Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak 1,4 milioi bideratuko ditu aurten Gipuzkoako basoetan suteak prebenitzeko lanetara

Aldundiak 1,4 milioi bideratuko ditu aurten Gipuzkoako basoetan suteak prebenitzeko lanetara

Diputatuen Kontseiluak jaso diren eskaerei -1.405 guztira- erantzuteko laguntza gehiago ematea erabaki du

2023/10/17
Gobernu kontseilua

Aldundiak 339.742 euro gehiago jarri ditu, aurreikusitako hasierako zuzkidurarekin alderatuta, suteek, hondamendi naturalek eta katastrofeek eragindako kalteak prebenitzeko baso jabeei aurten emango zaizkien dirulaguntzak osatzeko. Laguntza horiek Gipuzkoako basoak mantentzeko, hobetzeko eta garatzeko dirulaguntza deialdiari dagozkio. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, Diputatuen Kontseiluak gaur onetsi du “zuzkidura ekonomikoa handitzea jasotako eskaera guztiei erantzuteko, 1.405 izan baitira guztira, iaz baino 87 gehiago. Horrela, basoetan suteak prebenitzeko funtsezkoak diren hainbat lan egitea bultzatzen dugu, besteak beste”.

Lan gehienak zuhaitzen inguruan zein ezpondetan soiltzea, sastrakak kentzea eta zuhaitzak inaustea dira, baina beste batzuk ere diruz lagundu daitezke, hala nola inausketa hondarrak kentzea, suebakiak sortzea edo sua itzaltzeko ur puntuak ezartzea. Guztira, aurten 5.294 hektareatan jardungo da, eta Aldundiak 1.401.398 euroko laguntzak emango ditu orotara.

Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak egiten duen deialdi honen oinarrizko laguntza lanen % 50ekoa da, baina % 90eraino finantzatu daiteke irizpide gehigarriak betetzen badira. Irizpide horien bidez, honako hauek sustatu nahi dira: jarduera horretan belaunaldien arteko erreleboa, baso kudeaketa jasangarrirako plan teknikoak, baso azalerak handitzen dituzten landaketa lanak, nekazaritza erregimenagatik erretiro pentsioa jasotzen duten jabeei laguntzea, edo baso jarduerarekin bateragarri eginez nekazaritza jarduera dibertsifikatzea.

“Kontuan izan behar da Gipuzkoako baso gehienak jabe txikiek kudeatzen dituztela –guztira 10.000 dira lurralde osoan–, eta haien jarduera bultzatzen jarraitu nahi dugula, funtsezkoa delako basoen ondare komuna mantentzeko. Izan ere, funtzio ekologiko, ekonomiko eta sozial oso garrantzitsuak ditu, are gehiago bizi dugun klima aldaketaren aurrean. CO2a xurgatzen, atxikitzen eta ordezten dute, hondamendiak prebenitzen dituzte –hala nola suteak edo uholdeak–, higadura murrizten dute, ura atxikitzen eta arazten laguntzen dute... Hortik dator gure konpromisoa”, adierazi du bozeramaileak.

Iaz, 36 baso sute izan ziren Gipuzkoan, eta 73 hektareatan izan zuten eragina. Aurten, orain arte, 43 izan dira, eta 55 hektareatan eragin dute.

  

1303