Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Neguko Bidezaintza Plana aktibatu da, eta datozen egunetan zehar luzatuko dela aurreikusten da

Neguko Bidezaintza Plana aktibatu da, eta datozen egunetan zehar luzatuko dela aurreikusten da

Salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunei errepideen erabileragatik kanona ordaintzen hasteko data onartu du Kontseiluak: astelehena 23.

Gurpil bat elurretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du gaur, kanpaina honetan lehen aldiz. Plana eguraldiaren bilakaeraren arabera hedatuko da, Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur jakinarazi duenez. Horrela, eta Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eredu meteorologikoek adierazitakoari jarraiki, elur kota jaisten hasiko da gaur, eta, beraz, koordinazio-taldeak eta teknikariak lanean eta dispositiboa prestatzen ari dira, aurreikusitako denboralearen bilakaera ikusita. Operatiboaren arabera, guztira 87 kamioi daude erabilgarria, eguraldiaren bilakaeraren arabera erabiliko direnak, eta 11.400 tona gatz daude, 39 biltegitan banatuta, beharrezkoak izanez gero.

Zuhurtziaz jokatzeko deia eginez eta, batez ere, kontuz ibiltzeko eskatuz, Aldundiko bozeramaileak gogorarazi du horrelako aurreikuspenen aurrean zentzuzkoena dela ibilgailua behar-beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzea, “aldez aurretik jardutea eta ibilgailua egoera onean eta baliabide egokiekin dagoela ziurtatzea”. Diputatuak dei hori luzatu die bereziki ibilgailu astunetako gidariei, eta gogorarazi du elurra eginez gero guztiz debekatuta dagoela ezkerreko erreitik aurreratu eta zirkulatzea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten.

Neguko Bidezaintza Plana aktibatzen da Euskal Meteorologia Agentziak izotz-abisuak igortzen duenean edozein altueretan edota elur abisua 1.000 metroko kotatik behera. Planak Aldundiaren eta Bidegiren 87 kamioi ditu gaur egun, eta horiei, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen edukiera handiko garabiak gehituko zaizkie. Garabi horiek ibilgailu astunen batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko dira. Era berean, 11.400 tona gatz daude lurralde osoan zehar 39 biltegitan banatuta.

Erakundeen arteko koordinazioa izango da Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako funtsezko elementua. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, Bidegirekin, Gipuzkoako suhiltzaile-etxeekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Ertzaintzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Arabako eta Bizkaiko aldundiekin lankidetzan jardungo du. Gainera, AP-8, AP-1 eta A-636 errepideetarako Bidegiko neguko bide-dispositiboan bi zentro daude. Bata, AP-8an, Zestoa-Zumaiako sarreran, eta bestea, Bergarako iparraldeko sarreran, AP-1 eta A-636 errepideen beharrei erantzuteko. Bi zentroek kokapen egokia dute makinek ahalik eta lasterren erantzun ahal izan diezaieten gure autobideen beharrei.

Ibilgailu astunen kanona

Diputatuen Kontseiluak, gaurko bileran, Gipuzkoan A-15 eta N-I errepideetan salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunek bide hauek erabiltzeagatik kanona ordaintzen hasteko data finkatzea onartu du. Zehazki, astelehenean, hilak 23, hasiko dira kanalizatutako bidesaria kobratzeko estazioak kanon berria kobratzen. Horrela, bidesari berria lurraldeko gaitasun handiko sare osoan jada ezarrita daudenei batuko zaie, Foru Arau berria betez, N-I eta A-15 errepideen Gipuzkoako tarte guztiak barne hartzen dituena.

Era berean, ibilgailu astunentzako bidesari berriaren kobrantza indarrean sartzen denean, deskontu-plan berria osorik hedatuko da. Bi deskontu-mota daude: motor eraginkorrak dituzten kamioiek eta garabiek deskontuak izango dituzte tarifaren % 15etik % 25era, motorraren tipologiaren arabera. Beherapen horri maiztasunaren araberako deskontua gehituko zaio urrian, % 13rainoko deskontuak aurreikusten baititu.

  

3034