Adinberri Silver Forum-aren lehen edizioa “balantze ezin hobearekin” eta parte-hartze arrakastatsuarekin amaitu da
Adinberri Silver Forum-aren lehen edizioa “balantze ezin hobearekin” eta parte-hartze arrakastatsuarekin amaitu da
Adinberri Silver Forum-aren lehen edizioa “balantze ezin hobearekin” eta parte-hartze arrakastatsuarekin amaitu da
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik antolatutako nazioarteko azoka eta biltzarrak 900 profesionaletik gora eta 40 enpresa bildu ditu Zilarrezko ekonomiari buruzko Euskadiko lehen foroan
Adinberri Silver Forum-ek, Euskadiko Zilarrezko Ekonomiari buruzko lehen nazioarteko foroa balantze “ezin hobearekin” eta parte-hartze oso arrakastatsuarekin amaitu zen atzo. Hala, Gipuzkoa eremu horretan indartzea lortu da, helburu nagusi honekin: "adinekoen bizi-kalitatea hobetzea, zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruan dugun estrategia indartuz, eta, aldi berean, Gipuzkoak duen ahalmen berritzailea erakutsiz". Horrela laburbildu du Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak ehunka profesional, nazioarteko adituak, gizarte-erakundeak eta enpresak bildu dituen topaketa.
900 pertsona baino gehiago bildu dira asteazken eta ostegun honetan, azaroaren 8an eta 9an, Kursaal Kongresu Jauregian; guztira 22 hitzaldi, 6 mahai-inguru eta 40 enpresa bildu dituen azoka batean, non zahartzearen arloko azken teknologiak eta berrikuntzak azaldu diren.
Adinberri Silver Forum-en parte hartu duten pertsonen %39 sektore soziosanitariokoak dira, %22 ezagutzakoak –hala nola zentro teknologikoetakoak eta hezkuntza-zentroetakoak–, %19 administrazio publikoetakoak, %13 hirugarren sektorekoak eta % 7 finantza-arlokoak. Bi jardunaldi horietan "demo" tailerrak egin dira, eta horiek ere erabat betetzea lortu da. Eskaintzaren eta eskariaren arteko 500 "one to one" bilera baino gehiago ere egin dira.
Era berean, diputatuak gogorarazi du foroa ez dela soilik profesionalentzat izan. Izan ere, Adinberri Silver Forum-ek ateak ireki zizkien herritarrei ostegun arratsaldean, arrakasta handiarekin gainera, 800 pertsona inguru sartu baitziren zahartze osasungarriaren munduko erakusketa-eremua bisitatzera eta María Jesús Álava psikologo kliniko eta idazlearen hitzaldi magistral batez gozatzera, bai eta ondorengo mahai-inguru batez ere. Mahai-inguru horretan, María Jesús Álavarekin batera, Hilario Arbelaitz sukaldaria, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Fernando Romay saskibaloi-jokalari ohia izan ziren.
Maite Peñak, nazioarteko foro honetan parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak emateko mezu batekin batera, nabarmendu du topaketa irekia eta parte-hartzailea izan dela. "Zahartzearen erronkak, oso zabala eta konplexua izateaz gain, modu batean edo bestean gizarte osoari eragiten digu, eta funtsezkoa da, eremu profesionala ez ezik, adinekoak, haien familiak eta komunitate osoa ere inplikatzea", zehaztu du.
"Adinberri Silver Forumak bete-betean asmatu du eta, zalantzarik gabe, silver ekonomiari bultzada berri bat emango dio. Izan ere, Gipuzkoan BPGaren %5,5 da zilarrezko ekonomia, 1.472 milioi euroan balioesten dena, eta 31.000 enplegu baino gehiago ematen dituena. Era berean, Foru Aldundiak zahartzearen inguruan duen estrategiari beste
bultzada bat emateko eta lurraldeak arlo horretan duen ahalmen berritzailea erakusteko balio izan du", ondorioztatu du diputatuak.
1386