Aldundiak 25,1 milioi euro transferituko dizkie udalei, COVID funtsetatik eratorriak
Aldundiak 25,1 milioi euro transferituko dizkie udalei, COVID funtsetatik eratorriak
Diputatu nagusiak erabakia jakinarazi die gaur Eneko Goia, Donostiako alkateari; Jon Iraola, Eibarko alkateari; eta Izaro Elorza, Oñatiko alkateari.
Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman dio COVID-19 gaitzaren pandemiaren eragina neutralizatzeko Estatuak aktibatutako baliabideak lurraldeko udalekin banatzeko erabakiari. Horren ondorioz, Gipuzkoako udalek 25,1 milioi euroko ekarpena jasoko dute, oinarrizko zerbitzu publikoak (osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak) indartzeaz gain, beste eskumen batzuk baliatzeko ere erabil daitezkeenak. Markel Olano Gipuzkoako diputatuak gaur jakinarazi du erabakia, Donostian hainbat alkaterekin egin duen bilera batean: Eneko Goia, Donostiako alkatea; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Izaro Elorza, Oñatiko alkatea. Bileran parte hartu dute, baita ere, Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta bigarren diputatu nagusiordea eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatuak. Transferentzia hau datorren astean onartuko du Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak.
Bileran, foru arduradunak gogorarazi du Euskadiren erakunde eta finantzaketa sistema arrisku eta erantzukizun partekatuko irizpideek arautzen dutela. “Gauzak gaizki datozenean, herrialdeko erakunde maila guztietan baliabideak murriztu egiten dira. Alderantziz denean, adibidez, aurreikusitakoa baino gehiago biltzen dugunean edo orain transferitzen ditugun ezohiko funtsen kasuan, guztiok jasotzen ditugu onurak”, nabarmendu du foru arduradunak. Bere ustez, erantzukizun partekatu horrek administrazio publiko guztien kudeaketa zorrotz eta arduratsuagoa eragiten du, eta horrek zerbitzu hobea dakarkie herritarrei.
“Erabaki honekin, Gipuzkoako erakundeen arteko konfiantza harremana sendotzen da”, nabarmendu du diputatu nagusiak. Bere ustetan, konfiantza hau, gobernantza partekatua eta elkarlana dira administrazio maila ezberdinen arteko erlazioa modu onean eramateko gakoa, eta honetan sakontzeko ahaleginean ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. “COVID-19 funts hauen banaketak orain arte daramagun ibilbidea kontsolidatu eta indartzen du”, adierazi du, gogoratuz pasa den urtean zein aurten, foru erakundeak udalekin partekatu duela baita ere lurraldeari zegokion defizit erabilgarria. 2022 urtearen kasuan, Gipuzkoak 52 milioiko defizita du eskuragarri, eta horietatik 21 udalei utzi zaizkie. “Gaurko erabakia mugarri bat gehiago da ibilbide horretan”, gaineratu du.
Ildo horretan, diputatu nagusiak gogorarazi du udalen finantzaketak momentu ona bizi duela. Izan ere, joan den urrian onartutako 2021eko aurrelikidazioaren arabera, aurrekontuetan jasotakoa baino 55 milioi euro gehiagoko aparteko ekarpena jasoko dute tokiko gobernuek. Iragarpen hori betez gero, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) 553 milioi euroko zenbatekoarekin itxiko luke ekitaldia, inoizko zuzkidurarik handiena. Zifra hau berriro hobetuko litzateke 2022an, finantza-tresna hori 568 milioi eurora iristea espero baita.
Banaketa
Herri Dirubideen Euskal Kontseilua telematikoki bildu zen abenduaren 28an, eta bertan erabaki zen Estatuak pandemiaren eraginek sortutako ezohizko gastuei aurre egiteko martxan jarritako funtsak proportzionalki lurralde historikoen artean banatzea. Guztira, 188 milioi euro ziren lurraldeei bideratu zirenak eta, horietatik, Ekarpenen Legean ezarritako koefizienteak oinarri hartuta, 62,9 milioi euro Gipuzkoari dagozkio. Baliabide horiek jaso bezain laster, Aldundiak lurraldeko udalekin banatzeko erabakia betearazi du, haiei bideratuz funts horien %40.
Funts hau modu proportzionalean banatuko da lurraldeko udalen arabera, UFFFa banatzeko erabiltzen diren irizpideak jarraituz. Honela, hiriburuak, Donostiak, 6.850.000 euroko ekarpena jasoko du. Lurraldeko udalerri nagusiak, bere aldetik, honako zenbateko hauek transferituko zaizkie: 2.131.000 euro Irunek; 1.337.000 euro Errenteriak; 942.000 euro Eibarrek; 783.000 euro Zarautzek; 746.775 euro Arrasatek; 691.000 euro Hernanik; 670.000 euro Tolosak; 626.000 euro Lasarte-Oriak; 569.000 euro Hondarribiak; eta 509.000 euro Azpeitiak.
6790