Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundia Txernobylgo familiak laguntzen dituzten elkarteekin bildu da

Aldundia Txernobylgo familiak laguntzen dituzten elkarteekin bildu da

Markel Olano diputatu nagusiak errusiar inbasioaren “gaitzespen osoa” eta “elkartasun hurbilena” adierazi dio ukrainar herriari.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, “erabat gaitzetsi” du Errusiak Ukrainan egindako inbasioa, eta “elkartasun osoa” helarazi die “aldebakarreko gerra bidegabe eta ankerraren” ondorioak jasaten ari diren ukrainarrei. “Babes eta elkartasun” mezua, bereziki Txernobylgo haurrei zuzendu nahi izan diena, “uda gure artean igaro ohi dutenei, bai eta haien senideei ere, hemengoak zein bertakoak, une gogor hauetan, kezkaz eta ezintasunez beteak”, gaineratu du.

Gaur arratsaldean, diputatu nagusiaz gain, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Belen Larrion Haurren Babeserako eta Gizarte Inklusiorako zuzendaria, eta Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria, Txernobylen bizi diren familiei eta adingabeei Gipuzkoatik laguntzen dieten hiru elkarteekin bildu dira: Chernobil elkartea, Chernobileko umeak eta Chernobilen lagunak. Topaketak balio izan du lankidetza eta laguntza bide berriak aztertzeko, Gipuzkoako elkarteen laguntza jasotzen duten familiak eta adingabeak zein egoeratan dauden lehen eskutik ezagutzeko, eta gure inguruko erakundeekin eta Europar Batasuneko herrialdeekin batera horiei modu integralean heltzeko beharrak antzemateko.

Diputatu nagusiak erantzun bateratua, korridore humanitario bat sortzea eta “errefuxiatuen babesa eta harrera” eskatu ditu, eta horren aurrean Gipuzkoaren “erabateko prestutasuna” adierazi du harrera-lan horretan laguntzeko. Zentzu horretan, Olanok gogorarazi du bihar, martxoak 1, Aldundiak errefuxiatuei harrera egiteko Eusko Jaurlaritzak deitutako bileran parte hartuko duela, eta azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa eta abegikorra dela, bidegabekeriak erabat gaitzesten dituena, eta edozein gerrari eta giza eskubideen edozein urraketari ezetz esaten diona”.

  

2406