Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak ‘Bagara’ ireki du, buru osasun arazoak dituzten pertsonentzako zerbitzu “berritzaile, komunitario eta autokudeatua”

Aldundiak ‘Bagara’ ireki du, buru osasun arazoak dituzten pertsonentzako zerbitzu “berritzaile, komunitario eta autokudeatua”

Clubhouse ereduan oinarritutako baliabidea da, epe luzerako harremanak eraikitzeko aukera ematen duena eta, aldi berean, gizarteratzea eta laneratzea erraztuz.

Bisitako irudi bat.

Duela urtebete, 2022ko urtarrilaren 12an, eman zituen lehen urratsak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gureak elkarteak bultzatutako ‘Bagara’ ekimenak, Donostiako Easo kalean buru osasun arazoren bat duten pertsonentzako topagune izateko helburuarekin. Donostiako Easo kalean kokatuta dagoen zerbitzu berritzailea da, pilotu gisa abian jarri dena, eta berreskurapenean oinarritutako eguneko zerbitzua eskaintzen duen gizarte-baliabide kontzeptu berri bat osatzen duena. ‘Bagara’ ekimenak integrazio komunitarioaren aldeko apustua egiten du, pertsona hauek errekuperatzeko lehen urratsak eman ditzaten eta, aldi berean, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin lotutako estigmak apurtzea bilatzen du.

Baliabidearen xede-publikoa, osasun mentaleko arazoren bat izateaz gain, isolamendu arriskuan dauden pertsonak dira. Hala, ‘Bagara’ programan sartzeko baldintza bakarra osasun mentaleko diagnostiko bat eta profesional baten jarraipena izatea da; beraz, bisita bat eta elkarrizketa bat egin ondoren, berehalako sarrera egin daiteke.

          Gaur goizean, proiektua abian jarri zenetik 365 egun igaro direnean, ‘Bagara’ komunitatea osatzen duten kideek Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunei erakutsi diete beren egunerokoak zertan datzan, baliabidearen funtzionamendua zein den, baita bakoitza egiten ari den aurrerapena ere. Bisita ‘Bagara’-ko zazpi partehartzailek gidatu dute, haiek laguntzen dituzten bi profesionalekin batera, eta bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua.

Beste gai askoren artean, azaldu dute espazio honen izaera berritzailea zerbitzuaren funtzionamendua autokudeatua izatean datzala eta kidetasunaren bidez egituratzen dela. “‘Bagara’-ko kideak gara, eta komunitate horretako kidetzat hartzen dugu geure burua”, zehaztu dute. ‘Bagara’ ekimenaren funtzionamenduaren oinarrizko elementuetako bat da, eta sortzen den erantzunkidetasuna ezinbestekoa da baliabideak arrakasta izan dezan. Gainera, kideek baliabide malgua dela azaldu dute, non beraiek erabakitzen duten zertan eta noiz parte hartu nahi duten. Beraz, osasun mentaleko arazoren bat duten pertsonek autokudeatutako lehen komunitatea da hau, eta bizi-kalitateari dagokionez hobekuntzak sustatzea du helburu.

Diputatu nagusiak, ‘Bagara’-ko kideek eginiko ongietorria eta emandako azalpen guztiak eskertzeaz gain, gizarte baliabide honen ezaugarri berritzailea azpimarratu du, “non partehartzaileak beraiek diren eguneroko erabakiak hartzen dituztenak, euren kezka eta helburu pertsonalen arabera”. Gaineratu duenez, metodologia horrek aukeratzeko gaitasuna aitortzen eta estimulatzen du, baina maila kolektiboan, baita indibidualean ere, “non komunitateak funtsezko zeregina betetzen duen”.

Kide bakoitzak banakako plan bat du, hainbat esparrutako helburu pertsonalak islatzen dituena, eta hori guztia modu holistikoan lantzen da, erabiltzaileek proposatu eta kudeatzen dituzten jarduera, prestakuntza eta tailerren bidez. Gainera, arreta ikuspegi horretatik, uste da berreskuratze prozesuak lortura estua duela gizarteratze prozesuekin, ongizate emozionalarekin eta fisikoarekin. “Azken helburua gure bizitza proiektua eraikitzeko espazio bat sortzea da”, adierazi dute kideek.

Eredu berritzailea Gipuzkoan

‘Bagara’ zerbitzua osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako eskaintza zabaltzeko beharretik sortu da. Izan ere, badago ehuneko bat gizarte baliabideetan artatua ez dagoena eta horrek, kasu askotan, gaixotasuna bera larriagotzen duen isolamendua ekar dezake.

          Horregatik, Gureakek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Clubhouse-n inspiratutako eredu bat ekarri dute Gipuzkoara. Eredu hori 30 herrialde baino gehiagotan dago, eta 320 Clubhousetik gora ditu. Maila integralean suspertzeko aukera ematen diete kideei, gizarteratzea eta laneratzea erraztuz eta bizi-kalitatean eragin positiboa izanez.

          ‘Bagara’ proiektua 2022ko urtarrilaren 12tik ari da garatzen Gipuzkoan, proba pilotu gisa, eta 2023ra arte iraungo du, orduan egingo baita azken balorazioa eta jarraipena ebaluatuko da. Proiektu honen ezaugarri nagusiak dira baliabidearen malgutasuna, izaera komunitarioa eta gipuzkoar guztientzat irekita dagoela, doakoa izateaz gain.

Lehen urte honetan 'Bagara' ekimenetik igaro diren 31 kideetatik, 9 pertsonak prestakuntzaren bat egin dute, 6 enplegu bilaketa aktiboan hasi dira, 5ek enplegu bat aurkitu dute eta 5 beste baliabide batean sartu dira, hala nola, okupazio-zerbitzuak edo errehabilitazio psikosozialerako zentroetan.

  

5014