Abbadia Saria 2018
Abbadia Saria 2018
Ahotsak.eus-ek jaso du 2018ko Abbadia Saria, euskarazko ahozko ondarea eta herri hizkerak jaso eta hedatzen egindako lanagatik
“Gure aurreko belaunaldiak ezagutuz, haien bizipenak eta hizkera bera, gure burua, hizkuntza komunitate eta herri gisa, hobeto ezagutu eta aberastu egiten dugu”. Hitz hauek egin ditu gaur arratsaldean Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, 2018ko Abbadia Saria Ahotsak.eus webguneko lantaldeari emateko ekitaldian. Euskararen eta euskal kulturaren alorretako hainbat eragile eta ordezkariren aurrean, Olanok euskal kultura eta euskararen aberastasuna “belaunaldi berriei transmitzeko beharra” nabarmendu du. “Lan horretan berebiziko garrantzia du gure aurreko belaunaldien ahozko ondarea jaso eta zabaltzeak”, diputatu nagusiak azpimarratu duenez.
"Ikuspegi askotik proiektu baliotsua da Ahotsak.eus, euskal gizarterako eta euskararentzako berarentzako. Euskaraldian murgilduta gabiltzan honetan, euskararen erabilerari bultzada emateko kezka eta ardura historikoa dugun honetan, ez dago soberan euskararen ahozko ondareari erreparatzea. Kalean euskara bizi-bizi erabiltzeko, esan-indarra duten hitz eta esamoldeak behar ditugu. Etengabe berritzen ari den aberastasun hori, Ahotsa.eus-i esker, guztion eskuragarri dago, herritar, euskaltzale, ikerlari nahiz sortzaile”, goraipatu du Olanok.
“Gure aurreko belaunaldien ahozko ondarea zabaltzeak berebiziko garrantzia du euskararen transmisioa eten ez dadin"
Horregatik guztiagatik, Foru Aldundiko jauregian egindako ekitaldian, diputatu nagusiak “aitortza osoa” adierazi dio Ahotsak.eus-eko lantaldeari, ondare hori guztia “auzolanean” pilatzen eta lantzen ari delako, tokiko elkarte eta erakundeekin etengabeko elkarlanean. “Gainera, teknologiaren indarra eta berritasuna probestu dituzue ondare atzemangaitz bat jasotzeko erraz eta aise, gero modu librean lau haizetara zabaltzeko”, laburbildu du.
Ahotsak.eus-ek fondo aberatsa landu eta argitaratu du. 2004az geroztik, Euskal Herri osoko 350 herritako 5.800 lagunen ahozko testigantzak jaso dituzte, orotara 51.000 bideotan. Saria jaso dute, lantaldearen izenean, Izaskun Gastonek, Irati Lizeagak, Aintzane Agirrebeñak, Idoia Etxeberriak, Arianne Unamunok, Asier Sarasuak eta Haizea Odriak.
Ahozkotasuna eta hizkuntzaren transmisioa ardatz izan dituen ospakizunean, Arrate Rodriguez artista errenteriarrak okasiorako propio egindako artelana jaso dute Ahotsak.eus-eko ordezkariek. Jone Miren Hernandez epai mahai buruak adierazi duenez, webguneak merezimendu osoz jasoko du saria “euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik”.
Ainara Ortega aktore eta abeslariaren ahotsak eta musikak girotu duen ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek. Bertatik bertara jarraitu dute sari-ematea Eider Mendozak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, eta Imanol Lasak, Gobernantza eta Herritarrekiko Komunikazioko diputatuak. Aurreko ekitaldietako saridun Kike Amonarriz, Ibon Sarasola eta Antton Olariaga ere, besteak beste, publikoaren parte izan dira
3298