Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax, The Donkey Riders, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up "Katapulta Tour Gipuzkoa" ren IX. edizioan

Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax, The Donkey Riders, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up "Katapulta Tour Gipuzkoa" ren IX. edizioan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak sustatutako formatu txikiko musika eta arte eszenikoen programaren edizio honetan musikako 121 proiektu eta arte eszenikoetako 28 proiektu aurkeztu dira.

Katapulta Tour

Goizane Álvarez: "Katapulta Tourrekin tokiko talentua bultzatu nahi dugu, proiektu artistikoak profesionalizatuz".

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak gaur goizean eman ditu jakitera aukeratutako 10 taldeen izenak, baita Katapulta Tour Gipuzkoa programaren IX. edizioko nobedadeak ere.  Diputatuarekin batera izan dira Ainara Guzmán, Kutxa Fundaziokoa, eta, Imanol Goñez, programaren koordinatzailea den Buenawista Prolleckzioms elkartekoa.

Katapulta Tour Gipuzkoaren asmoa da balioan jartzea eta sustatzea Gipuzkoako talentuak musikaren eta arte eszenikoen esparruan, eta Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea, klubak eta antolatzaileak babestuz. Bederatzigarren edizioan, programak aukera ematen du zuzeneko 4 emanaldi egiteko, prestakuntza-programa bat egiteko eta hautatutako proposamenetarako entsegu-espazioak izateko, sustapen-bideo bat egiteaz gain. Helburua da musikako eta arte eszenikoetako proiektuei profesionalizaziorako bidean laguntzea.

Edizio honetako berritasun gisa, deialdian inskribatutako proiektu guztiei aukera emango zaie komunikazio eta sustapeneko, eszenografiako, produkzioko, ekonomiako eta fiskalitateko prestakuntza-programan doan parte hartzeko. Gainera, Kutxa Fundazioaren Kluba aretoa bigarren urtez jarraian espazio eszeniko gisa gehitu da.

Goizane Álvarez Kultura diputatuak nabarmendu du horrelako ekimenek garrantzia handia dutela lurraldeko artistak bultzatzeko, beren proiektu musikal eta artistikoen hedapenean eta profesionalizazioan lagunduz.  “Kultura eta Gazteria Departamentuak lanean jarraitzen du kultura Gipuzkoako txoko guztietara hurbiltzeko. Garrantzitsua da gazteei laguntzea eta lurraldean dugun tokiko talentua sustatzea.  Benetan sinesten dugu kulturak eta arteak gure gizartea aberasteko eta Gipuzkoako eszenaren bizitasunean laguntzeko duten boterean".

Ainara Guzman Kutxa Fundazioko arduradunak adierazi duenez, "Gipuzkoarekin dugun konpromisoa sentitzen dugu, eta Gipuzkoaren aurrerabidea kulturaren eta bere eragileen bidez bultzatzera bultzatzen gaitu, gure lurraldearen garapen jasangarrian betetzen duten ezinbesteko eginkizuna aitortuz. Haien profesionalizazioa funtsezkoa da eta horregatik Katapulta Tour Gipuzkoa Programan formakuntzaren aldeko apustu sendoagoa egiten dugu edizio berri honetan, deialdian izena eman duten guztiei tailerretan parte hartzeko aukera emanez.

Hamar artistak parte hartuko dute aurtengo edizioan, zortzik musika arloan, Akaleia, Erromintxelak, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax eta The Donkey Riders, eta, bik arte eszenikoetan, Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up.

Hautatutako artistei 400 euroko konpentsazio ekonomikoa eskaintzen zaie emanaldi bakoitzeko, eta haien lanak zabaltzeko lan handia egiten da.

2024ko deialdian, azpimarratzekoa da hiriburutik kanpoko proiektu ugari aurkeztu direla, bereziki, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Irun, Orio, Pasaia, Tolosa, Zumaia eta Zumarraga udalerrietatik (82 proiektu), baita euskarazko proiektu asko (83), 30 urtetik beherako kideak dituzten hainbat proiektu (67) eta emakumeen partaidetza duten proiektu ugari (70) aurkeztu direla ere.

Bederatzi deialdietan, guztira, 713 artistaren 1.027 inskripzio jaso dira. Urtea amaitzen denerako, 114 proiektu babestuko dira (88 musikakoak eta 26 arte eszenikoetakoak).

Estiloei dagokienez, musika-proposamenak Rock (Pop-Rock, Rock & roll, Hard Rock, Stoner, Hardcore, Metal), Pop, Blues, Soul, Jazz, Folk, Hip Hop, Flamenko, etab. moten artean daude. Arte eszenikoen proposamenetan umorezko bakarrizketak, antzerki-piezak, txotxongilo-piezak, magia-ikuskizunak, performanceak eta abar daude.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak eta Kutxa Fundazioak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten dute eta, ekimen honen bidez, sustatzen dituzte Gipuzkoa osoan sortzen ari diren musika taldeak eta arte eszenikoetako konpainiak.

  

1257