Aldaketa klimatikoaren erronkak: kudeaketa estrategiak lurralde erresilienteetan
Aldaketa klimatikoaren erronkak: kudeaketa estrategiak lurralde erresilienteetan
Prebentzioa egitea, lurraldearen artifizializazioa geldiaraztea, ingurumenari buruzko datuak eta adierazleak edukitzea eta estrategia lokalak bultzatzea, horiek dira gako nagusiak Gipuzkoa izan dadin lurralde erresilienteagoa aldaketa klimatikoari aurre egiteko
Uda ikastaroen barruan, «Aldaketa klimatikoaren erronkak: kudeaketa estrategiak lurralde erresilienteetan» izeneko ikastaroak aztertuko du lurraldeen gaitasuna krisi klimatikoaren eraginei aurre egiteko, eta Gipuzkoan fenomeno horren aurrean dauzkan baliabideak eta egoera.
Jose Ignacio Asensio: «Gipuzkoa bere ahultasunez jabetu behar da, bere gaitasunak zorroztu behar ditu aldaketa klimatikoari aurre egiteko, maila lokaleko estrategiak eta ekintzak antolatu behar ditu, gure lurraldearen erresilientzia garatzeko: jokoan dago gure gizartearen bideragarritasuna».
Itziar Eizagirre: «Naturklimaren lehentasun bat da aldaketa klimatikoak Gipuzkoan duen eraginari buruzko datuak eta adierazle zehatzak edukitzea; horrela, prebentzioa estrategiak eratu ahal izango ditugu, gure lurraldean erresilienteago izan dadin».
Klima aldaketa errealitate bat da, lurralde guztiei maila global batean erasaten diena, eta ondorioak ditu ekonomia, gizarte eta ingurumeneko dimentsioetan. Klima aldaketak izan ditzakeen ondorioen artetik, nabarmentzekoa da nola ugal daitezkeen larrialdi eta krisi egoerak, hondamendi naturalen ondorioz gertatzen direnak. Izan ere, nazioarteko hainbat erakundek, hala nola Nazio Batuen Bulegoak, hondamendi arriskuak kudeatzekoak (UNISDR), munduko herrialde guztiei ohartarazi die hondamendi naturalen, giza jardueren edo teknologiaren eraginez lurraldeek jasan ditzaketen inpaktu larriez.
Ikuspegi hori aintzat hartuta, «Aldaketa klimatikoaren erronkak: kudeaketa estrategiak lurralde erresilienteetan» izeneko Udako Ikastaroa egingo da irailaren 4an eta 5ean Miramar jauregian, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren eta Naturklimaren lankidetzaz. Ikastaroaren helburua da ikasleen heziera hobetzea, lurraldeek (herriek, hiriek, eskualdeek eta abar) garatu ditzaketen estrategia nagusiez, inguru erresilienteagoak lortzeko, XXI. mendeko hirien bizi kalitatearen ardatz nagusia izango baita hori.
Ikastaroaren barruan aurkeztuko da «Lurralde erresilienteen kudeaketarako estrategiak: Gipuzkoaren kasua» izeneko azterketa, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren aginduz egindakoa. EHUko Victoria Elizagarate eta David García irakasleek egin duten azterketak azaltzen duenez, aldaketa klimatikoari aurre egin eta lurralde erresilienteago izan nahi badu, Gipuzkoak prebentzioa neurriak areagotu behar dituela, lurraldearen artifizializazioa geldiarazi, klima aldaketaren eraginari buruzko ingurumen adierazleak landu eta estrategia lokalak bultzatu, Gipuzkoa lurralde erresilienteagoa izan dadin. Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok gogora ekarri du «Gipuzkoa bere ahultasunaz jabetu behar dela eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko bere gaitasunak indartu behar dituela, toki eta eskualde mailako estrategiak landuta, administrazio guztien lankidetzaz, eta herritarren partaidetzaz: jokoan dago gure gizartearen bideragarritasuna».
Ikastaroaren aurkezpenean, Naturklimako zuzendari nagusi Itziar Eizagirrek adierazi duenez, Gipuzkoan klima aldaketari aurre egiteko estrategiaren 3. xedearen arabera [Lurraldearen eraginkortasuna eta erresilientzia sustatzea], Naturklimak, bere Klima Aldaketaren Behatokiaren bitartez, klimaren fenomenoak dakartzan eraginen eta zaurgarritasunen jarraipena eta ebaluazioa egiten ari da. Horrela, foru erakundeek hartzen dituzten erabakiak hobetu daitezke, gure lurraldearen egokitzapen eta erresilientzia gaietan, orobat.
Ikastaroak eremu instituzional eta akademikoko adituak eta ordezkariak biltzen ditu. Lehen jardunaldian, gaur bertan egindakoa, parte hartzaile izan dira Victoria Elizagarate Gutiérrez, EHUko ikerlaria, eta David García Castro, EHUko irakasle laguna. Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak agindutako azterketa aurkeztu dute, 2015-2019 Plan Estrategikoaren barruan egindakoa. Azterketak nabarmentzen du plan estrategiko bat eratu beharra dagoela, eragile sozial eta publikoen artean, krisi klimatikoen aurrean gure lurraldearen erresilientzia lankidetzan sortzeko.
Ondoren, Josune Hernates Apezetxeak eta Leire Labaka Zubietak, Tecnun ingeniaritza eskolakoek, mintzagai izan dute lurraldeetan erresilientzia kudeatzea, eta H2020 proiektua ezagutarazi dute Euskadin. Jardunaldia amaitzeko, “Actuaciones para el aseguramiento de la resiliencia urbana y regional. Una revisión de tendencias globales“ izeneko hitzaldian, Wroklawko Unibertsitateko Jan Kazak irakasleak eta EHUko David García Castro irakasle elkartuak joera globalen berrikuspen bat egin dute gaitzat hartuta hiri eta eskualde erresilientzia bermatzeko zenbait jarduketa.
Bihar egingo den bigarren jardunaldian, Victoria Elizagarate Gutiérrez EHUko ikerlariak eta David García Castrok zabalduko dute ikastaroa, inguru erresilienteak lortzeko eskualdearen zaurgarritasun ekonomikoaren eraginei buruzko ikastaldi batekin. Ondoren, Jan Kazak Wroclawko Unibertsitateko irakasleak parte hartuko du, inguru erresilienteetarako hiri plangintzaren esparruan maila nazionalean eta nazioartekoan dauden praktika onak aztertzeko. Jardunaldia amaitzeko, mahai inguru bat izango da, gai honekin: “Experiencias de actuaciones para la gestión de territorios resilientes“. Moderatzaile, David García Castro ariko da, eta partaide, berriz, Victoria Elizagarate Gutiérrez, Josune Hernantes Apezetxea eta Jan Kazak.
Estudio “Estrategias de gestión para territorio resilientes: El caso de Gipuzkoa” y Plan Estratégico para co-crear la resiliencia de Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2015-2019 Plan Estrategikoaren baitan, azterketa bat eskatu zuen lurralde historikoaren erresilientzia-estrategia proposatzeko. Erresilientzia lurralde ororen etorkizunerako garrantzitsua den elementu bat da, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzietako batek, ONU-Habitatek, halaxe definitzen du kontzeptua: “arazo eta hondamendien ostean hiri-sistema orok duen gaitasuna jarraitutasuna bermatzeko, iraunkortasunaren bidean egokitu eta era positiboan eraldatzeko”. Etorkizuna du jomugan, baina “plan estrategikoa ez da etorkizunean zer gertatuko den asmatzeko erreminta bat”, diote planaren sortzaile diren Victoria de Elizagarate eta David García adituek. Metodoa, izan ere, etorkizunari nola helduko zaion aztertzean datza eta izan daitezkeen aldaketak eta joerak baloratzea du helburu, baita egun ditugun babesak kontuan hartzea eta ikusiriko ahultasunak zuzentzea ere.
Hortaz, lurraldearen puntu zaurgarri ezberdinak aztertu dira ikerlan honetan. Azterketa egiteko UNISDR (2012) edo Hondamendien Arriskua Gutxitzeko Nazio Batuen Bulegoaren bitartez, lurralde batek jasan ditzakeen lau zaurgarritasun moten arabera: zaurgarritasun soziala, ekonomikoa, fisikoa eta ingurumen-zaurgarritasuna.
- Zaurgarritasun sozialaren prebentzioak faktore ezberdinak hartzen ditu kontuan: populazioaren adina, generoa, etnia, hezkuntza, errenta-maila, lurraldearen azpiegiturak… Gipuzkoan egindako diagnostikoak erakutsi du Gipuzkoak erresilientziarako gaitasuna duela, zaurgarritasun-maila baxua duelako adierazle sozioekonomikoetan, populazioaren maila ekonomikoan, eta osasun-zerbitzuetara, mugikortasun-zerbitzuetara eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiara (IKT) populazioak duen sarbideetan. Hala ere, erresilientzia baxuagoa eta zaurgarritasun altuagoa du adierazle demografikoetan, asko populaturiko territorioa delako, karga demografiko handiarekin.
- Zaurgarritasun ekonomikoa barne-produktu gordinaren, enpresa-kopuruaren, populazioaren errentaren eta administrazio publikoaren gaitasun ekonomikoaren araberakoa da. Adierazle horiek hondamendi baten aurrean lurralde batek aurrera jarraitzeko zenbateko gaitasuna duen zehazten dute. Gipuzkoaren kasuan, azterketak azpimarratzen du eragile ekonomikoen parte-hartzea beharrezkoa dela erresilientzia lortzeko prozesuan, hau da, Foru Aldundiak eta Obra Publikoen eta Ingurugiroaren Sailak garaturiko ekintzetan. Proposaturiko plan estrategikoan ere elkarlanean aritu beharko luketela adierazi dute.
- Ingurumen-zaurgarritasunari dagokionez, esan beharra dago baliabide natural asko dituen balio ukiezina dela eta, hortaz, neurtzea zailagoa dela. Haatik, azterketan “lurraldearen artifizializazioaren” inguruan ohartarazten da, zeina Gipuzkoaren geografia menditsuaren eta horrek ekarri duen bailaretako okupazioaren ondorioa den. Horrek guztiak ur-hondamendiak sor ditzake. Bestalde, diagnostikoari ingurumenaren adierazleak falta zaizkio, zeinak Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) bidez lor zitezkeen.
Ikerlanak, plan estrategiko bat ere proposatzen da lurralde historikoaren zaurgarritasun ezberdinak baloratzeko eta gutxitzeko eta, ondorioz, Gipuzkoa erresilienteagoa izateko. Gomendio nagusi gisa, Kluster bat antolatzea da, herritarrak eta eragile ekonomikoak ordezkatu daitezen enpresa-antolakundeen, merkataritza-ganberaren eta bestelako gizarte osaketen bitartez, unibertsitateak kasu.
Planaren baitan, Gipuzkoako udalerri eta eskualdeen erresilientzia eta zaurgarritasunaren diagnostikoa egin nahi da, baita administrazio publikoaren finantza-zaurgarritasunarena ere, herri-mailan zein probintzia-mailan. Halaber, enpresen egitura erresiliente baten alde agertu dira, klima-aldaketaren aurrean tokian tokiko inbestimenduak pizteko.
Planak hiru ardatz estrategiko ditu: antolakuntza eta kudeaketarena, herritarren parte-hartzearena eta komunikazioarena. Lehenak egitura antolatzaile ukiezinak sortzea du helburu, eragile publiko eta pribatuen parte hartzeko forma ezberdinak zehaztuz. Egitura horien balioa banakoen eta erakunde publiko/pribatuen ezagutzaren eta esperientziaren araberako da.
Bigarren ardatzak, herritarren parte-hartzearenak eta eragile ekonomiko eta sozialenak, herri eta eskualdeetako plataformak saretzea du helburu, lan-mahai ezberdinak sortuz. Plataforma horiek bestelako kolektiboak ere har ditzakete beregain: eragile ekonomikoak, beste eragile sozial batzuk, eta enpresariak, zeinen inbertsioak erresilientzia faltaren ondorio direnak.
Bukatzeko, hirugarren ardatza, komunikazioarena, jendarte osoari zuzenduta dago. Komunikazio-plan baten eta erreminta nagusien garapenaren bidez (Internet, sare sozialak, publizitatea…) Gipuzkoaren erresilientziaren sorkuntza sustatuko da.
2684