Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Abuztuaren 1ean hasiko da 2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Abuztuaren 1ean hasiko da 2022ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa

“Gipuzkoa mugimenduan” da aurtengo gaia eta lehiakideek bi hilabete edukiko dituzte beraien lanak bidaltzeko. 4.000 euro banatuko dira saritan.

2021/07/20

Abuztuaren 1ean, igandea, jarriko da martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketaren bostgarren edizioa. Aurreko edizioetako ohitura jarraituz, lehiaketa hau irabazten duten lanek osatuko dute foru erakundearen 2022eko egutegia. “Gipuzkoa mugimenduan” da aurtengo gaia; honek, Gipuzkoa lurralde aktiboa eta beti etorkizunera begira dagoen lurraldea dela irudikatzea du helburu.

Hala, Eider Mendoza, Gobernantzako diputatuak azpimarratu nahi izan duenez, “COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak ia Gipuzkoa eta mundu osoa gelditu zuen. Orduan ohartu ginen mugimenduak gure bizimoduan daukan garrantziaz. Esaera ospetsuak esaten duen bezala, galdu genuenean ohartu ginen bere garrantziaz”. Horrela, gai eta lehiaketa honen bidez, “Gipuzkoako Foru Aldunditik eskerrak eman nahi dizkiegu mugimendu honetara bueltatzea ahalbidetu zuten pertsona guztiei, hau da: gu zaintzeko pandemia garaian gelditu ez zen orori”. Mendozaren ustez, gainera, egutegi honek leku berezi bat edukiko du gipuzkoarren bihotzetan, orain “denok dakigu-eta zenbat galtzen dugun mugimendurik gabe”.

Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana.

Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta, nola ez, Gipuzkoa mugimenduan irudikatzen dutenak.

Foru Aldundia herritarrekin tresna eta komunikazio bide berriak finkatzeko egiten ari den apustuari jarraituz, sare sozialek garrantzi handia dute lehiaketa honetan. Horrela, lanak bidaltzeko modu bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren Facebook-eko orrialdearen bidez izango da (https://www.facebook.com/Gipuzkoa/ ). Bertan, “Egutegia 2022” atalean igo beharko dira argazkiak, eskatzen diren datuak betetzeaz gain. Instagram eta Twitter ere erabili ahal izango dira lehiaketan parte hartzeko. Kasu hauetan, argazkiak #GipuzkoaMugimenduan traolarekin publikatu beharko dira. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren web-ean ere izango da aukera argazkiak bidaltzeko (https://www.gipuzkoa.eus/eu/argazki-lehiaketa ).

Baldintza guztiak betetzen dituzten lanak ikusgarri egongo dira lehen aipatutako Fecebook-eko orrialdean. Bertan, lehenengo, “Egutegia 2022” atalean sartu behar da, eta, ondoren “Lehiaketako argazkiak ikusi-n” egin behar da klik. 

Lanak aurkezteko epea igandean, abuztuak 1, irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Argazkiak TIFF edo JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, alde txikienak gutxienez 3.000 pixel dituelarik, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da eta onartua dago argazkiaren originaltasunarekin jolasten duten bestelako ukituak erabiltzea (elementuak jarri edo kentzeko, hainbat argazki nahasteko, etab.)”.

Parte-hartzaileek ziur egon beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla, baita perfil aktibo batetik bidaltzen direla ere. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak.

 

Argazki sarituen hautaketa

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako epaimahaiaren ardura izango da argazki guztiak ikusi eta baloratzea, baita lehiaketako oinarriak betetzen ez dituzten horiek ezabatzea ere. 

Ondoren, 13 argazkirik onenak aukeratu beharko dituzte. Horretarako, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana hartuko dituzte kontuan. Urrian emango da lan irabazleen berri, eta hilabete horretan bertan egingo da sari banaketa. Era berean, erakusketa bat egingo da Gipuzkoako Foru Aldundian abenduan, lan sarituak ezagutzera eman eta beren balioa aitortzeko. Urtero legez, abenduaren 21egingo da egutegi inprimatuaren banaketa Foru Aldundian.

Iazko lehiaketan 1.115 lan aurkeztu ziren. Foru Aldundiaren egutegia ekimen ezaguna da eta arrakasta handia izaten du; iaz 10.000 aletik gora banatu ziren doan herritarren artean. Gobernantza departamentuko foru diputatu Eider Mendozak “gipuzkoarrei zabalduta” dagoen ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Hala ere, aipamen berezia egin die emakumeei: “egin ditugun edizio guztietan emakumeen partaidetza gizonezkoena baino askoz baxuagoa izan da. Horregatik, lurraldeko emakume argazkizale eta profesional guztiak animatzen ditut parte hartzera, jakin badakigu eta argazkilaritza maila oso altua dagoela emakumeen artean ere”.

  

2386