Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundia Udalarekin arituko da elkarlanean Azkoitiko udal kiroldegia birgaitzeko

Aldundia Udalarekin arituko da elkarlanean Azkoitiko udal kiroldegia birgaitzeko

Denis Itxasok eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean hainbat jarduera burutzeko, herriko udal kiroldegian ekipamenduak hobetzearren. 44.957 euro emango ditu Aldundiak xede horretarako.

2017/11/13

Kultura eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean hainbat jarduera burutzeko, herriko udal kiroldegian ekipamenduak hobetzearren. 44.957 euro emango ditu Aldundiak xede horretarako.

Alkateak eta Diputatuak kiroldegia bisitatu dute bere oraingo egoera ezagutzeko eta tokian bertan hobekuntza lanen proiektua ikusi ahal izateko.

Laguntza hori Kirol Ekipamenduen Plana 2017-2020aren barruan kokatzen da, kirol azpiegiturak birmoldatu, berritu eta ordezteko. Plan horretan jasotakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak inbertsio batzuk finantzatuko ditu lurraldean kirol azpiegiturak hobetu eta sendotzeko, kirola pertsona guztien helmenean egon dadin eta biztanle guztiek egin dezaten gorputz ariketa eta kirol jardueraren bat, baldintza eta aukera berdinetan. Bertan instalazio berriak eraiki baino, orain dauden ekipamenduak berritu eta birmoldatzea lehenetsi du Aldundiak.

Oraingo eraikineko instalazioak zaharkituta geratu dira eta ez dira nahikoa erabiltzen dituzten kolektibo guztien eskariari erantzuteko. Hala, aipatzekoak dira horien artean, eskualdeko eskola kirolari lotutako jarduerak; hirugarren adinekoen gimnasia; eskualdeko kluben entrenamendu fisikoak, baita halako instalazioetan ohikoak diren beste diziplina batzuk ere.

Interbentzio horren bidez hauxe lortu nahi da, aipatutako jarduerak direla eta, biztanle guztien erabilera baldintzak hobetzea. Lurraldean energia baliabideak optimizatzeko Aldundia garatzen ari den politikekin bat etorriz, Plan horretan sartzen diren proiektuetan garatuko diren jarduera guztiek proiektuaren eta amaitutako eraikinaren Energia Eraginkortasunaren Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

“Aldunditik, gure asmoa da pertsona guztiek, adina, sexua eta jatorria edozein izanik ere, instalazio egokiak eskueran izan eta erabil ditzaten, kirol edo aisiako jarduerak egin ahal izateko, beren bizi kalitatea hobetzeko, azken finean”, adierazi du Itxasok. 

Bai Udalak bai Aldundiak oso positibotzat jo dute elkarlan hau eta nabarmendu dute orain bizi ditugun garaietan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak eraginkortasunez eta iraunkortasunez erabiltzea erakundeen arteko elkarlanaren bitartez. 
  

1747