Abadia Saria jaso du Ruper Ordorikak, euskarari eta euskal kulturari egindako “ekarpen jori eta agortezinagatik”
Abadia Saria jaso du Ruper Ordorikak, euskarari eta euskal kulturari egindako “ekarpen jori eta agortezinagatik”
Abadia Saria jaso du Ruper Ordorikak, euskarari eta euskal kulturari egindako “ekarpen jori eta agortezinagatik”
• “Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza eta hizkuntza muga berrietara zabaldu du Ruperrek”, aitortu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, sari emate ekitaldian • Euskalgintzako eta euskal kulturgintzako ordezkaritza zabala elkartu da gaur Tabakalerako prisma aretoan, musikari oñatiarraren ekarpena txalotu asmoz
Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari eta abeslari oñatiarrak gaur arratsaldean jaso du Donostiako Tabakaleran aurtengo Abadia Saria, dagoeneko lau hamarkadaz euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako “lana eta ekarpen jori eta agortezina” aitortu asmoz. “Asko eman diozu, ematen diozu, euskarari. Ematen diguzu euskal hiztunoi. 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietatik abiatuz, kantagintzaren eta rockaren soro zabalean, eman dizkiozu makina bat abesti eta hitz euskarari. Eta, horrekin batera, euskal kantagintza eremu berrietara eraman duzu, rocka nahiz kantu tradizionala uztartuz, nazioarteko nahiz hemengo musikariekin elkar hartuz, literatura eta artearekiko zubiak landuz. Askatasunez, sorkuntza prozesua eta hizkuntza bera, beti-beti, zainduz eta aberastuz”, adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Prisma aretoan elkartu den euskagintzako eta euskal kulturgintzako ordezkaritza zabalaren aurrean.
Diputatu nagusiak gogorarazi du Anton Abadiak zer nolako pisua eman zion kulturari, “hizkuntza bizirik mantentzeko” XIX. mendean hasitako ahalegin aitzindarian. “Abadiak josten asmatu zuen sokaren gaur egungo muturrean leku berezia” du Ruper Ordorikak, Mendozaren iritziz. Izan ere, gaineratu duenez, musikaren bitartez, “iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, euskaratik eta euskaraz”. “Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari”, gehitu du.
“Sorkuntzaren indarra lehen mailara ekarri”
Mendozaren esanetan, azken hamarkadetako emaitza positiboen ondoren, euskararen biziberritzean “atzerapausorik bizi ez dezagun”, asmatu beharrean gaude “erabileran eragiten”. “Bidegurutze horretan koordenatu berriak markatu beharko ditugu, elkarlanean eta modu partekatuan. Eta horien artean kokatu behar dugu euskaraz sortutako kulturari eman beharreko bultzada”, nabarmendu du, sorkuntza delako “hizkuntzaren errotari eragiten dion indarra”. “Sortzaileen hausporik gabe, hizkuntza bat bizi daitekeelako akaso bulegoetan eta ikasgeletan, baina nekez kale kantoietan, nonahiko pantailetan, taberna zuloetan edota gure seme-alaben ametsetan”, iradoki du.
Diputatu nagusiaren eskutik jaso du Abadia Sariaren oroigarria –Iñigo Aristegui Telloren Zazpi Petaloak eskultura– Ruperrek. Ondoren eskainitako hitzetan, gaurko “abagune bikaina” probestu nahi izan du “aurreko belaunaldiaren lana” goraipatzeko. “Hein handian haiengandik jaso nuen barru barrutik mintzo zitzaidan mundu bat, nire musika gustuekin bat egin zezakeena”, gogoratu du eta, gaineratu duenez, “izkutuan lortutako” diska haien bitartez, “euskal abeslari haiei esker emeki-emeki sartu nintzen kantutegi zaharrean eta gure jendearen berbetan eta doinuetan”.
Lore Jokoak erreferentzia gisa hartuta, Ruper Ordorikak Anton Abadia bera hartu du gogoan, herri kulturaren garrantzia azpimarratzeko. “Garbi zuen herri kulturak eta gurea bezalako hizkuntzak, laguntza antolatua behar dutela, kultura hegemonikoen eraketan gertatzen den bezala, mezenazgo bat, nahi baduzu”, gogoeta egin du. Euskarazko sorkuntzaren munduari begira jarrita, piramidearen oinarrian egon beharrean, “euskaraz sortu nahian duinki iraun ezinik dabilen egilea” piramidearen goiko bertizean kokatzen dela azaldu du. “Sortzaileari behar duen lekua eman behar zaio herri honetan”, gaineratu.
Ekitaldia amaitzeko, Ruperrek berak Zaindu maite duzun hori eta Izen zaharrak kantak eskaini dizkie bertaratu direnei, eszenatokian Xabi Etxeberri (biolina) eta Jose Cazaubon dantzaria lagun zituela, publikoan bertaratu diren guztien txalo zaparrada eraginez.
Bertan izan da erakunde ordezkaritza zabala, tartean Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Ezeizabarrena, eta Oñatiko alkatea, Izaro Elortza. Goizane Alvarez, Irune Berasaluze eta Felix Urkola diputatuek ordezkatu dute foru gobernua ekitaldian, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalekin batera. Euskalgintzaren eta kulturgintzaren alorreko hainbat aurpegi ezagunek ere Ruperren ekarpena aitortu nahi izan dute beren presentziarekin, Joseba Tapia musikaria eta Hiru Truku taldeko kide ohia, Joxemari Iturralde eta Karlos Linazasoro idazleak, edota Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria, kasu. Ruperren hainbat lagun eta aurpegi ezagunek kantagile oñatiarraren omenez landutako bideoan parte hartu dute, baita ere.
Diskografia zabala eta anitza
Ruper Ordorika Ezkurdia Oñatin jaio zen 1956.ean. Musika zalea betidanik, hamabi urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan, horien artean nagusiena Pott Bandaren sorreran, gerora kantariaren ibilbidean garrantzia handia edukiko zuena. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde.
Hautsi da anphora (Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak dagoeneko oso kritika onak lortu zituen, euskal kantuaren ordura arteko munduarekin alderatuz molde berriak jorratzen bazituen ere. Atxagaren Etiopia (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hau. Ordutik diskografia zabala eta anitza ondu du Ordorikak, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat musikarirekin elkarlanean.
Aurtengo edizio honetan etapa berri bat hasi du Abadia Sariak, beti ere sariari berari –eta, beraz, saritzen diren balioei– nahiz haren errekonozimendu publikoari garrantzia eta gogo berri bat eman asmoz. Izan ere, datorren urtean 25 edizio beteko ditu sari honek –Ordorikari emango zaionarekin, dagoeneko 24 aldiz banatu da–. Etapa berri horrek Abadia Saria are eta gehiago prestigiatzea eta garrantzia instituzional handiagoa ematea izango du xede. Euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntza berari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak eskainiz. Dagoeneko ideia edo jomuga berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari da Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza.
Anton Abadia Urrustoik euskararen sustatzaile gisa egindako ekarpen nabarmena kontuan hartuta, haren izena aukeratu zuen 1996an Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna aitortzeko saria ezartzeko garaian. Halaxe sortu zen Abadia saria, harrezkero bi urtean behin edo urtero eman izan dena eta Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritzak antolatzen duena. Arrasate Euskaldun Dezagun, Dionisio Amundarain, Karmele Esnal, Juan Zelaia, Juanba Berasategi, Imanol Urbieta, Joxerra Gartzia, Ixa Taldea, Kike Amonarriz, Ibon Sarasola edota Arantxa Urretabizkaia dira saria merezimendu osoz jaso duten izen ezagunetako batzuk. Azken bi edizioetan, berriz, Fagor Taldea eta Garabide elkarteak euskararen alde egindako lana izan dira aitortuak. Gainera, Abadia saria emateko ekitaldia euskararen alorreko elkarte eta eragileren topalekua ere izan da, urte hauetan guztietan.
5270