Aldundiak DenokZu sentsibilizazio kanpaina zabaldu nahi du Gipuzkoako udalen eskutik
Aldundiak DenokZu sentsibilizazio kanpaina zabaldu nahi du Gipuzkoako udalen eskutik
Markel Olano diputatu nagusiak azpimarratu du indarkeria matxistaren aurrean gizarte guztiaren inplikazioa ezinbestekoa dela
Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aldundiak “DenokZu” sentsibilizazio kanpaina jarri zuen martxan iaz, Aurre! planaren barruan, eta Gipuzkoako udalekin elkarlanean hedatuko du orain. Herritarrak sentsibilizatzea helburu duen kanpaina hau udalen bitartez zabaltzea ezinbestekotzat jotzen du Aldundiak, “behar-beharrezkoa baita gizarte guztiaren inplikazioa, herritar, eragile eta erakundeena, indarkeria matxistarekin behin betiko bukatzeko”, adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.
Azken aste hauetan Aldundiko ordezkariak bailaraz bailara ibili dira herri guztietako alkate, zinegotzi eta teknikariekin bilerak eginez. Topaketa hauetan, esaterako, udako festa nagusien aurrean protokoloa lantzen hasi dira, edozein gertakariren aurrean erantzun bateratua emateko. Gaur Donostialdeko udalekin lan bilera egin dute diputatu nagusiak eta Miren Elgarrestak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Organoko zuzendariak. Udal erakundeen aldetik, Eneko Goia, Donostiako alkatea; Zorione Etxezarraga, Astigarragako alkatea; eta Urnieta, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo zinegotzi eta teknikariek parte hartu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezko helburutzat du Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea, berdintasunaren alorrean bereziki. Xede horri erantzuteko plan aurrekari eta berritzaile ezberdinak jarri dira martxan, Aurre! Foru Plana esaterako. Egitasmo honek, biktimei arreta eskaintzeaz gain, prestakuntza, ikerketa, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere kontuan hartzen ditu.
Azaroaren 25ean, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean, Aldundiak herritarrak sentsibilizatzeko DenokZu izeneko kanpaina martxan jarri zuen. Elgarrestak adierazi duenez, “kanpaina berritzailea da, ezberdina, orain artean biktimarengan zentratuta zegoen begirada eta honekin gizartearengan jarri nahi dugu”. Era berean, konpromisoa eskatu die udalei, erakunde ezberdinei eta baita ere herritarrei, gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatuz.
1489