Abenduak 13, Santa Lutzi Feria 2024
Abenduak 13, Santa Lutzi Feria 2024
ABENDUAK 13, SANTA LUTZI FERIA 2024
Erdi arotik datorren Santa Lutzi Feria gaur egun ere merkatu bizia da. Urretxu eta Zumarragako udalak ahalegin handia egiten ari dira lehen sektorea eta bertako komertzioa bultzatzeko, salerosketak indartzeko… Feriak bertako produktu eta erosleez gain kanpokoak ere erakartzen ditu gure herriotara, gure mugetatik haratago zabaltzen da aukera berriak sortuz.
Santa Lutzi Feria herri bien artean egin ahal izateak aberastasuna besterik ez dio ematen ehunka urteko tradizioa dakarkigun festari. Feria hau, kulturak biltzeko ahalegin gisa sortu zen, eta horretarako merkataritzaren elkartrukeaz baliatu ziren gure aurrekoak.
Teknologia eta internet bidezko erosketak nagusitzen ari diren aro berri honetan, Santa Lutzi bezalako feriek ekoizlea eta eroslea zuzeneko harremanetan jartzeko ahalmenari eusten diote. Produktua sortu eta egin duenak zuzenean eskaintzen dio bezeroari, aurrez aurreko topaketan, bitartekaririk gabe, baina aro eta ohitura berriei ere bizkarra eman gabe. Feriak benetako zentzua izan dadin truke nahiz salmentarako gunea izan behar du, topagunea eta saltoki bizia eta modernoa, tradizioa eta aro digitala uztartuz.
Feriaren barruan sariketa ezberdinak antolatzen dira alor ezberdinen inguruan, hala nola, zaldiak, fruituak, barazkiak eta sagarrak. Gainera azokako produktu ugari eta artisau erakusketa ezberdinak aurkitu daitezke bi herriak batzen dituen feria gune zabalean.
Azokaren inguruan ere kultur eta kirol ekintzak antolatzen dira besteak beste: musikarien kalejirak, herri kirolak, argazki rallya edota pilota partidak.
URRETXUN:
ARDO DASTAKETA, EZTI LEHIAKETA ETA TXEKOR ERREA PROTAGONISTA
Egun hauetan Urretxu berezi egiten duen ekintzarik bada, ekintza propiorik, hori Ardo Azoka eta Arabako Errioxako urteko ardoaren dastaketa dira. Izan ere, 31 urte beteko ditu aurten ardo feriak eta goraipatzekoa da Arabako Errioxako upategiek eta ardoek bakarrik parte hartzen dutela ekitaldian.
Abenduaren 12an, azoka irekieraren ondoren, ardo dastaketaz gozatu ahal izango dugu, 19:00etan, Udaletxeko Portaloian. Manuel Ruiz enologoak zuzentzen duen dastaketan, Errioxako Urteko Ardoa baino ez da onartzen. Aurten ere Mikel Garaizabal enologo ezaguna ere arituko da Manuel Ruizekin elkarlanean.
Ekitaldiei begira, aurtengo berritasuna ikuskizun solidario gisa datorkigu, izan ere abenduaren 12tik abenduaren 13rako gauean Urretxuko Labeaga kalean 16 orduz txekor bat erreko da. Hurrengo egunean, abenduaren 13an, goizeko 11:00etan hasita, txekor horren pintxoak dastatu ahal izango dira toki berean. Jasotako dirua irabazteko asmorik gabeko “Marea Urdina” elkartearentzat izango da. Ekintza honekin bi apustu sendo egin dira: bata, bertako produktuaren aldekoa, txekorra Euskolabelekoa izango delako Hazi Fundazioaren laguntzarekin eta bestea, solidaritatea bultzatzearena, baita festa giroan ere.
Nola ez, jarraian ohikoak diren ekintzak izango ditugu: 12:30ean, Herri Kirol saioa Ederrena pilotalekuan eta Artzain txakur eta ardien erakustaldi komentatua Zubimusu plazan. Horren atzetik, 17:00etan, profesionalen arteko pilota partiduak izango dira Ederrena pilotalekuan, Bakaikoa–Lizeaga eta Murua-Erostarbe promoziokoan eta Jaka-Imaz eta Artola-Mariezkurrena II binakako txapelketan.
Urretxun Eztia ere protagonista izaten da Santa Lutzi egunean. Abenduaren 13an, eskualdeko ezti lehiaketa egingo da bertako ezti elkartearekin elkarlanean.
Kalea girotzen, 19:00etatik aurrera, erromeria Urretxuko-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan.
ZUMARRAGAN:
· Abere sariketa geroz eta indar gehiago hartzen ari da. Urtetik urtera gehitzen doaz sariketara aurkezten diren buruak hala nola salmentarako ekartzen dituztenak.
· Makinaria edo lanerako tresneriak ere bere gunea dauka gure ferian.
· Fruta eta barazkiak ere bere garrantzia dute, gure eskualdeko baserritarrak, larunbatetako azokaz gain beraien egunerokoan egiten duten lana ikusteko aukera ere bada.
· Artisauen lana ere lehenesten da eta bertan beraien produktuak nola egiten dituzten ikusteko aukera izango da.
· Eta eguna amaitzeko idi probak izango dira Euskadi plazan.
3801