Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak 6 milioi bideratuko ditu enpleguaren kalitatea hobetu eta ekintzailetza babestera

Aldundiak 6 milioi bideratuko ditu enpleguaren kalitatea hobetu eta ekintzailetza babestera

4,1 milioi euro bideratuko ditu foru erakundeak enpleguaren kalitatea hobetzera, eta beste 2 milioi euro ekintzailetza babestu eta sustatzera

Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila

Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila


Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseilua 6 milioi eurotik gorako zuzkidura duten bi dirulaguntza deialdi onartu ditu gaurko saioan, Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez. Deialdi nagusiak 4,1 milioi euro aurreikusten ditu Gipuzkoako enpresa sarean eta ekosistema sozio-ekonomikoan enpleguaren kalitatea indartzeko. “Deialdia Gipuzkoako sare ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Aldundia egiten ari den estrategiaren parte da. Kalitatezko enplegua gure ongizatearen, gure bizi kalitatearen eta desberdintasunik gabeko gizartearen giltzarria da”, esan du Mendozak. Bigarren dirulaguntza deialdiak ia 2 milioi euro aurreikusten ditu, eta ekintzailetza eta ekintzaileak babestu eta laguntzea du xede.

            Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri ditu aipatutako neurriak. Kalitatezko enplegua bultzatzea duen deialdiari erreparatuta, deialdi honen onuradunen artean daude enpresak, enpresa elkarteak eta klusterrak, sindikatuak, ikastetxeak eta lurraldeko I+G+B zentroak. Informazioa eskuragarri dago Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia, eta eskaerak aurkezteko epea GAOn argitaratzearekin batera irekiko da  eta webgune honetan aurkeztu beharko dira: http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa.      

Mendozak zehaztu duenez, foru bozeramaileak zazpi laguntza ildo ditu dirulaguntza deialdiak: lantoki eraldatzaile eta jasangarriak garatzea helburu duena (1.200.000 euro); langileek enpresan parte hartzea sustatzea (850.000 euro); enpresetan enplegagarritasunerako gaitasunak eta konpetentziak bultzatzea, bizitza osoko ikaskuntzaren bidez (704.000 euro); emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea bultzatzea (225.000 euro); enpresak etorkizuneko enplegurantz eraldatzea (350.000 euro); bizitza osoko ikaskuntza sistemaren rola eta enplegagarritasuna indartzea (316.000 euro); eta ezagutza sortzea, transferitzea eta partekatzea Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan (500.000 euro).

“Enpleguaren etorkizuna Foru Aldundiaren jardunaren lehentasunetako bat izaten ari da legegintzaldi guzti honetan zehar”, esan du foru arduradunak. Gaineratu duenez, eraldaketa global, ekonomiko eta sozial handiek, zeinak gero eta bizkorrago gertatzen ari baitira, kezka handia sortzen dute herritarrengan gai horien inguruan. “Kontua ez da soilik galdetzea geure buruari nola eragingo diguten joera handi horiek, baizik eta aurrea hartzea eta ikustea zer urrats egin ditzakeen Gipuzkoak, kolektiboki, enpleguaren etorkizuna eta kalitatea bermatuko dituen eredu sozioekonomiko bat finkatzeko, ezaugarri ditugun indarguneak eta balioak oinarri hartuta”, azaldu du, gogoratuz Aldundiak think Tank talde espezifiko bat duela gai honen inguruan hausnartzen.

“Erronka horri ikuspegi orokor batetik heldu behar zaio, kalitatezko enplegua zentzu zabalean ulertu eta landu behar dugulako; ordainsariez gain, beste hainbat alderdi ere biltzen dituelako: hala nola kontziliazioa, hazkunde profesionala, lan ingurune erakargarria, prestakuntza eta talentuaren garapena, proiektuan parte hartzea…”, adierazi du foru bozeramaileak. “Funtsezko faktorea da gure enpresen lehiakortasun jasangarrirako, errotzea, produktibitatea, eraldaketa edo erresilientzia bultzatzen baititu. Langileekin konprometitutako enpresak, enpresekin konprometitutako langileak, eta lurraldearekin konprometitutako pertsonak, enpresak eta eragile sozial eta ekonomikoak behar ditugu. Enpleguaren etorkizuna erantzunkidetasunean oinarrituta baino ezin da bermatu. Hori da programa honekin indartu nahi dugun balioa”, amaitu du.

Ekintzailetza

Bigarrenik, gaur onartu da enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren aurtengo deialdia. Guztira, 1.976.500 euro bideratuko dira honetara. Kasu honetan, hiru laguntza lerrotan banatzen da deialdia: enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan –Txekin, 195.000 euro; emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea –Emekin, 320.000 euro–; eta oinarri teknologikoko enpresak eta/edo enpresa berritzaileak sortzeko prozesuan laguntzea –Txekintek-Barnetekin, 1.461.000 euro–. Oinarriak, dagozkien informazio eta baldintza guztiekin, laster argitaratuko dira GAOn.

Mendozak azaldu duenez, laguntza lerroaren helburua da, alde batetik, enpresen barne-ekintzailetza sendotzea, haien lehiakortasuna indartzeko eta negozio aukera berriak sortzeko. Bestetik, ekintzailetza aurreraturako baliabide gehiago bideratzea, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatutako eremuetan eraginez. “Izan ere, proiektu horiek gure sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta eraldatzeko gaitasuna dute, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan”, azpimarratu du. Mendozak gaineratu duenez, enpresa munduan emakumeen presentzia areagotzearen alde ere egin nahi da dirulaguntza lerro honen bidez.

“Pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzea beharrezkoa da gure sare ekonomikoa eta, horrekin batera, gure ongizate ereduaren oinarriak indartzeko. Gipuzkoan dauden potentzial, ekiteko gogo eta ezagutza guztiak bideratu behar ditugu, funtsezko aktibo baitira susperraldi ekonomiko eta soziala bizkortzeko”, defendatu du Mendozak. Horretarako, gaur onartutako laguntzez gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten duela gogoratu du: ELKARGIrekiko lankidetzaren bitartez, start up eta emakumeek bultzatutako enpresen finantzaketa errazten du urtero; BIC Gipuzkoaren eskutik, enpresa berritzaile berriak sortzeko prozesua eta nazioarteko azelerazio programak babesten ditu; RIS-3 europar estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroak hainbat sektoretan hedatzen ari da, hala nola zibersegurtasunean, mugikortasun berrian, gastronomia digitalean eta zahartze osasungarrian, bere helburuetako bat izanik ekintzailetza sustatzea eremu horietan; eta proiektu berritzaileak kapitalizatzen laguntzen du, funtsen edo Biozientziak Fundazioaren bidez. “Gainera, zerga arlotik ere, pizgarriak daude startup berritzaileetan edo enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik”, nabarmendu du foru arduradunak.

  

5773