Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 65 milioi euro biharko Gipuzkoa eraikitzeko proiektu estrategikoetara

65 milioi euro biharko Gipuzkoa eraikitzeko proiektu estrategikoetara

Zibersegurtasuna edota adinekoen arreta bezalako esparruak landuko ditu foru erakundeak, eta hauen gainean hasiko da eraikitzen biharko Gipuzkoa.

2017/09/19

Gipuzkoako Foru Aldundiak 65 milio euro bideratuko ditu 2018-2025 aldian etorkizuneko erronkei aurre egiteko ezinbestekoak diren proiektu estrategikoetara eta, bide honetatik, biharko Gipuzkoa eraikitzen hasi. Legealdiaren lehen erdian lurraldea modernizatzeko falta ziren proiektuak bideratuta utzi ostean, foru erakundeak etorkizuna “eraikitzeari ekin dio orain, agenda politiko berri baten eskutik”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak. Etorkizuna Eraikizen aterkipean, estrategia integrala jarri da abian eta zibersegurtasuna edota adinekoen arreta bezalako sektoreetan bost proiektu estrategiko nagusi garatuko dira; beste zazpi proiektu esperimental mendekotasunaren arreta edota euskarazko ikus-entzunezko edukien ekoizpena bezalako arloetan; eta, azkenik, Think tank indartsua ere jarri da martxan, jakintza berritzailea sortzea helburu duena.

            Agenda estrategiko berri honek gaur jaso Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren oniritzia, Pasaiako Albaolan egindako bilkuran. Topaketak agertoki aldaketa islatzea izan du xede, hitzetatik ekintzetara pasatuz; izan ere, azken egunotan iragarri ostean foru erakundea lanean hasia dela etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea helburu duen agenda politiko berriarekin, Aldundiak zehaztasuna eman dio orain bere proposamenari, “non, noiz eta nola gauzatuko den argituz. Mundua abiada bizian ari da aldatzen eta Gipuzkoa, lurralde bezala, prest egon behar du”, azaldu du diputatu nagusiak.

            “Legealdiaren lehen zatian, azken urteetan katigatuta egon diren eta Gipuzkoaren garapena oztopatzen ari ziren arazoak konpontze bidean jarri ditugu: hondakinen kudeaketa, bidesariak, errepideak… Orain, iraganari lotuta izan gaituzten eragozpenak paretik kendu eta gero, orain denok nahi dugun Gipuzkoa hori eraikitzeari ekin diezaiokegu: lurralde lehiakorra ekonomikoan eta gizarte, hizkuntza eta genero aldetik, munduko ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean kokatua”, nabarmendu du Olanok.

            Norabide berean sakondu du Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak. Esan duenez, agenda politiko berria  denbora luzean oztopatu duten antzinako eztabaida zirkular eta errepikariak atzean uzten dituzten ahaleginaren eta ikusmolde partekatuaren emaitza da. “Aldunditik gizarte osoarekin batera izan nahi dugu aurrean ditugun erronka globalei elkarrekin aurre egiteko prozesuaren buru. Izan ere, erronka horiek eragina izango dute lurraldeko herritarren eguneroko bizitzan, dudarik gabe. Eta horrexegatik, begirada eta tresna gipuzkoar peto-petoak erabiliko ditugu”.

            Agenda honek etorkizun hurbilari ahalik eta baldintza onenetan aurre egitea du helburu, egungo ongizate-maila bermatzeko. “Etorkizuna Eraikiz tresnaren bitartez, Gipuzkoak eginkizun propioa eta autonomoa erreibindikatzen du gure orainaren konplexutasuna ebazteko eta kudeatzeko. Funtsezkoa da gogoeta egitea, gizartearen osagai guztien gizarte-kohesioa iraunarazteko aberastasunaren banaketa bidezkoa nola ahalbidetu daitekeen aurkitzeko. Ildo horretan, modernizazioaren eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten dugu”, azaldu du Itxasok. Ukatu egin du, dena den, determinismo ekonomiko eta teknologikoa, aurrerabide horrek “giza aurpegia” izatea defendatu baitu.

            2016an zehar, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan, hausnarketa prozesu zabala egin zen lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko ezberdinekin. Topaketa horietan identifikatu ziren lan eremu nagusiak Gipuzkoako etorkizuna berme guztiekin eraikitzen hasteko. Hau da, lurraldearen garapenerako datozen hamar urteetan estrategikoak izango diren bost proiektu, eta beste zazpi proiektu “test fasean” daudenak. Hausnarketa hau gauzatu duen lan taldea, bere aldetik, Think tank egonkor bilakatuko da.

 

Zibersegurtasuna, adinekoen arreta…

Foru arduradunak azaldu duenez, agenda politiko berriak bost proiektu estrategikoren “lanketa” aurreikusten du: zibersegurtasun industrialeko zentroa; adineko pertsonen eta mendekotasunaren arretan erreferentziazko zentroa eta berrikuntza poloa; energia eraginkortasuna eta klima aldaketaren kudeaketarako berrikuntza poloa; etorkizuneko mugikortasun jasangarria bermatuko duten azpiegiturak; eta Koldo Mitxelena 2040 Kulturgunea. “Kasu guztietan, gero eta garrantzia gehiago duten alorrak dira eta epe ertain-luzean gure lurraldearentzat berebiziko garrantzia izango dutenak. Gaurtik hasten bagara, alor hauek lantzen, ziur egon bihar berme gehiagorekin egingo diegula aurre”, esan du Olanok.

            Zibersegurtasun industrialeko zentroari dagokionez, Olanok azaldu du lurraldeko enpresen lehiakortasuna babestera bideratutako ekimena dela: “Teknologikoki seguruak diren produktu eta zerbitzuak ekoitzi ditzaken industria izatea funtsezko elementua da euren jardueraren lehiakortasunerako”. 2018-2025 aldian 8,5 milioi euro bideratuko dira azpiegitura honetara, eta funtzio anitzak izango ditu: erasoei aurre hartu eta lehen mailako esku hartzeez gain, ikerketa, ebaluazioa eta kontrasterako laborategia izango du. Sentsibilizazio eta heziketa helburu duten ekintzak ere garatuko ditu eta, horretarako, gako izango da lurraldeko hezkuntza zentroekin hitzartuko duen aliantza”.

            Bestalde, adinekoen eta mendekotasunaren arretan erreferentziazko zentroa, Txintxerpen kokatuko da, eta Gipuzkoa alor honetan erreferente bilatzea du helburu. Diputatu nagusiak “berrikuntzan” jarri du azpimarra, hau izango baita azpiegituraren ezaugarri nagusia: “I+G+B unitatea izango du, uztartzeko gai izango dena arreta jarduera, jakintzaren kudeaketa eta adintze, osasun eta ongizate alorretako garapen teknologiko eta industriala”. Gaineratu du eremu berean “tokia izango dutela” baita ere jarduketa ezberdinek: “Pertsonan Zentratutako Arreta ereduan oinarritutako adinduei arreta, egoitza arreta iraunkorra eta behar sozialak dituzten beste kolektiboei zuzendutakoa, betiere egoiliarren arteko harremanak sustatuz”. Azkenik, zentroak hirugarren sektorearekin sinergiak eratu eta harremanak estutzeko ere balioko du. 2025 arte, 30,7 milioi inbertitzea aurreikusten dira.

            Hirugarren proiektuak, bere aldetik, bi zutabe nagusia izango ditu: alde batetik, klima-aldaketarako institutua, Gipuzkoako Ingurumen Gunean kokatuko dena; eta bestetik, esperimentazio poloa elektromugikortasunean eta energia efizientzian, kokapena oraindik zehaztugabe duena. Laugarren proiektuak mugikortasun jasangarria sustatzen duten azpiegiturak izango ditu xede, bi esparrutan lan eginez: lurraldeko bide berdeen berrindartzea, batetik, eta Gipuzkoarentzako trenbide eredu berriaren sustapena, bestetik. Azkenik, bosgarren proiektuan Koldo Mitxelena berrituko da, garai berrietarako egokitutako zentro moderno eta aurreratu bilakatzeko.

 

Zazpi proiektu esperimental

Honekin batera, Aldundiak zazpi proiektu esperimental ditu esku artean, hala nola, euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko fabrika, Tabakaleran egongo dena; gastronomia 4.0ko proiektua; turismo adimentsuarentzako teknologien garapenean oinarritutako beste bat; Gipuzkoa Coopera programa; kultura mezenasgoa bultzatzeko foru arau berria; eta bi arreta eredu berriren garapena, bata mendekotasuna duten pertsonen etxeko arretarako eta bestea babesik gabeko gazteen gizarteratzerako. 

            Diputatu nagusiak ohartarazi du proiektu hauek guztiak “testeko fasean” daudela. “Anbizioz ekin nahi dugu, gure lurraldea erreferente bilakatzeko etorkizunean garrantzitsu izango direla uste dugun sektoreetan. Bidaia berdinean, gure lurraldean dauden arazo ezberdinei konponbidea ematen diegu. Azken finean, gure helburua da esparru ezberdinetan apustuak egitea, mehatxu dena irauli eta aukerak baliatzeko”, esan du Olanok proiektu hauen inguruan.

 

Think tank berritzailea

Azkenik, Aldundiak bultzatzen duen agenda politiko berriak Think tank egonkorra eratzea aurreikusten du. Eragile honek erreleboa hartuko dio 2016 urtean, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan, lurraldearen etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko hausnarketa burutu zuen taldeari. Aldundia sustatzen ari den gobernantza ireki eta elkarlaneko eredua oinarri, Think tank honek jarraipena emango dio ahalegin horri, Gipuzkoako etorkizun ekonomiko, sozial eta politikoa bermatuko duten politika publikoak identifikatzeko.

            “Ez gara konformatzen erronkei sortzen joaten diren heinean erantzutearekin. Desafio horiei aurre hartu nahi diegu eta gure etorkizuna diseinatzerako orduan jarrera proaktiboa izan”, azpimarratu du diputatu nagusiak, gogoratuz lan hau lurraldeko eragile ezberdinekin “elkarlanean” egin behar dela: erakundeak, enpresak, gizarte zibila, teknologia zentroak, unibertsitateak eta herritarrak orokorrean. Amaitzeko, Olanok gogorarazi du inkesten arabera “etorkizuna” dela gaur egun herritarrek duten kezkarik nabarmenena. “Horregatik, etorkizun hori diseinatu eta eraikitzea guztion ardura da. Etorkizuna Eraikiz ekimenak, gobernantza eredu berri baten garapenaren bitartez, eragile guzti hauek prozesura ekartzea du xede”.

  

1675