Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak berretsi egin du indarkeria matxistaren aurka buru-belarri lanean jarraitzeko konpromisoa

Aldundiak berretsi egin du indarkeria matxistaren aurka buru-belarri lanean jarraitzeko konpromisoa

Erakunde adierazpena onartu du gaur Kontseiluak, etzi ospatzen den Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko egunaren harira.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Eider Mendoza foru bozeramailea.


Ostegun honetan, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da eta, horren harira, erakunde adierazpena onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Bertan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako III. Foru Planean jasotako lan ildo nagusietan jaso bezala, foru erakundeak berretsi egiten du indarkeria matxistaren aurka buru-belarri lanean jarraitzeko konpromisoa. “Azken urteotan, erakundeen eta gizarte osoaren agendetan garrantzia nabarmena hartu du emakumeen aurkako indarkeria matxistak. Gure gizarteak urrats garrantzitsuak eman ditu berdintasun handiagoko gizarte bat eraikitzeko ahaleginean, baina lanean jarraitu beharra dago”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan gogoratu duenez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak azaroaren 25a izendatu zuen, orain dela bi hamarkada baina gehiago, indarkeria matxista salatzeko mugimendu feministak urte luzez egindako mobilizazioen zentzua eta garrantzia aitortuz. “Azaroaren 25 honetan adierazi nahi dugu oraindik ere asko daukagula egiteko. Indarkeria matxista baita emakumeen aurkako giza eskubideen urraketa hedatuena, iraunkorrena eta gogorrena gaur egungo munduan, baita gure gizartean ere”, aldeztu du Mendozak.

Foru arduradunak nabarmendu duenez, beharrezkoa da indarkeria matxistaren egiturazko jatorriari erreparatzea eta haren dimentsio guztiei heltzea. “Gipuzkoak helburu argi bat jarri dio bere buruari: Europan desberdintasun maila txikiena duten lurraldeetako bat izan nahi du, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean ere. Xede horretan aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa da biolentzia matxistarik gabeko gizarte baterantz urrats sendoak ematen jarraitzea”, aldeztu du. Horretarako, bere ustetan, guztion arteko, eragile sozial eta instituzionalen arteko, lankidetza bideak indartu behar da, are eta eraginkorragoak izateko eta berdintasunerantz eman beharreko eraldatzea gauzatzeko.

          Adierazpenean jasotako konpromisoei erreparatuz, foru diputatuak esan du Aldundiak Emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioan, prebentzioan eta prestakuntzan aurrera egiteko lanen jarraituko duela, bereziki belaunaldi gazteenetan. Aldi berean, lurraldean emakumeen aurkako indarkeria matxistari arreta emateko eredua indartzeko konpromisoa ere berritu du, bai eta erakundeen arteko koordinazioa sustatzearena. Honekin batera, onartu berri den Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna Lortzeko eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legeak jasotzen dituen neurri berriak gauzatzearen alde ere agertu da, betiere foru erakundeak dituen eskumenen baitan.

“Era berean, Azaroak 25 honetan, azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, ezinbestekoa dela gizonezkoen konpromisoa. Berdintasun ezaren aurka kokatuko diren eta korporatibismo matxista hautsiko duten gizonezkoen konpromisoa”, nabarmendu du. Eder Mendoza foru bozeramaileak, baita ere, bere “gaitzespen irmoa” azaldu du azken egun hauetan Gipuzkoan izan diren eraso matxistak direla eta. Adierazi duenez, “emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira” eta halako kasuek gogoratzen digute “asko” dugula oraindik egiteko “biolentzia matxistarik gabeko lurraldea” eta emakume eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean.

 

Trantsizio ekologikorako laguntzak

Bestalde, gaur onartu dira Gipuzkoako enpresa sarean eta ekosistema sozioekonomikoan trantsizio ekologiko jasangarria eta justua sustatzeko programaren aurtengo laguntza deialdia. Guztira, 1.240.500 euro bideratuko ditu foru erakundeak dirulaguntza deialdi honetara. “Honen bitartez, jarduera ekonomikoa eraldatzen eta sektore ekonomiko desberdinetako enpresak egokitzen laguntzea da helburua”, esan du Mendozak. Hiru azpilerro dituzte laguntzek: trantsizio ekologikoa enpresetan bultzatzeko proiektuak; bizialdi osoko ikaskuntzarako sisteman pertsonen trebezia eta gaitasun ekologikoak sustatzeko proiektuak; eta Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan haren eraldaketa ekologikorako ezagutza sortu, transferitu eta partekatzeko proiektuak.

“Gipuzkoan, hiru kontzeptu integratu nahi ditugu, produktibitatea, enplegagarritasuna eta gizarte kohesio inklusiboa. Hazkunde berdeko eredu batean, alegia, garapen ekonomiko indartsu eta orekatua eta gizartearen ongizatea sustatuz”, azaldu du foru diputatuak. Honek batera, aldi berean, “aktibo naturalek gure ongizate ereduaren oinarri diren ingurumen baliabideak eta zerbitzuak ematen jarraituko dutela” gaineratu du Mendozak. “Horretarako, negozio eredu berdeak dituzten enpresa erresilienteak sortzera bideratu behar ditugu ahaleginak”, gaineratu du. Europar Batasunaren aginduari jarraikiz, eremu hauetan jardun beharko duela nabarmendu du: prebentzioa eta arintzea, ekonomia zirkularra, energia jasangarria, balio katea, natura eta biodibertsitatea. Honek guztiak zuzeneko eragina izango du pertsonengan eta enpresetan. “Ekonomiaren trantsizio ekologikoaren jardueretan eta enpleguan dauden aukerak optimizatu behar ditugu, eta trantsizio horretan langileei tratamendu ekitatiboa eta solidarioa bermatuko dieten neurriak identifikatu eta hartu behar ditugu”, adierazi du.

Foru arduradunak esan duenez, Gipuzkoan, gero eta enpresa gehiagok ulertu dute premia hori, eta azkar eta erabakitasunez ari dira lanean. “Horietako askok dagoeneko beren gain hartu dute klima neutraltasunaren eta jardueren eraldaketa ekologikoaren ikuspegia”, azaldu du. Bere ustez, prozesu horrek guztiak bidelagun izango diren politika publiko jakin batzuk behar ditu: enpresei eta haien negozio ereduei eboluzionatzen eta pentsatzen lagunduko dizkietenak, jasangarritasunari eta klima inpaktuari dagokienez. “Aldundiak trantsizioa indartzeko konpromisoa hartu da, eta jarduera ekonomikoari eta enplegu berriaren sorrerari laguntza irmoa emango zaio ondorioz. Hori bilatzen dugu laguntza lerro honen bitartez”, azpimarratu du.

  

3183