Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundia eta udalak lankidetzan ari dira adinekoen egoitzetan ibilaldi seguruak bermatzeko

Aldundia eta udalak lankidetzan ari dira adinekoen egoitzetan ibilaldi seguruak bermatzeko

Gipuzkoako udalek egoitzetatik kanpoko espazioak gorde dituzte, "bertan bizi diren adinekoentzat ibilaldi eta irteera seguruak bermatzeko".

Duela hiru astez geroztik, Gipuzkoako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, adinekoen egoitzetatik hurbil dauden aire zabaleko hiri-espazioen erabilera prestatzeko eta lagatzeko lanketa bat egiten ari dira, "egoiliarrentzako ibilaldi eta irteera seguruak bermatzeko". Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur eman du ezagutzera, Zarauzko Santa Ana egoitzaren ondoan gaitutako eremuaren ondoan, Aldundiaren eta udalen artean egiten ari diren lana. Berarekin izan dira Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Garbiñe Amotxategi Santa Ana egoitzako zuzendaria.

          Diputatu nagusiaren hitzetan,  Aldundiaren “erabateko lehentasuna” adinekoen “segurtasuna eta ongizatea zaintzea da, pandemiaren aurrean ahulenak direnak”. Ildo horretan, defendatu duenez, "ezinbestekoa" da egoiliarrek COVID-19aren aurrean duten babesaren eta ongizate emozionalaren arteko "oreka" bilatzea, eta, hori dela eta, Gizarte Politikako departamentua hainbat neurri lantzen ari da, bakardade handieneko egoerak "arintzeko".

Gogoratu duenez, pandemiaren bigarren olatu honetan, Aldundiak familien bisitak bermatzeko erabakia hartu zuen, segurtasun neurri zorrotzekin. “Senideekin harreman hori izatea ezinbestekoa da, horregatik, bisitak bertan behera geratzen dira soilik zentro barruan COVID-19 kasu aktiboak badaude, segurtasunagatik", adierazi du Olanok.

          Hala ere, kanporako irteeren kasuan, arriskua handiagoa da. Hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean ezarritako eta adostutako protokoloek eta irizpideek jasotzen dutenez, komunitatean intzidentzia handia izanez gero (100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gehiago), eten egiten dira irteerak. Diputatu nagusiak azaldu duenez, lurraldeko 65 egoitzetako batzuek aire zabaleko espazioak badituzte, hala nola lorategiak eta terrazak, eta haietara paseatzera irten daitezke egoiliarrak; hala ere, beste zentro askok ez dute aukera hori. Horregatik, foru arduradunek Gipuzkoako alkateekin egiten dituzten asteroko bileren esparruan, proposatu zen udalek egoitzen hurbileko espazioen erabilera (parkeak, pasealekuak edo plazak) laga edo erreserbatu zitzaten, paseoak egiteko espazio seguruak sortzeko helburuarekin.

          Zarauzko kasuari dagokionez, udalak Arrosategi parkearen zati bat mugatu du. Parke hori Santa Ana egoitzaren eta Andre Maria Erregina parrokiaren artean dago, eta egoiliarrek bakarrik erabil dezakete. Egoiliarrak, halaber, senideekin batera atera ahal izango dira espazio horietara. Denbora behar duen lana da, eta kasu guztietan ez da erraza espazio bat mugatzea egoiliarrek erabili ahal izan dezaten. Udalek proiektuak eta proposamenak prestatzen jarraitzen dute, eta gaur arte, egoitza hauek dituzte prest kanpoko guneak: Santa Ana (Zarautz), Iturbide (Arrasate), Uzturre (Tolosa), Sanitas Txindoki (Lazkao).

          Markel Olanok eskerrak eman dizkie Gipuzkoako udal guztiei emandako laguntzagatik, baita erabiltzaileei eta haien familiei ere, euren "ulermen, lankidetza eta pazientziagatik". Era berean, gogorarazi du "ezinbestekoa" dela babes-neurri guztiak zorrotz betetzen jarraitzea espazio horietan ere: maskara etengabe erabiltzea, eskuen higienea areagotzea eta hirugarrenekiko distantzia sozialari eustea. "Birusari kalteberenak diren pertsonak zaintzen eta babesten jarraitu behar dugu, eta gogoratu behar dugu erantzukizun partekatua dela, guztion esku dagoela", esan du amaitzeko.

  

1942