Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Ainhoa Aizpuru foru diputatuak Berrobin egin diren hobekuntza lanak bisitatu ditu

Ainhoa Aizpuru foru diputatuak Berrobin egin diren hobekuntza lanak bisitatu ditu

Herrigunean argiteria berriztu eta hiru baserri bide berritu dira LandaGipuzkoa+ programaren bitartez

Gipuzkoako Foru Aldundiaren LandaGipuzkoa+ programaren bitartez egiten diren hobekuntzak ikusteko, Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua, Tolosaldeako Berrobi herrian izan da gaur, bertan gauzatu diren hobekuntza lanak bertatik bertara ezagutzen. Aldundiak udalerri txikiei begira abian jarritako programa da LandaGipuzkoa+, 2.500 biztanletik beherako herriei zuzenduta, eta herri hauen ongizatea eta zerbitzu maila hobetzea ditu helburu.

Bisita honetan foru diputatuak gertutik ezagutu ditu Aldundiak Berrobin azken hiru urteetan lagundu dituen proiektuak. Iñigo Aierza herriko alkateak eta Lurralde Orekako zuzendariak, Iñaki Labakak lagunduta ikusi ditu egin diren lanak. “Garrantzitsua da Aldundiak babesa ematea 2.500 biztanletik beherako herriei, etorkizuneko desafioei aurre egiteko”, gehitu du Aizpuruk. Berrobiko udal ordezkariekin lan bilera egin dute, tokiko beharrak, proiektuak, erronkak eta estrategiak ezagutzeko. Ainhoa Aizpuru foru diputatuak iragarri du ezinbestekoa dela Berrobi bezalako udalerri txikietan jarduera ekonomikoa sustatzea, tokiko ongizateari eta orokorrean ekonomiari bultzada ematearren. ”Gure lurraldean herri handiak ditugu, baina baita Berrobi bezalako udalerri txiki ugari ere eta herri horietan premiazkoa da etorkizunera begira herritarren ongizatea eta ekonomia indartzea”, azpimarratu du Aizpuruk.

 Aldundiak, Lurralde Orekako zuzendaritzatik eta LandaGipuzkoa+ programatik 65.000 euro inguruko diru-laguntza eman du hiru urtetan zehar, 2016, 2017 eta 2018, Berrobiko landa eremuetan hiru bide zati berritzeko, Berrobizar, Bista eta Txurdina eta Ibingo Langako bideak, hain zuzen ere. «Uste dugu beharrezkoa dela landa azpiegiturak eta bideak hobetzeko inbertsioak egitea, herrietako bizilagunen komunikazioa, garapena eta bizi kalitatea ziurtatzeko», adierazi du Ainhoa Aizpuruk. Bestalde, Berrobiko erdigunean dagoen argiztapenean hobekuntza lanak egin dira eta Berrobiko ibaiaren pasealekuan ere argiteria guztiz berritu da, herritarren ongizatea eta segurtasuna bermatuz.

Herrira egindako bisita baliatuz, Aizpuru diputatuak aukera izan du udal ordezkariekin lan bilera bat izateko eta baita udal jabegoa duen baserri bat eta herriko eskolako estalpea ezagutzeko ere. LandaGipuzkoa+ bezalako programak “garrantzitsuak dira” Gipuzkoa osoko herrien ekonomia sustatu eta landa ingurunean enplegu berriak sortzeko. “Gipuzkoaren berraktibazio ekonomikoa errealitatea da eta etorkizunean ere lanean jarraituko dugu herri txikiek eta landa eremuek ere horren onura izan dezaten”, gehitu du Ainhoa Aizpuruk.

  

1895