Aldundiak A-15 autobidearen egoeraren berri emango du Telegram bidez
Aldundiak A-15 autobidearen egoeraren berri emango du Telegram bidez
“ELURRA A-15 NIEVE” kanalera gehituta, elur arriskua dagoenean, autobidea zabalik edo itxita dagoen jakin ahalko da.
2021/12/15
Gipuzkoako Foru Aldundiak Telegram taldea sortu du, elur arriskua dagoenean, A-15 autobidea zabalik edo itxita dagoen jakin ahal izateko, momentu oro.
Telegram kontua izanez gero, lupa sakatuz “ELURRA A-15” bilatu besterik ez dago, eta kontua ez dutenek ondorengo lotunetik ere sar daitezke: https://t.me/elurraA15nieve
Kanala publikoa da, edozeinek jarraitu dezake taldea (Telegrameko kontua izanez gero), eta edozein momentuan utzi daiteke jarraitzeari, baita ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrei gogorarazi nahi du 700 metrotik behera elurra hasten denean A-15 autobidea itxi egingo dela bi noranzkoetan, Andoaingo lotunetik Berastegiko lotuneraino, Gipuzkoako zatian.
Errepidea ez da itxiko elurra hasi arte. Errepideko langileek eta zirkulazioa arautzen duten agenteek adostuko dute A-15 errepidea ixteko unea. Eta irekitzeko, berdin jokatuko da: elurra gutxitu ondoren, lekuan bertan erabakiko da errepidea modu seguruan irekitzeko baldintzak betetzen diren ala ez. Autobidea itxita dagoen denboran, zirkulazioa Berastegitik Tolosarako errepidera desbideratuko da.
Hala ere, A-15a itxita dagoen bitartean, debekatuta egongo da kamioiak GI-2130 errepidetik ibiltzea. N-I errepidea edo Sakanakoa erabili beharko dute Gipuzkoara iristeko edo Nafarroara joateko. Ibilgailu arinek Tolosatik Berastegirako bidea erabili ahal izango dute, eta, ondoren, A-15era sartu Nafarroako noranzkoan. Nafarroako Foruzaingoak eta Ertzaintzak trafikoa bideratzen lagunduko dute.
4172