Itxaso Gipuzkoako enpresa ehunarekin bildu da feria eta biltzarren arloan Gipuzkoako lehiakortasun turistikoaren hobekuntza adosteko
Itxaso Gipuzkoako enpresa ehunarekin bildu da feria eta biltzarren arloan Gipuzkoako lehiakortasun turistikoaren hobekuntza adosteko
Itxaso Gipuzkoako enpresa ehunarekin bildu da feria eta biltzarren arloan Gipuzkoako lehiakortasun turistikoaren hobekuntza adosteko
Turismoko Foru Departamentuaren eta Adegiren lan-jardunaldia
Aldundiak sektorearen profesionalizazioa eta sortzen duen enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna azpimarratu ditu
Aldundiaren Kultura eta Turismo Sailak, ADEGIrekin batera, gogoeta-jardunaldi bat antolatu du Gipuzkoako turismoari, horren nondik norakoari eta ekonomian eta herritar gipuzkoarren bizitzan duen garrantziari buruz, eta turismoak administrazio publikoei zein Gipuzkoako gizarte zibilari planteatzen dizkion etorkizuneko erronkez.
Topaketan parte hartu dute, besteak beste, Kultura eta Turismoko diputatu Denis Itxasok, Turismoko zuzendari Maite Cruzadok eta Adegiko Elkarte Sektorialetako zuzendari Paul Liceagak, eta sektoreko enpresa-ordezkari askok.
Sektore horretako arduradun publiko eta enpresarialen arteko topaketaren helburua izan da, lehenik, lehen eskutik jakitea zein den lurraldeko turismoaren egungo diagnostikoa eta egoera eta, bigarrenik, Aldundiak abian jarri nahi dituen proposamenak analizatzea eta horiei buruz gogoeta egitea, sektore pribatuarekin dauden lankidetza-bideak arakatzeko. Horien artean, Itxasok lehentasuna eman die sektoreko enplegatuen profesionalizazio-mailak areagotzeari eta sortzen duen enpleguaren kalitatearen hobekuntzari. Hori guztia eskaintzen diren zerbitzu turistikoen kalitatea ziurtatzeko eta turismoak sortzen duen aberastasuna lurraldean zein gizartean ahalik eta modu orekatuenean banatzeko.
Jardunaldian zehar, Gipuzkoan arrazoi profesionalengatik agertzen diren bisitarien MICE turismoari beste bultzada bat emateko premia azpimarratu da. Sektore turistikoak duen urtarokotasun handia orekatzeko tresnarik hoberena feria eta biltzarren merkatua indartzea da, lurraldea ekipamenduz ondo hornituta egon dadin. Horretarako, nahitaezkoa da estrategia publiko eta pribatuak ezartzea, Gipuzkoarekin lehian dauden beste helmuga batzuen aldean lehiakortasuna irabazteko.
Turisten joan-etorri gero eta konstante eta gorakorraren aurrean, zenbait gertaera egiazta daitezke: Donostia turistak erakartzeko erreferente nagusia dela; hazkundea desberdina dela edo abiadura bikoitza duela kostaldearen eta barnealdearen artean; lurraldeko ostatu-gauen kopuruak marjina duela hazkunde esponentzial baterako, eta turismoak urtarokotasun-izaera handia duela.
Aldundiaren ikuspegitik, Gipuzkoak turismo-arloan duen erronkarik handiena turismo-eredu iraunkor eta orekatuagoa lortzea da, kalitatean, gure gizartearen, ingurumenaren eta kulturaren arloko ingurunean oinarritua. Lurraldean aberastasuna eta oparotasuna sortuko dituen eredu bat, aldi berean lagungarri izango dena Gipuzkoako lurraldearen eta gizartearen kohesiorako. Beraz, Aldundiak turismo-arloan dituen politikak ezin dira oinarritu Gipuzkoa helmuga gisa sustatzean soilik; horrez gain, kudeaketa-tresnez hornitu behar dira, turismoa eredu orekatuago baterantz behar bezala egokitzeko.
Ildo horretan, hauek dira foru-erakundeak turismo-arloan eztabaidagai jarri nahi dituen proposamenak:
Sustapena
Gipuzkoa sustatzeko irudi bat garatzea, Donostia markaren ingurukoa. Donostia eskualdea arakatzen duena, eta Donostia udalerri bat baino gehiago dela eta bere balioak lurralde osoan zehar ere badaudela adierazten duen ideia transmititzeko.
Gipuzkoa helmuga turistikoaren diseinua, baliabide eskuragarrien eta horiek merkaturatzeko balioaren garrantzia azpimarratuko duena. Gastronomia, kultura eta paisaia. Hori guztia kalitatea izendatzaile komuntzat hartuta.
Turismoaren desestazionalizazioa, kirol-ekitaldiak, enpresa-topaketak eta asteburuko biltzarrak eta joan-etorriak (MICE turismoa) urte osoko ekitaldi gisa sustatuta.
Donostian turismo bulego bat sortzea, Gipuzkoako lurraldearen erakargarri turistikoak ezagutaraziko dituena eta lurraldean txangoak eta bisitaldiak dinamizatuko dituena, Donostiara iristen diren turistek gure lurraldean egingo duten egonaldia luzatzea erabaki dezaten.
Barnealdeak, bereziki nekazaritza-turismoak ostatu hartzeko eskaintzen dituen aukerak sustatzea eta bultzatzea.
Sare sozialak eta blogak erabiltzea, lurraldea helmuga turistiko gisa behar bezala sustatzeko.
Nazioko eta nazioarteko turismoko feria eta foroetan erakutsitako balioekin nabarmena eta koherentea den presentzia lortzea.
Kudeaketa
Turismoaren mahai bat sortzea, eskualdeko bulegoek eta departamentu eta erakunde publikoek zein sektore turistikoarekin lotutako eragile ekonomikoek osatua, aldizka bilerak egingo dituena ekimen publiko eta pribatuen jarraipena egiteko eta sektorearen lehiakortasuna eta profesionaltasuna hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzarekin komunikazio eta lankidetzarako bideak ezartzea, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldean biltzar publikoak egiteko estrategia orekatu bat abian jartzeko.
Eskualdeekin lankidetzan aritzea eta beren eskaintza Gipuzkoa helmugan merkaturatzen eta integratzen laguntzea.
Turismo iraunkorrari buruzko Europako mailako hitzarmenak sinatzeko kudeaketak egitea, turismo iraunkorrari eta bikaintasuneko helmugei buruzko EDEN sarea baliatzea, eta GEOPARKEA turismo iraunkorrerako espaziotzat jotzea.
Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin lankidetza-esparru bat sortzea, aukera emango duena MUGI txartela ekitaldi turistikoak sustatzeko eta, aldi berean, turistek garraio publikoaren erabilera egitea bultzatzeko.
1684