Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Abiaturen 62 mila erabiltzailek baino gehiagok beren gailuak aldatu beharko dituzte

Abiaturen 62 mila erabiltzailek baino gehiagok beren gailuak aldatu beharko dituzte

Abiatu 2.0 berriak egungo gailuaren abantaila eta deskontu guztiak mantentzen ditu eta Frantzia osoan erabili ahalko da.

2020/02/19

Datorren astelehenean, otsailak 24, Bidegi foru agentziak sistema eragile osoa aktibatuko du, Abiaturen 62.600 gailu baino gehiago berritzeko eskaerei erantzuteko; izan ere, erabiltzaile horien gailuak iraungi egingo dira 2020aren amaieratik 2021eko martxora bitartean.  Prozesuak 2015ean jaulkitako Abiatu gailuei eragingo die; hau da, operatibo dauden 97.000 gailuen % 65i. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak aurreratu duenez, Abiaturen erabiltzaile guztiek gailu berriari buruzko informazioa jasoko dute etxean, baita Abiatu 2.0 berriagatik aldatzeko eman beharreko pausoei buruzkoa ere.  "Aldaketa beharrezkoa da, gailuen bizitza erabilgarria 6 urtekoa baita. Abiatu 2.0 berriak egungo gailuaren abantaila eta deskontu guztiak mantenduko ditu, eta, gainera, Frantziako autobide guztietan eta Via T-ari atxikitako aparkaleku frantziarretan erabili ahal izango da", aurreratu du Oiarbidek. Gaineratu du aldaketak ez dakarrela inolako kosturik, eta mantentze tarifak urtean 7 eurokoa izaten jarraituko duela.

Bide Azpiegituretako diputatuak Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendariarekin egin duen agerraldian, Aintzane Oiarbidek adierazi du, berritze prozesua garaiz eta pixkanaka egin ahal izateko, Bidegi datorren astelehenean hasiko dela erabiltzaileei gutun informatibo bat bidaltzen, eskaera prozesua hasteko gonbita eginez eta horretarako dituzten bideak zein diren azalduz. "Erabiltzaileek Bidegiren webgunean sartu beharko dute (abiatu.bidegi.eus), beren profilean; hor, oso modu erraz eta intuitiboan, beren datuak eguneratu behar dituzte, eta tramiteak egin. Bidegik Aritzetan dituen bezeroentzako arreta zerbitzuetan ere egin ahal izango dira", adierazi du diputatuak. "Gailua iraungiko zaien 62.000 erabiltzaileri baino gehiagori lehentasuna eman arren, Bidegik Abiatu 2.0 berria lortzeko eskaera guztiak artatu eta tramitatuko ditu. Gailu berria entregatzeko aurreikusitako epea lau astekoa da, eskaera egiten den egunetik hasita".

Online izapidea egin ondoren, erabiltzaileek doan jaso ahal izango dute gailua Bidegik Aritzetan dituen Bezeroen Arretarako Bulegoetan edo etxetik hurbilen duten postetxean. Etxean bertan ere jaso ahal izango da, entregatzeagatik euro bat ordainduta", adierazi du Bidegiko zuzendariak.  Oiarbidek azpimarratu du gailu zaharra itzuli egin beharko dela: "Gailu berria jasotzean, zaharra entregatu egin behar da, edozein ordainlekutan edo Aritzetako bulegoetan. Zaharra hilabeteko epean itzultzen ez bada, 36 euroko urteko kargua aplikatuko zaio, itzuli arte".

Diputatuak gogorarazi duenez, Abiatu gailuaren erabilera derrigorrezkoa da Irungo ordainketa-estazioetan eta Bidegi Oinaurren eraikitzen ari den irteera/sarrera berrian, eta derrigorrezkoa izango da, baita ere, A-636 errepidean, 2021ean Deskargako autobideko bidesaria indarrean jartzen denean.

2015ean indarrean sartu zenetik, Abiatu da AP-8 eta AP-1 autobideen erabiltzaile gipuzkoarrei indarrean dauden deskontuak eta hileko gastu-mugak (32,24 € Gipuzkoarentzat eta 47,63 € Bizkaia eta Arabarentzat) eskuratzeko aukera ematen dien gailu bakarra.

Beherapen progresiboak lehenengo sei bidaien ondoren hasten dira, eta % 25etik -lehen zortzi bidaietan- % 75era doaz -21. bidaiatik aurrera-. "Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako deskontu politika horren ondorioz, erabiltzaileek 26 milioi euro baino gehiago aurreztu dituzte 2019an egindako joan-etorrietan", adierazi du Oiarbide diputatuak.

Bide Azpiegituretako diputatuak Abiatu 2.0 gailuak gipuzkoar guztiei eskaintzen dizkien abantailak azpimarratu ditu, bai Gipuzkoako autobideetan, bai estatukoetan, Frantzian eta Portugalen: autobideak eta aparkalekuak Abiaturekin ordaindu ahal izango dira, aparteko kargurik gabe".

  

3549