodia bukatzen denean, aurrekontu horren ia % 58a egongo da exekutatua.

Oindolar (552 metro luze) tuneleko Donostia noranzko hodia guztiz birgaitzeko eta estaldura hobetzeko lanak aurtengo otsailean hasi ziren, Gorosmendiko (550 m) lanekin batera. Hain zuzen, A-15 errepideko Gipuzkoako tarteko lau tuneletatik, Iruñeko noranzkoan, lehena eta azkena dira bi hauek, eta zaharrenak ere badira, 1995 urtetik zerbitzuan egon dira eta. Lanei dagokienez, estalki eta egiturak sendotu dira eta drainatze-sistemak, isurketen eta suteen kontrola, aireztapen eta komunikazioa sistema berriak eta LED bidezko argiztapen-sistema eraginkorra instalatu dira. Horri esker, energia-kontsumoa argiterian % 40 murriztuko da. “Azpimarratzekoa da, halaber, istripuak kudeatzeko eta prebenitzeko sistema berria” izango dutela tunelek, “segurtasuna bermatzeko azken teknologiarekin”, Ubarretxenak azpimarratu duenez.

Gorosmendi tuneleko lanei dagokienez, udaberrian espero da amaitzea eta ordura arte kontrako hodian bypassa mantenduko da. Halaber, obra hauek irauten duten bitartean, galarazi egingo da 3 metro baino gehiagoko zabalera eta 4,5 metro baino gehiagoko altuera duten ibilgailuen joan-etorria, bai eta salgai arriskutsuak dituzten ibilgailuena ere.

Gauzak honela, Oindolar, Belabieta eta Gorosmendi tuneletako lanak ari da Bide Azpiegituretako departamentua fase ezberdinetan garatzen. Oindolarreko lehen hodia prest eta Gorosmendiko beste bat amaitzear dela, urtarrilean esleituko dira bi tunel hauetan geratzen diren beste bi hodien obrak eta udan emango zaie hasiera. 2023 eta 2024 urteetan bi fasetan gauzatzen ari diren lan hauen aurrekontua 41.428.753 eurokoa da.

Azken fasea, Belabieta tuneleko Donostia noranzkoko hodiaren lanek osatuko dute, 2025 urtean, eta 20,5 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da. Azken lan hau izango da dotazio ekonomiko handiena izango duena, izan ere, tunelik luzeena da Belabietakoa, 1.836 metroko luzerarekin. Horrela, Aldundiak 2018an hasitako birgaitze lan sakonei amaiera emango die, legealdi honetan bertan A-15eko Gipuzkoako tarteko lau tuneletako lan guztiak gauzatuta.

 

Itxiera larunbatean eta desbideraketak

Datozen orduetan irekierarako prestaketa lanetan jardungo du Bide Azpiegituretako departamenduak eta, horretarako, ezinbestekoa izango da A-15aren tarte horretan zirkulazioa etetea. Mozketa larunbateko goizaldeko 05:00etatik 24:00etara egingo da Andoaingo Sorabillako lotunetik eta Berastegiko lotunetik, bi noranzkoetan. Euste hesiak eta obraren hasieran jarritako bypassaren seinaleak ere kentzeko beharrezkoa da itxiera hau.

Ibilgailu astunek GI-2130 errepidetik (Tolosa-Lekunberri) joatea debekatua izango dute eta N-I errepidea hartu beharko dute ordezko bidetzat. Gainerako ibilgailuei dagokienez, A-15 autobideko erabiltzaileek beste ibilbide batzuk hartu beharko dituzte. Hala, Berastegiko lotunean soilik egin ahal izango dute bira Berastegi, Elduain edo Berrobira iritsi nahi duten gidariek, ondoren GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) zirkulatuz. Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-I errepidea gomendatzen da Altsasuraino, Irurtzunen A-10 autobidea hartuz (Sakanako autobidea). Era berean, Gipuzkoatik Nafarroarako ibilbide luzeetarako, Iruñerako noranzkoko bidea moztearen ondorioz, N-I errepidetik jarraitu beharko da, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10 errepidetik jarraitu (Sakanako autobia) Irurtzuneraino. Azkenik, Lekunberrira edo Leitzara doazenek, GI-2135 (Tolosa-Lekunberri) errepidea, Tolosan barrena, erabili ahal izango dute.

 

Neguko bidezaintza plana

Neguko kanpaina betean gauden honetan, Gorosmendiko tuneleko lanen eraginez, indarrean jarraituko dute Neguko Bidezaintza planean aurreikusitako neurriek. Obrak direla-eta eta jarritako desbideratzeetan elurra kentzeko makinekin ibiltzerik ez dagoenez, korridorea erabat itxiko da, ibilgailu guztientzat eta bi galtzadetan, Berastegiko lotunearen eta Andoaingoaren artean (Sorabilla), betiere errepidearen baldintzek hala eskatzen badute. Itxierei eta irekierei buruzko informazio zehatza unean-unean emango da Telegram aplikazioko ELURRA A-15 NIEVE kanal publikoaren bidez. Autobidea itxiz gero, Nafarroako taldeekin koordinatuko da trafikoa beste ibilbide batzuetatik desbideratzea, eta debekatu egingo da GI-2130 errepidetik kamioiak pasatzea.

  

3199