Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak 75,8 milioi bideratuko ditu aurten enpresa sarea eta etorkizuneko ekonomiari lotutako proiektuak indartzeko

Aldundiak 75,8 milioi bideratuko ditu aurten enpresa sarea eta etorkizuneko ekonomiari lotutako proiektuak indartzeko

Foru diputatuek Ekonomia Sustapeneko, Lurralde Oreka Berdeko, Bide Azpiegituretako, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako, eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako departamentuetan 2024rako aurreikusitako partiden berri eman dute.

2023/11/14
Aurrekontual

Foru Aldundiak 75.785.579 euro bideratuko ditu 2024an jarduera ekonomikoa indartzera eta Gipuzkoan etorkizuneko ekonomiaren oinarriak ezartzeko proiektuak hedatzera. Ane Insausti diputatuak azpimarratu duenez, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak "inoiz baino baliabide gehiago" izango ditu lurraldeko enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraitzeko lantzen ari diren "eraldaketa handietan" –digitalizazioa, jasangarritasuna eta erronka demografikoa-; I+G+B zentroen sarearen jarduera sendotzeko eta indartzeko, "sare hori funtsezkoa baita gure lehiakortasuna eta ongizatea hobetuko dituen punta-puntako ezagutza sortzeko"; eta, azkenik, beste bultzada bat emateko mugikortasun berriaren edo teknologia kuantikoen eremuetan "lurraldearen potentziala hedatzeko" helburua duten proiektuei.

Departamentuaren aurrekontua 3,1 milioi igo da, hau da, % 4,3. Diputatuak Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean azaldu duenez, Ekonomia Sustapeneko Zuzendaritzak 26,2 milioi inguru izango ditu, eta horietatik ia erdia lehiakortasunari, ekintzailetzari, kalitatezko enpleguari, langileen parte-hartzeari, kudeaketa aurreratuari eta jasangarritasunari lotutako enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programetara xedatuko da. Halaber, laguntzak bideratuko dira Gipuzkoako ekosistemako eragileekin sinatutako lankidetza hitzarmenetara, enpresei laguntzeko eta enpresa-proiektuak hazteko, eta 3 milioiko partida bat esleituko da Parke Teknologikoari etorkizuneko erronketan laguntzeko.

Berrikuntza Zuzendaritzari dagokionez, aurten 16 milioi baino gehiago izango ditu, eta horietako asko, 10 milioi inguru, Gipuzkoako ikerketa ekosistemaren jarduera sustatzeko erabiliko dira, horrela, proiektuak garatzeko, ekipamendua eskuratzeko edo talentua erakartzeko. Beste multzo handi bat enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalari lotutakoa izango da, batez ere industria arlokoena, eta "Gipuzkoa Digitala" laguntza programa erabiliko da horretarako. Azkenik, enpresei gure mugetatik kanpora ateratzen lagunduko zaie, dela produktuaren bidez, dela ezarpenen bidez, dela ekintza sektorialen bidez.

Amaitzeko, Proiektu Estrategikoetako Zuzendaritzak 30,9 milioi ditu esleituta, zati handi bat, 22,8 milioi baino gehiago, MUBIL poloa hedatzeko, Insaustik azaldu duenez, "fase erabakigarriam" baitago, eta ez dira ahaztu behar etorkizuneko ekonomiarekin lotutako beste proiektu batzuk, hala nola teknologia kuantikoak, zibersegurtasuna edo terapia aurreratuak, bai eta bazterketa arriskuan edo egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea ere, 2 milioi euro xedatuko baitira horretarako. "Horren atzean ideia nagusi bat dago: ekonomia indartsu eta lehiakor bati eustea gizarte kohesionatua, berdintasunezkoa eta gizarte politikak eta kalitatezko zerbitzu publikoak dituena lortzeko bidea da", adierazi du bukatzeko Insaustik.

Lurralde Oreka Berdea

Bestalde, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak, lehen sektoreari bultzada bat emateko legegintzaldi honetan sortu denak, 45,8 milioiko aurrekontua izango du, iaz baino % 5,9 gehiago, Gipuzkoako etorkizuneko oreka egituratzeko. Xabier Arruti diputatuak azpimarratu duenez, "igoera ehunekorik handiena duen departamentua da, arlo horren aldeko apustu politiko irmoa egiten ari garen seinale", eta gaineratu duenez, bai Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendaritzak, bai Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak baliabide gehiago izango dituzte, 27 eta 16 milioi euro inguru, hurrenez hurren.

Arrutik lau eremu handitan banatu ditu departamentuaren jarduerak. Alde batetik, baserritarren jarduera babestera zuzendurikoak, lehiakortasuna, animalien osasuna, merkaturatzea, krisiaren aurkako neurriak, landa garapena, basogintza sektorea edo nekazaritza ekologikoa sustatzeko laguntzen bidez. Bestetik, ingurumenarekin eta biodibertsitatearekin lotutakoak, besteak beste, parke naturalen sarea, mendiko larreen kudeaketa jasangarria, espezie mehatxatuen babesa eta espezie inbaditzaileen aurkako borroka, edo baso suteak prebenitzeko baliabide berrietan inbertitzea.

Hirugarrenik, Landagipuzkoa ekimenaren bidez Gipuzkoako udalerri txikiak eta landa eremuak biziberritzera bideratutako programak aipatu ditu. Ekimen horrek jabetzen digitalizazioa, Interneterako konexioa, etxebizitzaren sustapena, eguzki plaken instalazioa edo mugikortasun jasangarria aurreikusten ditu. Eta laugarrenik, Arrutik bereziki nabarmendu ditu Aldundia “esperimentazioan” eta “berrikuntzan” oinarrituta garatzen ari den etorkizuneko proiektuak: baso kudeaketa jasangarrirako Basotik programa abian jartzea, Elikadura Jasangarriaren Misioa, belaunaldi erreleboa, zerbitzu ekosistemikoen balorizazioa... "Ondo baino hobeto dakigu ausartak eta asmo handikoak izan behar dugula, politika arruntetatik harago, lehen sektorearen oinarriak ezarriko dituzten proiektu berriak aurrera ateratzeko, betiere ikuspegi eraldatzailea jomuga dugula. Izan ere, gaur bertan hasi behar dugu etorkizuna ziurtatzen", amaitu du diputatuak.

Bide azpiegiturak

Bide Azpiegituretako departamenduak aurtengo kopuru paretsua izango du, igoera txiki batekin. Hala, 109,4 milioi euroko aurrekontuarekin, 2024 urteari dagokionez, erronka nagusi bati aurre egingo dio departamentuak, Maria Ubarretxena diputatuak azaldu duenez: “Lurraldeko errepide sare osoa segurtasun eta erosotasun baldintza onenetan mantentzeko beharrezko lan eta inbertsioekin jarraitu, eta digitalizazioan eta jasangarritasunean jauzia emateko oinarri definitiboak ezarriko dira”. Horretarako, ohiko artapeneko gastuak mantentzearekin batera (47 milioi euro), tunelak egokitzeko lanek, azpiegitura klabeen birgaitzeak eta berrikuntza teknologikorako ekimenen garapena izango dira apustu nagusiak.

Obra nabarmenen artean aurkitzen dira A-15eko Oindolar eta Gorosmendi tunelen eraberritze lanen fase berria (16 milioi euro), GI-20an Donostian Marrrutxipiko lotunea amaitzeko 4 milioi euro ala Azkoitia Urretxu errepidearen bigarren faseari ekiteko 3 milioi euro. 2024an arreta berezia emango zaio herri txikietako errepide eta sarbideen

hobekuntzari eta, horretarako, diru-laguntza lerro berria eta hainbat obratarako 615.000 euro erabiliko direla azpimarratu du Ubarretxenak. Berrikuntzari eta jasangarritasunari dagokionez, ekimen ezberdinak eta ‘Gipuzkoa Living Lab’ garatzeko inbertsio eta ikerketa berriak jarriko dira martxan. Hala, digitalizaziora bideratutako partida guztien batura ia 5 milioi eurokoa izango da datorren urteari begira.

Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren 2024rako aurrekontua 89.833.410 eurokoa da. Kantitate hau %1,48ko igoera dakar 2023koaren aldean, honela banatuta: 64.516.875 euro Mugikortasunerako eta Garraio Publikorako, 18.890.871 euro Lurralde Antolaketarako eta 3.907.122 euro Turismo zuzendaritzarako. Berdintasuna, justizia soziala eta iraunkortasuna dira aurrekontu hauen euskarri nagusiak. Departamentuak Gipuzkoako herritarrekin duen konpromisoa gauzatzen duten gizarte-aurrekontuak, Garapen Iraunkorreko Helburuak bermatzen dituzten politika publikoak norabide guztietan aplikatzeko helburuarekin, batez ere berdintasunaren, inklusibotasunaren eta espazio publikoak berroneratzearen esparruan.

Azahara Dominguez diputatuak nabarmendu duenez, "garraio publikoa eskaintzera bideratutako aurrekontuak dira, gizarte kohesionatu eta berdinzale baten oinarria, kalitatearen eta eskuragarritasun unibertsalaren ikuspegitik, eta lurraldearen luze-zabalean kalitatezko eta aberastasuneko enplegua sortzen duen elementu gisa turismo-jarduera duena. Azken legegintzaldietan ohikoa den bezala, espazio publikoen okupazioaren gainetik dagoen berroneratzearen aldeko apustua egingo dugu".

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak 69.000.000 euroko aurrekontu bat aurkeztu du 2024. urterako. Aurrekontu honek, finantza-baliabideak esleitzeaz gain, berdintasunarekiko, irisgarritasunarekiko eta herritarren parte-hartzearekiko konpromiso sakona ere islatzen du.

Kulturan inbertitzeak tokiko nortasuna aberasteko konpromiso sendoa erakusten du. Baliabide ugari erabiliko dira (38.8 milioi euro) hainbat ekimenetarako, hala nola Koldo Mitxelena Kulturunearen obretarako, eta, hala, nabarmendu da garrantzitsua dela ezagutza babestea eta informazioa eskuratzeko aukera ematea instalazio modernoagoetan eta publiko mota ororentzat egokitutakoetan. Nabarmentzekoa da kultura-ekintzaileei lagunduko zaiela, sektorearen bizitasun ekonomikoari laguntzeko. Gastu arruntetarako eta dirulaguntzetarako 20,8 milioi euro inguru esleitzeak ikuspegi orekatua adierazten du: azpiegiturak eta hazten ari diren sormen-ekimenak, bi-biak hartzen dira kontuan. Kultura ikuspegi inklusibo batetik lantzen da, kultura eskuragarria eta berdintasunezkoa garatzeko programa espezifikoen bidez.

Jarduera fisikoa desberdintasunaren eta bazterkeriaren aurkako aktibo gisa hartzea, horixe da Kirol Zuzendaritzaren ikuspegi integrala. 18,26 milioi euroko aurrekontuarekin, osasuna sustatzeaz gain gizarte-kohesioa ere sustatzen duten jarduera fisikoko ibilbideak ezarri nahi dira.

  

1820