Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Afari solidarioa eta jasangarriak 36.030 euro bildu ditu DANAren biktimei eta Gipuzkoako familia zaurgarriei laguntzeko

Afari solidarioa eta jasangarriak 36.030 euro bildu ditu DANAren biktimei eta Gipuzkoako familia zaurgarriei laguntzeko

Roberto Ruiz (HIKA), Gorka Arcelus (Agorregi), Aitor Arregi (Elkano), Igor Arregi (Kaia) eta Xabier Gorrotxategi (Julián Etxea) izan dira afaria eskaintzeaz arduratu direnak.

2024/11/20
Cena Solidaria y Sostenible 2024

Mahaia Kolektiboarekin eta Basque Culinary Center-ekin lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Afari Solidario eta Jasangarriaren laugarren edizioa antolatu du, Gipuzkoako sektore ekonomiko, instituzional eta sozialeko ehun ordezkari bildu dituena.

Gainera, aurten, bilketaren % 50 DANAk kaltetutako eremuetako Elikagai Bankuetara bideratuko da.

José Ignacio Asensio: “Jasangarritasuna eta elkartasuna gure nortasunaren zutabeak dira Gipuzkoan. Laguntza horri esker, Gipuzkoako Elikagai Bankuak bere mende dauden 20.000 pertsona inguru artatzen jarraituko du, eta DANAk kaltetutako Valentziako familiei ere lagundu ahal izango diegu”.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bere Afari Solidario eta Jasangarriaren laugarren edizioa egin du Basque Culinary Centerren. Ekitaldi horren helburua da elikagaien xahuketaren inguruan sentsibilizatzea eta Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzako funtsak biltzea. Aurten, bildutako diruaren erdia DANAk kaltetutako eremuetako Elikagai Bankuetara bideratuko da, kaltetutako familiei laguntzeko.

"Afari solidarioa eta jasangarria" lelopean, Gipuzkoako ekonomia-, erakunde- eta gizarte-eremuko ehun ordezkari baino gehiago bildu dira Gipuzkoaren ingurumen- eta gizarte-konpromisoa babesteko. Ekitaldira bertaratutakoek egindako ekarpen eskuzabalen laguntzarekin, guztira 36.030 euro biltzea lortu da, iaz baino % 33 gehiago (8.910 euro gehiago). Mahaia Kolektiboaren chef taldeak eta Basque Culinary Center zentroak modu aktiboan parte hartu dute afariaren plangintzan eta exekuzioan, dohaintzak egiteaz gain.

Mahaia Kolektiboko Roberto Ruiz (HIKA), Gorka Arcelus (Agorregi), Aitor Arregi (Elkano), Igor Arregi (Kaia) eta Xabier Gorrotxategi (Julián Etxea) izan dira afaria eskaintzeaz arduratu direnak.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok afaria inauguratu du, elikagaien alferrik galtzeak eta jasangarritasunak duten garrantziaz kontzientziatzeko eta eskerrak emateko mezu batekin. Asensiok gogorarazi duenez, “urtean Gipuzkoan soilik 127.000 tona alferrik galtzen dira, lurraldeko hondakinen herena; 20.000 pertsona inguru, berriz, Elikagai Bankuaren mende daude behar bezala elikatzeko”. Era berean, azpimarratu duenez, “DANAk kaltetutako familiei, bereziki Valentziako Erkidegoari, bildutakoaren % 50 emateko erabakia larrialdiko egoeretan elkartasuna adierazteko modu bat da”.

Bestalde, Belén Méndez de Vigo, Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak, eskerrak eman dizkie bertaratuei, antolatzaileei eta Mahaia kolektiboari, eta nabarmendu duenez, “pandemiaren egoerak bultzatuta puntuala izan zen jarduera honi jarraipena emateko konpromisoa hartu zuten, eta, dagoeneko, tradizio horrek erreferentzia bihurtzen gaitu elikagaiak aprobetxatzeko, eta are gehiago konprometitzen gaitu gizartearekin”.

Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “Basque Culinary Centerren uste sendoa dugu gastronomia aldaketa sozialerako motorra izan daitekeela. Mahaia Kolektiboko kideek eskainitako Afari Solidario eta Jasangarri honetan parte hartzea aukera bat da elikagaien xahuketa murriztearen garrantzia ikusarazteko, eta, aldi berean, gehien behar dutenei laguntzen diegu une zailetan. Honelako ekimenen bidez, gastronomia jasangarri eta solidarioarekin dugun konpromisoa indartzen dugu”.

Mundu osoan, kalkulatzen da ekoitzitako elikagaien heren bat alferrik galtzen dela, eta horrek ingurumen-inpaktua eta eragin ekonomikoa dituela. Gipuzkoa ez dago arazo horretatik kanpo, eta afari solidarioa eta jasangarria bezalako ekitaldiei esker, lankidetzarako deia egiten da, alferrik gal ez dadin eta gizarte bidezkoagoa eta planetarekin konprometituagoa eraikitzeko.

  

2444