Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aieteko Eskura Zentroa Giza Eskubideen aldeko Baliabide Pedagogikoetan espezializatutako zentro gisa finkatu da

Aieteko Eskura Zentroa Giza Eskubideen aldeko Baliabide Pedagogikoetan espezializatutako zentro gisa finkatu da

II. Nazioarteko Mintegiaren gai nagusia Aniztasuna eta Bizikidetza da.

Eskura, Aieteko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-baliabideen Zentroa Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak sustatua da. 2018. urtearen amaieran ekin zion bere ibilbideari eta, bi urte eskasean, hainbat dibulgazio eta hedatze lan egin ditu, denbora horretan bildu dituen baliabideak zabaltzearren. Joan den urtean, garai bertsuan, I. Nazioarteko Mintegia antolatu zuen, migrazioa gai nagusitzat hartuta. Gaiari lotutako nazioarteko zenbait baliabide pedagogiko identifikatu eta aurkeztu ziren ekitaldiak iraun zuen bi egunetan. Aurten, Nazioarteko Mintegiaren bigarren edizioa otsailaren 19an eta 20an izango da, Aiete Jauregian. Oraingo honetan, hizlariak aniztasuna eta bizikidetza gaiari buruz mintzatuko dira, ikuspegi eta metodologia desberdinetatik abiatuta, eta aurkezten diren baliabideak ere arlo horretakoak izango dira .

Paloma Viejo Oterok, Dublin City Universityko gorrotoaren diskurtsoaren ikertzaileak, jardunaldiak irekiko ditu, “Nola aurre egin gorrotoaren diskurtsoari” hitzaldiarekin. Arlo horretako aditu moduan, materialak landu eta argitaratu ditu Europako Kontseiluarekin lankidetzan, “No Hate Speech” delakoaren esparruan. Bigarren egunean, Jurjo Torres Santomék, pedagogoak eta A Coruñako Unibersidadeko irakasleak, emango dio hasiera jardunaldiari, Bizikidetzarako hezkuntza hitzaldiarekin. Torresek ehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu Espainiako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako pedagogiako liburu eta aldizkarietan, galegoz, gaztelaniaz, ingelesez eta portugesez.

Horrez gain, aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko sortutako baliabideek osatzen dute programa, tokian tokikoek, zein nazioartekoek, aniztasuna ulertzeko ikuspegi ugari kontuan hartuta, besteak beste, Gehitu, Fundesplai, Anti Bias Netz eta Centre for Studies on Inclusive Education elkarte eta zentroen ordezkariek argi emango dute gai horren gainean. Jardunaldiak araututako eta arautu gabeko hezkuntzako profesionalentzat dira, bai eta GGKEetako kideentzat, giza eskubideen arloko ekintzaileentzat, irakasle eskoletako eta pedagogiako ikasleentzat eta, oro har, herritar guztientzat ere.

Otsailaren 17a arte eman daiteke izena, eskurazentroa.eus web orriaren bidez, nahiz eta dagoeneko plaza gutxi gelditzen diren. Bestalde, Eskurak bere Mediateka ireki du, giza eskubideen aldeko baliabide pedagogikoei buruzko dokumentazio zentroa. Euskadiko liburutegien sareko partaidea da eta hiru zerbitzu mota emango ditu: materialen mailegua, kontsulta espezializatuak eta informazio buletina, baliabide berriei eta gai zehatzei buruzkoa. Mediateka eta Eskura egoitza berean daude, Aiete Jauregian, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Astelehenetik ostiralera egongo da irekita. Baliabideen katalogoa on-line kontsultatu daiteke, Eskura zentroaren web orrian. Posible da, baita ere, baliabide batzuk zuzenean deskargatzea, web orritik.

Arduradunek nabarmentzen dute Mediatekak dituen mota askotako baliabideak, hala nola liburuak, DVDak, unitate didaktikoak, jolasak... Halaber, azpimarratu dute ale esklusiboak dituztela liburutegien sare osoan, eta mota guztietako profesional eta ikasleak haiek eskatzen hasi direla. Gaurtik aurrera, baliabide horiek guztiak herritarren, irakasleen, ikertzaileen eta giza eskubideetan sakondu nahi duten guztien eskura egongo dira.

  

1703