Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Bizikletaren Eguna ospatuko du herrietako bidegorrientzako laguntzak emanez eta Gipuzkoan informazio-panel berriak ipiniz

Aldundiak Bizikletaren Eguna ospatuko du herrietako bidegorrientzako laguntzak emanez eta Gipuzkoan informazio-panel berriak ipiniz

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako 150.000 euroko laguntza bideratuko du bidegorriak eraikitzeko

2018/04/18

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako 150.000 euroko laguntza bideratuko du bidegorriak eraikitzeko.

Bizikletaren Mundu Egunarekin bat etorriz, datorren ostegunean, apirilak 19, informazio-kartel berriak ipintzen hasiko dira Gipuzkoako hainbat bizikleta-ibilbidetan. Halaber, Gipuzkoa inguruko lurraldeekin bizikletaz lotzeko mapa erakusten duten 2.000 liburuxka banatuko dira.

Marisol Garmendia sozialista buru duen Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, beste urte batez, Bizikletaren Mundu Eguna ospatuko du datorren ostegunean, apirilak 19. Mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua, eta Gipuzkoan eguneroko garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzeko eta indartzeko hainbat ekintza burutuko dira, gipuzkoarrei eta bisitariei lurralde honetako bidegorrien foru- eta toki-sarea ezagutzen lagunduko dieten informazio- eta dibulgazio-euskarriak hobetuz. Horretarako, toki-mailako bidegorrien eraikuntza eta hobekuntza finantzatzeko udal txikiei emandako diru-laguntzez gain, Gipuzkoako bidegorrien eta Gipuzkoa Nafarroarekin, Iparraldearekin, Arabarekin eta Bizkaiarekin lotzen dituen bizikleta-bideen mapa berri bat editatu eta banatuko da. Halaber, Gipuzkoako lurraldean zehar, bizikleten ibilbideei buruzko informazio-panel berriak ipiniko dira.

Aurten, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, bidegorrien toki-sarea eraikitzeko, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako laguntzak bikoiztu egin ditu, guztira, 150.000 euro banatuz. Iragan asteartean Diputatuen Kontseiluak onartutako laguntza horien artean ondoko hauek daude: 2018. urtean gauzatuko diren toki- eta udal-sarean sartutako bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak eraikitzeko eta hobetzeko obrak gauzatzeko jarduketak.  

Marisol Garmendia diputatuak adierazi bezala, “jakin badakigu bizikletentzako eta oinezkoentzako bideak eraikitzeko zenbat ahalegin egiten ari diren udalak; horregatik, aurten, laguntza hori bikoizteko aukera izan dugu, eta iaz 75.000 eurokoa izan zen laguntza, aurten 150.000 eurotara igo dugu. Aldundiak 5 milioi euro inbertituko ditu 2018an Gipuzkoan bidegorrien sarea handitzeko eta hobetzeko”.

Datorren ostegunean, apirilak 19, Bizikletaren Mundu Eguna ospatzen dela aprobetxatuz, Gipuzkoako bidegorrien foru-sareari buruz herritarrei zuzendutako informazioa hobetuko duten dibulgaziozko hainbat ekintza gauzatuko dira.

Horri loturik, Gipuzkoako lurraldeko bizikletentzako hainbat ibilbidetan informazio-kartel berriak ipintzen hasiko dira. Joan-etorriak bizikletaz egitea errazteko eta Gipuzkoako bidegorrien sarearen erabilera sustatzeko asmoz, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak informazio-kartelak ipiniko ditu bidegorrien 8 ibilbidetan: Pasaia – Arditurri (Oiartzun), Lasarte-Oria – Añorga, Andoain – Leitza, Irun – Endarlatsa, Tolosa – Ormaiztegi, Zumarraga – Azpeitia, Eskoriatza – San Prudentzio – Bergara – Oñati eta Soraluze – Antzuola.

Kartel horietan, lehen aldiz, ibilbide bakoitzaren guztizko kilometro kopurua, gurutzatzen dituen udalerriak, udalerri batetik bestera dauden kilometroak eta erabiltzaileentzako interesgarria izan daitekeen informazioa —iturriak, atsedenguneak, udalerrien informazio-puntuak, Lurraldebus eta trenen sarea bezalako beste garraiobide publikoekin konexioak, monumentuak edo toki turistiko interesgarriak adibidez— adierazten dira. Kartel berri horietan ere adieraziko da ibilbide horietatik zein dauden burdinbide berde gisa sailkatuak edo zeintzuk dituzten burdinbide berde tarteak.

Gainera, ostegunean, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak Bizikletaren Mundu Eguna dela eta editatu diren 2.000 liburuxka banatuko ditu, Gipuzkoako foru-bidegorrien hainbat puntutan, bizikleta bidez banaketa egiten duen Txita enpresaren bitartez. Liburuxka horietan, Gipuzkoa Bizkaiarekin, Arabarekin, Nafarroarekin eta Iparraldearekin bizikleta bidez lotzeko bideak erakutsiko dituen mapa bat, bizikleta hartu aurretik kontuan izan beharreko hainbat gomendio praktiko eta lurralde diferentetako herritarren artean txirrinduari lotutako terminologia partekatzeko hiztegi hirueledun txiki bat aurkituko ditugu. Marisol Garmendiak azpimarratu bezala, "Gipuzkoa Nafarroarekin eta Pirinio Atlantikoekin mugaz gaindiko Ederbidea izeneko proiektu bat partekatzen ari da, hiru lurralde horiek bidegorri bidez lortzeko. Horregatik, egokia iruditu zaigu argitalpen hau hiru hizkuntzatan egitea, elkarren arteko lanari jarraipena emanez, eta gure ingurune hurbilean garraiobide iraunkor eta osasuntsu gisa bizikleta aukeratzen duten pertsonen arteko ezagutza eta komunikazioa erraztuz”.

  

1294