Adinekoen egoitza bateko erabiltzaile batek positibo eman du COVID-19an, prebentziozko baheketa batean
Adinekoen egoitza bateko erabiltzaile batek positibo eman du COVID-19an, prebentziozko baheketa batean
Adinekoen egoitza bateko erabiltzaile batek positibo eman du COVID-19an, prebentziozko baheketa batean
92 urteko emakume bat da, sintomarik gabea, eta Eibarko ospitalera eraman dute
Azken egunetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan egin diren prebentziozko PCR probetan, erabiltzaile batek eman du positibo COVID-19an, lurraldeko egoitza zentroen sarean. Sintomarik ez duen 92 urteko emakume bat da, eta Eibarko ospitaleko hirugarren solairura eraman dute, bertan erreferentziazko zerbitzu bat baitu Aldundiak, egoitzetan atzematen diren COVID-19 kasuak artatzeko.
Gizarte Politiketako Departamentuak gaur goizean eguneratu dituen datuen arabera, azken orduetan egiaztatu da kasu hau, uztailaren 3an COVID-19an positibo eman zuen azken gaixoa sendatu zenetik atzeman den lehena. Kasu positibo hori Donostiako Hermano Garate egoitzan diagnostikatu da, prebentzio baheketa bati esker. Egoitzan bizi diren edo lan egiten duten pertsona guztiei ere egin zaizkie PCR probak, eta bi langilek positibo eman dute horietan; gainerako erabiltzaileen eta langileen diagnostikoa negatiboa izan da.
Gizarte Politiketako Departamentuak, COVID-19aren aurkako Gizarte Zerbitzuen Txoke Planaren esparruan, Hermano Garate egoitza zentroa desinfektatu du. Era berean, paseatzeko irteerak mugatu egin dira egoitza horretan, eta haren instalazioetan dagoen eguneko zentroa itxita egongo da besterik esan artean.
Aldundiak gaur goizean eguneratu ditu COVID-19ak lurraldeko egoitza baliabideetan duen eraginari buruzko datuak. Gizarte Politiketako Departamentuak jasotako datuen arabera, hau da foru erakundeak kudeatzen dituen gizarte zerbitzuetako azken ordukoa:
- Gizarteratze sarean ez dago kasu positiborik oraindik. Aldundiak 54 baliabide ditu arlo horretan, 225 egoitza plaza eta 192 etxebizitza plaza guztira.
- Adingabeentzako egoitza zerbitzuetan ere ez dago kasu positiborik. Zerbitzu horietan 400 adingaberi ematen diete arreta.
- Adinekoen egoitzei dagokienez, lehen aipatutako bi langileez gain, beste langile batek gehiagok ere eman du positibo azken astean egin diren PCR probetan. Ondorioz, gaur egun 10 langilek COVID-19 gaitzan diagnosi positiboa dute, egoitzetako langile guztien artean. Lurraldeko adinekoentzako egoitza sareak 65 zentro eta 5.425 plaza ditu.
Gipuzkoako Aldundiak gogorarazi du adineko pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzea dela foru erakundeak une honetan duen «lehentasun nagusia», eta, horretarako, «etengabe alertan» jarraitzen duela, egoitzetako prebentzio-, aurrerapen- eta erantzun azkarreko neurriak muturreraino eramanez.
Gizarte Politiketako Departamentuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin etengabeko harremanean, Zaintza eta Alerta Sistema aktibo mantentzen du Gipuzkoako gizarte-zerbitzuetan eta -baliabideetan COVID-19ari aurre egiteko eta, horrela, birusaren hedapena denbora errealean zaintzeko eta gizarte-baliabideak eta -zerbitzuak indartzeko. Azken astean –abuztuaren 3tik 10era– guztira prebentzioko 1.635 PCR proba egin ditu zaintza talde espezializatu batek. Erizainek eta DYAk osatzen duten talde hori arduratzen da laginak hartzeaz.
Eibarko ospitaleko solairu soziosanitarioari dagokionez, Aldundiak ekainean kokatu zuen han Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa. Aita Menniko lantaldeak kudeatzen dituen bi unitate bereizi eta 48 plaza ditu (gehiago ere izan litzake, beharren arabera).
1780