Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura paraleloa egiteko proiektua onartuta

Aizpurutxoko zeharbidean oinezkoentzako lotura paraleloa egiteko proiektua onartuta

Horrela, foru erakundeak abian jartzen du GI-631 errepidea Azkoitia eta Urretxu artean hobetzeko proiektuaren lehen fasea.

2019/07/16

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onarpena eman dio Aizpurutxoko zeharbidean (Azkoitia) oinezkoentzako lotura paraleloa egiteko proiektuari. Horrela, foru erakundeak abian jartzen du Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren lehen fasea. Errepide horren hobekuntza Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat da legealdi honetan; horrela, Eider Mendoza foru bozeramaileak azpimarratu duenez, bete egingo da Aldundiak hartutako konpromisoa. “Errepide honen hobekuntza aldarrikapen historikoa da Urola Erdia eskualdearentzat, GI-631 errepideak Gipuzkoako Biribilgunearekin eta Zumarragako ospitalearekin lotzen baitu eskualdea. Erabaki honekin, beraz, abian jartzen dugu eskualde honekiko zorra kitatzeko prozesua”, nabarmendu du.

            Mendozak agerraldia egin du komunikabideen aurrean, Diputatuen Kontseiluak gaur foru jauregian egin duen asteroko bileraren ostean. Foru arduradunak azaldu duenez, Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko proiektua oso garrantzitsua da, eragin zuzena izango baitu bai Urola Erdiko herritarren ongizatean, bai eskualdearen lehiakortasun ekonomikoan. “Errepide honetatik 3.300 ibilgailu igarotzen dira egunero; horietatik % 10 astunak”, azpimarratu nahi izan du bozeramaileak.

            Mendozak gogorarazi du Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko proiektuak hainbat jarduketa hartzen dituela barruan: hirugarren lerroa jartzea, bide segurtasuna hobetzeko; zenbait bihurgune hobetzea; eta Aizpurutxoko zeharbidea hobetzea. “Gaurko erabakiak, beraz, abian jartzen du fase horietatik lehena, Aizpurutxoko zeharbideari dagokiona”, azaldu du. Proiektuaren idazketa 2018ko abenduan amaitu zen, eta aurtengo martxoan jendaurreko erakustaldian jarri zen. Gaur, foru gobernuaren erabakiarekin, proiektuak etapa garrantzitsu bat gainditu du. Ondoren, aurreikusita dago obrak 2020 hasieran gauzatzea; 4 hilabeteko iraupena izango dute, eta 341.000 euroko aurrekontua.

            Jarduketaren helburua da bereiztea, batetik, ibilgailuen zirkulazioa, eta, bestetik, oinezkoena. Egungo errepidearen plataformak ez du banantze hori posible egiteko behar adina espazio; beraz, obra hauekin zabaldu egin nahi dira eremu horiek. Horrela, Erdikobenta eta Ibaiondo artean, errepidea mendirantz eramango da, eta oinezkoentzako bidea galtzadaren ondoan eraikiko da. Aldiz, Aizpurutxo baserriaren parean, oinezkoentzako bidea ibaiaren beste aldera igaroko da; horretarako, zubi berri bat eraikiko da. 

 

 

 

Meagako biribilgunea

Diputatuen Kontseiluak hartu duen bigarren erabakiak eragina du GI-2633 errepidean, Meaga Gainean. Mendozak gogorarazi duenez, oso errepide garrantzitsua da. Izan ere, errepide hori hartzen dute kostako trafikoek, Zumaia eta Zarautz arteko kostako errepidea itsasoaren egoeragatik ixten denean. “Meagako bidegurutzean hainbat hobekuntza egin behar dira, eta hobekuntza horiei helduko diegu orain, lotura hori antolatuko duen biribilgune bat eraikiz”, adierazi du foru bozeramaileak.

            Biribilgune berriak 35 metroko kanpo diametroa izango du, 7 metroko galtzada, 20 metroko diametroa izango duen barne irla bat, eta 2,4 metroko diametroa izango duen koroa zapalgarria. Proiektuan aurreikusita daude, bestalde, hiru autobus geltoki eta oinezkoentzako bidegurutze bat, argiztatua eta semaforoduna. 587.660 euroko inbertsioa aurreikusten da, eta 5 hilabeteko exekuzio epea. “Gaurko erabakiarekin abian jartzen da obra egin ahal izateko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze prozesua. Lanak, beraz, izapide horiek burutzean hasiko dira”, adierazi du Mendozak, obra legealdi honetan gauzatuko dela azpimarratuz.

 

Hobekuntzak GI-638 errepidean.

Diputatuen Kontseiluak hartu duen hirugarren erabakiak ere Gipuzkoako errepide sarean du eragina, hain zuzen ere GI-638 errepidean, Mutrikutik Ondarroaranzko irteeran.  Gaur egun, puntu horretan biribilgune erdi bat dago, baina ibilgailuek bi lerroak behar izaten dituzte, maniobrak egiteko. Horregatik, gaur onartu den proiektuak aurreikusten du biribilgune itxi bat eraikitzea. Mendozak azaldu duenez, “biribilgune berriak trafikoak antolatzen lagunduko du, kontrako lerroa hartzen duten maniobrak saihestuko ditu, eta ibilgailuen abiadura motelduko du”.

            Proiektatutako biribilguneak 30 metroko kanpo diametroa du, eta 7 metroko zabalera duen galtzada, ibilgailuentzat. Gainera, autobus geltokiak izango ditu, eta oinezkoentzako pasabide argiztatu bat. Proiektuaren aurrekontua 418.315 euro da, eta exekuzio epea, berriz, 3 hilabete. Lanak udazkenean hasiko direla aurreikusten da.

 

Izendapenak

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak izendapen hauek onartu ditu: Diputatu Nagusiaren Alorrean, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren barruan, Landa Udalerrien Garapenerako zuzendari nagusia. Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusi izendatua izan da Ion Gambra (Mutriku, 1980). Politika eta Administrazio Zientzian gradua dauka, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta Politika eta Programa Publikoen Ebaluazioan Masterra, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Gambrak Mutrikuko Udalean, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan esperientzia handia dauka, eta EAJ-PNVren barruan bizikidetza arloko gaietan egin du lan.

Landa Udalerrien Garapenerako zuzendari berria, berriz, Jon Ander Azpiroz (Aia, 1991) izango da. Foru arduradun berriak Lehen Hezkuntzako espezialitatean Diplomatura dauka, eta Haur Hezkuntza Gradua. Aiako Udalean zinegotzia da, eta lehen sektoreko gaien ardura izan du Gipuzkoako EAJ-PNVn.

  

1623