Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundia esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde bustiko da

Aldundia esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde bustiko da

Maite Peñak eta Ademgik “Busti zaitez” kanpainaren XXI. edizioa aurkeztu dute. Bainu solidarioa igandean egingo da Gipuzkoako 11 herritan

Gizarte politikako diputatuak, Maite Peñak, esklerosi anizkoitzaren aldeko aurtengo “Busti zaitez” kanpaina aurkeztu du Ademgi -Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartearekin  batera. Datorren igandean, uztailaren 8an, egingo da aurtengoarekin XXI. edizioa duen bainu solidario hau, Gipuzkoako 11 herritan, eta guztira 14 puntutan. Ekimenaren helburua da gizartea sentsibilizatzea Gipuzkoan 700 pertsonari eta Euskadin, guztira, 2.500 pertsonari (gehienak heldu gazteak dira) eragiten dien gaixotasun honen inguruan.

Gipuzkoan, kanpainaren ekitaldi nagusia, aurreko edizioetan bezala, Donostiako Kontxako hondartzan (erlojuen parean) egingo da, uztailaren 8an, igandea, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldi horretan politikariek eta gizartearen esparru guztietako pertsona ezagunek parte hartuko dute, eta esklerosi anizkoitzaren alde bustiko dira; izan ere, kanpaina hau “ezinbesteko” finantzaketa iturri bihurtu da Ademgik Gipuzkoan gaixotasun neurologiko eta sendaezin hau duten pertsonei eskaintzen dizkien errehabilitazio zerbitzuak eman ahal izateko (fisioterapia eta logopedia), adierazi du diputatu andreak, ondoan izan dituela Maria Luisa Ustarroz Ademgi elkarteko presidentea, eta David Otaegui biokimikaria, oinarrizko ikerkuntza-arduraduna Esklerosi anizkoitzeko unitatean,  Donostiako Unibertsitate Ospitaleko-BioDonostia institutuan.

Ademgiko presidenteak azaldu du kanpainaren ekitaldi nagusia Kontxako hondartzan egingo bada ere, Gipuzkoan beste bainu puntu batzuk ere izango direla ondorengo herri hauetan: Arrasate, Azpeitia, Donostia- Zurriola eta Ondarreta-, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia (igandean, eta uztailak 11eko asteazkeneko merkatuan ere bai), Urretxu, Zarautz eta Zumaia. Era berean, Ustarrozek dei egin die gipuzkoarrei bainu solidario bat har dezaten: “Ez dago lehiaketarik ez eta distantzia zehatz bat igerian egin beharrik, nahikoa da uretan sartzea modu sinbolikoan erakusteko prest gaudela gaixotasun hori pairatzen dutenen alde bustitzeko”.

Horrela, datorren igandean, jardunaldiaren amaieran, batu egingo dira herri guztietan igerian egindako metroak, esklerosi anizkoitza dutenen aldeko ekitaldi sinboliko gisa. Ademgiri laguntzen arituko diren 80 boluntario baino gehiago izango dira guztira, bainurako prestatutako puntu guztietan banatuta. “Busti zaitez” ekimenaren aurreko edizioan milaka euskaldunek parte hartu zuten, eta guztien ahaleginarekin milioika metro egin ziren igerian. Aurtengo edizioaren irudia, bai eta merchandising-a ere, Katuky Saguyakik diseinatu ditu berriz, Mikel Urmeneta iruindarraren marka berriak.

Aurkezpenean, Maite Peñak horrelako gaitzen aurrean “giza-sentsibilizazioak” duen garrantzia azpimarratu du: “Ia bat batean agertzen den gaixotasuna da esklerosi anizkoitza, sendabiderik ez duena,  eta batez ere, heldu gazteei eragiten diena. Sendabiderik ez duenez, helburu nagusia da gaitza ahalik eta gehien “atzeratzea” terapien eta errehabilitazioaren bidez, eta gizartearen sentsibilizazioa lantzea, guztion artean “gaixoen bizi kalitatea hobetzea” lortzeko.

Bizi kalitatea hobetzea

Halaber, diputatuak nabarmendu du Gizarte Politikako Departamentuaren “lehentasuna” dela pertsona horien bizi kalitatea hobetzea, eta sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza defendatu du; izan ere, hirugarren sektoreko elkarteekin (Ademgi, kasu honetan) batera lan egitea da “modu bakarra” Gipuzkoako Foru Aldundiak “arreta espezializatua” eskaini ahal izateko horrelako gaixotasuna duten pertsonei.

Bestalde, Ustarrozek aditzera eman du 5 ordutik behin esklerosi anizkoitzeko “kasu berri bat” diagnostikatzen dela Espainian. Azaldu duenez, esklerosia gaitz neurologikoa da eta “heldu gazteei eragiten die batez ere”, 18 eta 35 urtekoei bereziki, eta gizonei baino, emakumeei gehiago. “Sozialki eragin handia duen gaitza da, gaitz kronikoa, gaixoen bizi kalitatean eragin zuzena duena eta trafiko istripuen atzetik, pertsona gazteengan desgaitasun kasu gehienen arrazoia”, azpimarratu du.

Bukatzeko, Maite Peñak aurreratu du parte hartuko duela aurtengo “Busti zaitez” ekimenean, eta aurrerantzean ere “jarraituko dugula esklerosiaren alde bustitzen, gure helburu nagusia baita herritarren bizi kalitatea hobetzea”. Zentzu horretan, animatu egin ditu esklerosi anizkoitzaren alde lan egin nahi duten eta “Busti zaitez” kanpainan parte hartu nahi duten herritarrak, “aski izango da datorren igandean gertuen duten igerileku edo hondartza batera joatea eta mugatuta egongo diren eremuetan igeri egitea, esklerosi anizkoitzaren alde bustitzea doakoa da, gainera”. Eta uretatik kanpo ere, jendea animatu du “#BustiZaitez2018” traola erabiltzera (@emademgi), kanpainak ahalik eta “oihartzunik handiena” izan dezan sare sozialetan.

Gipuzkoan 700 pertsonari eta Euskadin, guztira, 2.500 pertsonari eragiten die
  

1621