Adinekoen egoitzetako bisitak egoiliar bakoitzeko pertsona batetara mugatuko dira
Adinekoen egoitzetako bisitak egoiliar bakoitzeko pertsona batetara mugatuko dira
Joan den asteazkenean Azpeitiko San Martin egoitzan egindako PCR proba guztiak negatiboak izan dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu du adinekoen egoitza-zentroetako erabiltzaileentzako bisiten araubidea egokitu duela, COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzko Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduan xedatutakoa aplikatuz. Horrela, hemendik aurrera, adinekoen egoitzetako bisitak egoiliar bakoitzeko pertsona batengana mugatuko dira, egunean gehienez ordubeteko iraupenarekin, eta bisitaria ez da nahitaez berdina izango bisita guztietan. Egoiliarrekin egingo diren topaketak mailakatu egingo dira egunean zehar, eta COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak zorroztuko dira. Neurri horiek salbuetsi ahal izango dira bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen kasuan.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako departamentuak jakinarazi duenez, joan den asteazkenean Azpeitiko San Martin egoitzan bizi zirenei eta langileei egindako PCR proba guztiak negatiboak izan dira.
Azken 24 orduetan ez da baieztatu COVID-19ren aldeko positiborik Gipuzkoako egoitzen erabiltzaileen artean; beraz, gaur egun, bost pertsonak dute diagnostiko positiboa lurraldeko adinekoentzako egoitza-arretarako sare osoan. Bost kasuak Donostiako San Ignacio-Hermano Garate konplexukoak dira, eta une honetan egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzen dituzten Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan daude.
1713