Adinberrik 24 proiektu berritzaile bultzatu ditu zainketen arloan aurrera egiteko
Adinberrik 24 proiektu berritzaile bultzatu ditu zainketen arloan aurrera egiteko
Proiektuak 2022tik 2024ra bitartean garatzen ari dira, eta 2 milioi euroko bultzadarekin, silver economy-n eta zainketen eremuan sakontzeko ekimenak aktibatu dira.
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite peña Gizarte Politikako diputatua
Gaur goizean, Adinberri Fundazioaren egoitzan, Adinberri 2022-2024 laguntza-deialdian hautatutako 24 proiektuak aurkezteko jardunaldi bat egin da. Bi milioi euroko aurrekontuarekin, Adinberrik bultzatzen dituen bi ildoen helburua da, alde batetik, silver economy-ren eremuan aukera berriak bultzatzeko proiektuak sustatzea, eta, bestetik, adinekoen zaintza hobetzera bideratutako proiektu berritzaileak sustatzea. Ildo horretan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Gipuzkoak zahartzearen eremuan duen potentziala azpimarratu du, fenomeno horri heltzeko modua eraldatzen ari dena. “Adinberrik lurraldea aktibatu du, hirugarren sektoreari lotutako eragileetatik hasi eta ezagutzaren eta berrikuntzaren eremuetaraino, eta alde bakoitza soluzio berritzaileen bilaketan konprometitu du”.
Hautatutako 24 proiektuen aurkezpenean, diputatu nagusiak, Rakel San Sebastián Adinberri Fundazioko zuzendariak eta Jabier Larrañaga eta Maite Peña Ekonomia Sustapeneko eta Gizarte Politiketako diputatuek lagunduta, lurraldea zahartzearen eta zainketen eremuan ematen ari den aldaketa nabarmendu du: “Guztion artean, adinekoak eta mendekoak artatzeko modua eraldatzen ari gara, eta, aldi berean, potentzial handiko sektore ekonomiko berri bat sustatzen ari gara. Gipuzkoako potentzial berritzailea zahartze osasuntsuaren zerbitzura jartzeko helburuarekin abiatu zen Adinberri, eta hori da, hain zuzen ere, laguntza lerro honen helburua", defendatu du diputatu nagusiak.
Hain zuzen ere, Adinberriren laugarren laguntza-deialditik bultzatutako bi ildoek zahartze osasuntsuan eta industriaren lehiakortasunean eragina izan dezaketen proiektu berritzaileak garatuko dituzte eremu horretan, adinekoen ongizatea hobetzeko helburu komunarekin. Hala, Adinberritik bultzatutako lau deialdiei esker, zahartze osasuntsuaren arloan 80 proiektu berritzaile babestu dira gaur arte, 5.275.000 euroko zuzkidura metatuarekin. Gaurko ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Gipuzkoan kokatutako enpresa eta elkarteek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko erakundeek, hirugarren sektoreko erakundeek, kooperatibek, ikastetxeek, udalek, tokiko garapen-agentziek eta mankomunitateek.
2022tik 2024ra bitartean, hautatutako 24 proiektuak garatzen ari dira. Proiektu horien helburua da zainketen tokiko ekosistemak, zainketen berrikuntza sustatzeko esperientzia pilotuak, zaintzak pertsonalizatzeko prestakuntza eta tresna digitalak, prebentzioa, zahartze osasungarria, aktiboa eta bizitza betekoa garatzea. Gainera, prebentziorako, zainketetarako eta etxea egokitzeko zerbitzu soziosanitario berriak sustatzeko proiektuak babestu dira, baita turismorako eta aisialdi seniorrerako laguntza teknikoak ere.
Diputatu nagusiak oso balorazio positiboa egin du proiektuen ibilbideari buruz; izan ere, “esperimentazioaren alde egiteak zahartzeari lotutako ezagutza aurreratua lortzeko aukera ematen digu”. Olanok, amaitzeko, nabarmendu du zer-nolako ekarpen izugarria egiten duten gure zaintza-ereduaren trantsizioan bultzatutako proiektuek. Gipuzkoan garatzen ari garena, Gipuzkoa 2020>2030 Agendari esker, lurralde osoak partekatzen duen ibilbide-orri bati esker. Gainera, erantsi du: “Jarduketa-ardatz nagusiak partekatzen ditugu: zainketen pertsonalizazioa, parte-hartzea, berrikuntza eta komunitatearekiko lotura”.
2794