Aldundiak Arbesko egoitza berriaren obra eta kudeaketa esleitu ditu, 2026an martxan egongo dena
Aldundiak Arbesko egoitza berriaren obra eta kudeaketa esleitu ditu, 2026an martxan egongo dena
Arbesko Egoitza entitateak idatziko du proiektua, egoitza eraikiko du eta 22 urtez kudeatu.
Arbes
Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru agindu baten bidez, Arbesko Egoitza entitateari (GSR kooperatibak, Kreanek eta Altuna y Uriak osatua) esleitu dio Irungo Arbesko egoitza berriaren proiektua egitea, azpiegitura 24 hilabeteko epean eraikitzea eta 22 urtez kudeatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak pasa den ekainean onartu zuen Irungo Arbes auzoko gizarte-zerbitzuen zentroaren proiektua idazteko, zuzendaritza fakultatiborako, eraikuntzarako, ekipamendurako eta ustiapenerako obra-emakidaren kontratazio-espedientea, 271 milioi euroko oinarrizko lizitazio-aurrekontuarekin. Kontratuan ezarritako epeen arabera, obra 2023 urtearen amaieran hasiko dela aurreikusten da, eta egoitza 2026an martxan egongo dela.
Eider Mendoza foru bozeramaileak zehaztu duenez, kontratuak 24 urte eta sei hilabeteko iraupena du formalizatzen denetik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean egingo dena, eta lizitazioa 263.681.347,65 euroan esleitu da. “Garrantzi handiko proiektua da Irunentzat, baita Gipuzkoa osoarentzat ere. Konplexutasun handiko espedientea da, baina foru-teknikariek, Irungo Udaleko teknikariekin lankidetzan, hilabete luzez lan handia egin ondoren, dagoeneko esleitu da”, adierazi du Mendozak.
“Adineko pertsonentzako arreta eta zaintza ereduaren eraldaketan murgilduta dago Gipuzkoa, eta Arbesko egoitzak balio handiko ekarpena egingo du apustu hori zabaltzeko eta etorkizuneko zainketetarako trantsizioa gauzatzeko”, foru bozeramaileak zehaztu duenez. Gogorarazi duenez, egoitza berriaren proiektua aurreko legealdiaren amaieran aktibatu zen, baina geldialdia izan zuen COVID-19aren pandemiaren etorrerarekin. Iazko ekainean, Aldundiak proiektua berrabiarazi zuen, garai berrietara egokituta eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bultzatzen ari den aldaketa sistemikoaren eredu bezala.
Arbesko gizarte-zentro berriak mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 130 egoitza-plaza izango ditu; horietatik 15ek unitate psikogeriatrikoa osatuko dute, eta gainerakoak bizikidetza-modulu txikietan antolatuko dira, eta, gehienbat, banakako geletan. Gainera, Irungo Udalarekin hitzarmena sinatzearen ondorioz, Aldundiari partzela lagatzeaz gain, tutoretzapeko 54 apartamentu plaza finantzatuko ditu. Eremu hori udalaren eskumenekoa da, eta I. mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzat diseinatuta dago. Egoitza berriak, halaber, mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako eguneko zentroko 30 plaza izango ditu, baita desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzak dituzten apartamentuetarako 26 plaza eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroko 25 plaza ere.
Eider Mendozak azpimarratu duenez, Foru Aldundiaren helburua Gipuzkoa zaintza lurralde bihurtzea da, pertsonengan oinarritutako eredu batekin eta komunitatearen parte-hartzearekin. Bozeramailearen hitzetan, trantsizio hori gauzatzea “erabateko lehentasuna” da Aldundiarentzat, lurraldea zaintzaren abangoardian jartzea eta lurralde osora iritsiko den aldaketa sistemikoa bultzatzea baitu helburu. “Gipuzkoan, zorionez, punta-puntako gizarte-politiken eredu aitzindari bat dugu, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetzan oinarritua, eta sendotasun hori baliatu nahi dugu eredu berrirako trantsizioan aurrera egiten jarraitzeko”. Ildo horretan, gaineratu du Arbesko egoitza berria “Gipuzkoan lantzen ari garen zainketa-eredu berri horren adibide argia izango da”.
Herritarren proiektuak
Honekin batera, Diputatuan Kontseiluak oniritzia eman dio Herritarren Proiektuak garatzeko Etorkizuna Eraikiz-ek urtero egiten duen laguntzen deialdiari, 700.000 euroko zuzkidurarekin; erakunde, elkarte, fundazio, enpresa, unibertsitate edo partzuergoei zuzenduta, hain zuzen. Laguntza horien bidez, lurraldearen etorkizuneko erronkei eta beharrei modu kolaboratiboan heltzeko edo erantzunak aurkitzeko ekimenak planteatu eta garatu nahi dira, Etorkizuna Eraikiz-en helburuekin bat. Laguntzak ekimen berrietara edo Etorkizuna Eraikizen esparruan jadanik garatzen ari diren ekimenetara bideratuko dira, eta proposamenek lurraldearen erronkak eta beharrak detektatu beharko dituzte, horiei aurre egiteko moduaren diseinua planteatu beharko dute, eta erronka horien erantzunak aztertu beharko dituzte ingurune errealetan esperimentatuz, eragileen arteko lankidetzaren bidez eta emaitza horiek, azkenik, Aldundiaren politika publikoetan aplikatzeko.
Deialdi berri honek, proiektu berriak sartzeaz gain, berrikuntza gisa, aurreko deialdietan garatutako proiektu esanguratsuei jarraipena ematea bilatzen du, zabalkundea eta eskalagarritasuna emanez. Beraz, aurtengo deialdiak bi kategoria izango ditu: batetik, 300.000 euro bideratuko dira esperimentazioan aurrera egin duten aldez aurretik diseinatutako ekimenak ezartzea helburu duten proiektu esperimentaletarako, eta, bestetik, esplorazio-proiektu berriak sustatuko dira, esperimentazioaren, kontrastearen eta bideragarritasun-azterketaren oinarrizko maila bat dutenak; 200.000 euroko guztizko zuzkidurarekin.
Bai proiektu esperimentalek bai esplorazio-proiektuek erronka hauei erantzun behar diete, lankidetzan garatuta eta osagai berritzaile batekin: Gipuzkoa kohesionatua, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna, lurralde-oreka berdea, administrazio publikoen eraldaketa, nazioarteko esperientzien ikaskuntza, edo berrikuntza ez-teknologikoa sustatzea.
3949