Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak 2 milioi euroko inbertsioa dakarten biziberritze jarduketak sinatu ditu Pasaialdeko udalerriekin

Aldundiak 2 milioi euroko inbertsioa dakarten biziberritze jarduketak sinatu ditu Pasaialdeko udalerriekin

Jarduketak Pasaian, Errenterian, Lezon eta Oiartzunen egingo dira, Pasaiako Badiaren Biziberritze Plan Integralaren barruan

Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen hitzarmenak azaldu dituzte, Pasaialdeko lau udalerriekin sinatuak izan direnak. Eskualdean egin beharreko 2.242.500 euroko inbertsioaren % 85a ordainduko du aldundiak, hau da, 1.950.000 euro, eta udalerriek beste % 15a ordainduko dute. Inbertsio horri esker, hiri-biziberritzeko jarduketak gauzatuko dira Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaian, Pasaiako Badia Biziberritzeko Plan Integralaren barruan.

Pasaialdeko udalekin sinaturiko hitzarmenak Gipuzkoako Foru Aldundia legealdiaren hasieratik, era aitzindarian eta lau udalerrietako parte-hartze eta babesarekin gauzatzen ari den eskualdea biziberritzeko estrategian kokatuta daude. Estrategia Portuko Plan Berezian jasotako proiektu eta jarduketekin osatuko da.

Errenteriako alkate Julen Mendoza, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, Lezoko alkate Jesus Mari Martiarena eta Oiartzungo alkate Jexux Leonetekin sinaturiko hitzarmenek ondoko arloen inguruko inbertsioak dakartzate, besteak beste: garapen jasangarria, energia eraginkortasuna, mugikortasun bertikala eta bidegorriak.

Onartutako bi milioi euro horietatik, Errenteriak 858.000 euro jasoko ditu, Pasaiak 701.930€, Lezok 204.500€ eta Oiartzunek 185.300 euro.

Olanok gogorarazi du Pasaialdeko biziberritzea legealdi honetako Kudeaketa Planean jasota dagoela, “beraz gobernu honen helburua da proiektu hori aurrera eramatea. Konpromisoa hartua dago”. Zehaztu duenez, estrategiak bi helburu ditu: “Alde batetik, portuko jarduera hobetzea eta ingurunean txertatzea. Bestetik, Pasaiako badiako herrietan hobekuntzak egitea. Portuko herri eta auzoek Gipuzkoako adierazle baxuenak dituzte, bai sozioekonomikoak eta baita hirigintza alorrekoak ere. Adierazle horiek lurraldekoekin parekatzea ahalbidetuko du Pasaialdearen biziberritzeak”.

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak aipatu duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak Pasaialdeko biziberritzearekin eta eskualde honetako biztanleekin duen konpromisoa agerian utzi dugu beste behin. Hitzarmen eta kontsentsu estrategia bat abian jarri dugu, udalekin ez ezik, beste erakunde eta ekonomia eta gizarte eragile guztiekin ere. Eta gaurko hitzarmenak aro berri honen isla dira. Egun garrantzitsua da gaurkoa eta beste zenbait egun garrantzitsu egongo dira, 2017 honetan, Pasaialdearentzat. Bide onetik goaz, bide luze eta zaila bada ere. Proiektuetatik ekintzetara pasa eta Pasaiako eta bere inguruko biztanleen bizi-kalitatea hobetuko duen plan integralaren barruko jarduketak adostu ditugu”.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren eta Portu Agintaritzaren hitzarmenaren ondorioz Herrera eta Trintxerpe artean egingo den oinezkoentzako konexioa eraikitzeko lanak datozen egunotan hasiko direla eta bere sailak garatzen ari den Portuko Plan Bereziaren behin betiko onarpena datorren ekainean izango dela gogoratu du ere diputatuak.

Pasaialderako eskualde mailako estrategiaren barruko hitzarmenek datozen hilabeteotan gauzatuko diren jarduketa ezberdinak hartzen dituzte barne:

Errenterian, inbertsioek (858.000 euro) energia eraginkortasuneko, mugikortasun bertikaleko eta administrazio elektronikoko proiektuak finantzatuko dituzte. Zehazki, argiztapen adimentsuko eta argi publikoen kontsumoa murrizteko sistemak instalatuko dira; energia eraginkortasuna hobetuko da HHI eraikinean eta Cristobal Gamon eskolan; bi igogailu publiko instalatuko dira Alabergan eta ingurua urbanizatuko da ere.
Pasaiako hitzarmenak (701.930 euro) hiri-biziberritze, ingurumen eta ekipamendu publikoen arloetan hartuko du esku. Honela, Hiltegiaren eraikina birgaituko da Donibanen, nabigazio eskola bar ezartzeko bertan, Albaola Elkarteak sustatzen dituen proiektuen barruan. Aipatuari esker, antzinako ontziekin praktikatu ahal izango da Pasaiako badian.

Pasai Donibaneko Santiago Plazako pantalana ordezkatuko da ere, hutsune larriak baititu. Eta sakonera handiagoko beste leku batean jarriko da, uneoro izan dadin erabilgarria. Alaburtza kala berreskuratutako da ere hiritarren onurarako, bere izaera naturala mantenduz.

Hitzarmenari esker, halaber, azken belaunaldiko irrati bidezko neurgailuak jarriko dira, Esnabideko tangaren iragazgaiztea hobetuko da, urbanizazio proiektuekin jarraituko da Antxoko Molinao errekatxoaren inguruan eta altzairu berriak erosiko dira Donibaneko liburutegirako.

Lezon, Lezo-Donibane bidegorriaren eraikuntza diruz lagunduko da (204.500 euro). Lana hiru zatitan banatuta dago eta aldundiaren finantzazioak Lezoko erdiguneraino iristen den azken zatiaren % 85a estaliko du.
Oiartzunen, sinatutako hitzarmenak (185.300 euro) Udala Arditurriko bidegorria berreraikitzeko xedearekin gauzatzen ari den lana diruz lagunduko du; ibilbidean dauden tunelak eta segurtasun hesiak konponduko dira. Aldundiak 185.300 euro jarriko ditu. 

  

1679