Aldundiak diruz lagunduko ditu kontziliazio erantzukidea sustatzeko neurri berriak aktibatzen dituzten enpresak
Aldundiak diruz lagunduko ditu kontziliazio erantzukidea sustatzeko neurri berriak aktibatzen dituzten enpresak
Aldundiak diruz lagunduko ditu kontziliazio erantzukidea sustatzeko neurri berriak aktibatzen dituzten enpresak
Gipuzkoako diputatu nagusiak babes lerro berriaren berri eman du Erantzunkide Sarearen jardunaldi batean, non enpresetako kontziliazio neurrietan Covid-19ak izan duen eragina aztertu den.
Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza lerro berri bat aktibatuko du aurten, beren erakundeetan kontziliazio erantzukideko neurri berriak ezartzen dituzten Gipuzkoako enpresentzat, eta zuzendaritza organoetan emakumeen partaidetza orekatzera eta soldata arrakala murriztera bideratutako ekintzak ere babestuko ditu. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, dirulaguntza partida horren xedea da eremu ekonomikoan kontziliazio erantzukidea eta berdintasuna sustatzeko politika «erabakigarriak» bultzatzeko premiari erantzutea, eta pandemiak emakumeen garapen profesionala eta ekonomikoa zein haien ongizate fisikoa eta emozionala zigortzeko «benetako arriskuari» aurre egitea.
«Premiazkoa da lanean jarraitzea, emakumeen garapen pertsonalean, sozialean eta profesionalean berdintasuna lortzea eragozten duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzeko. Berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea bultzatu behar ditugu maila guztietan», adierazi du Olanok, Erantzunkide Sareak gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako jardunaldi batean, telematikoki bildutako ehun pertsona ingururen aurrean. COVID-19ak Gipuzkoako enpresetan emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta kontziliazio erantzunkiderako politika eta neurrietan duen eragina aztertzeko balio izan du lan topaketak.
Diputatu nagusiak zehaztu duenez, enpresetan kontziliazio eta berdintasun neurriak babesteko lerroak 300.000 euroko partida izango du, Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren Ekonomia Indartuz planaren barruan. Programa hori «urrats bat gehiago» da enpresei bideratutako berdintasun politikak bultzatzeko, eta jarduketa positiboak sustatuko ditu emakumeen enplegagarritasuna, integrazioa eta ahalduntzea sustatzeko. Esparru horren barnean daude emakumeek zuzendaritza organoetan duten parte hartzearen oreka eta soldata arrakala murriztea, bai eta enpresetan ikuspegi erantzunkidea duten kontziliazio neurriak abian jartzera bideratutako ekimenak ere.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, pandemiaren azken urte hau, «oso gogorra izan da gizarte osoarentzat, baita eremu pertsonal, familiar eta sozialean ere», askotan emakumeak izan dira «karga desorekatua» beren gain hartu dutenak, hain zuzen ere adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzeko. «Desoreka horrek eragina izan dezake emakumeen garapen profesionalean, baliabide ekonomikoetan eta osasunean, eta hori guztion artean saihestu behar dugu, gizarte moderno, berdinzale eta justua eraikitzen jarraitu nahi dugun aldetik», adierazi du Olanok.
Jardunaldian parte hartu dute, baita ere, Miren Elgarrestak eta Iker Estensorok, Berdintasunerako eta Ekonomia Sustapeneko foru zuzendariek, hurrenez hurren. Azterlan bat aurkeztu diete Erantzunkide Sareko kideei, pandemiak sare ekonomikoan izan dituen eraginei buruzkoa. Azterlan horren arabera, azken urtean, Gipuzkoako enpresen % 28k kontziliazio neurriak hartu ditu lehen aldiz. Ikerketa horren arabera, Gipuzkoako enpresa sareak batez ere lan denborak malgutzeko aukerak aktibatu ditu, hala nola ordutegi ez hain zurrunak (% 14,3), bazkaltzeko denbora murriztea (% 8,9) edo lanaldi konprimatuak (% 5,7). 2020an, gizonak izan dira gehienbat (% 64) beren soldatan eraginik ez duten horrelako neurriak hartzeko aukera izan dutenak.
Azterlan hori 2020ko azaroan egin zen, Gipuzkoako ekonomia sarea ordezkatzen duten 460 enpresaren artean, COVID-19aren eragina Gipuzkoako enpresetako berdintasun eta kontziliazio politika erantzunkideetan izenburupean. Agerian geratu da emakumeak izan direla ordaindu gabeko lan baimen gehien hartu dituztenak, hain zuzen ere adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko (% 60), eta gizon gehiagok hartu dituztela zaintzagatiko baimen ordainduak.
Enpresen %40k jo du lehen aldiz telelanera
Telelanari dagokionez, galdeketan parte hartu duten enpresen % 40k erabili du lehen aldiz pandemian. Kasu horietan, konpainia horietan lan egiten duten emakumeen % 23,3k eta gizonen % 18,7k modalitate horretara jo zuten. Telelana laneko ordutegien eta espazioen malgutasun handiagoa lortzeko estrategia bat den arren, azterlanak ohartarazten du gehienbat emakumeek erabiltzen dutela, «zaintza familian berraktibatu den aldi batean», eta horrek «arrisku argia dakarrela emakumeentzat» enpleguan, eta ondorioak izan ditzakeela emakumeen garapen profesionalean eta osasunean.
Zuzendaritza postuetan emakumeek duten presentziari dagokionez, inkestak adierazten du presentzia hori gizonena baino 14 puntu apalagoa dela, eta zuzendaritza postuetan emakumerik ez duten enpresen ehunekoa oso handia dela (% 43). Azterlanaren arabera, COVID-19ak ez du oraingoz eragin negatiborik izan zentzu horretan, nahiz eta «posible den» epe ertain eta luzean ondorio negatiboak izatea, kontziliazio neurri batzuk erabiltzearen ondorioz, emakumeen etorkizuneko sustapen aukeretan eragina izan baitezake.
Azkenik, Gipuzkoako enpresetan berdintasun planei bultzada nabarmena eman zaien hainbat urteren ondoren, horrelako plana duten enpresen % 13,9k beren planak aplikatzeari utzi behar izan diote, edo mugatu egin behar izan dituzte; prestatze fasean zeudenek, berriz, mugatu egin behar izan dituzte (% 15,2) edo beren denborak egokitu behar izan dituzte (% 6,1).
Erantzunkide Sarea
Era berean, lan topaketan María Pazos matematikari, ikerlari eta aktibista feministak telematikoki parte hartu du, eta kontziliazio erantzunkidea: gizonak, emakumeak, enpresak eta sektore publikoa izeneko hitzaldia eman du. Jardunaldiaren azken zatian, COVID-19ak erakundeetan berdintasuna sustatzeko neurri eta jardueretan izan duen eragina eztabaidatu eta aztertu dute Polymat, Fagor Industrial eta Asfaltia enpresetako ordezkariek.
Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sortutako gune bat da Erantzunkide Sarea, Gipuzkoako enpresetan kontziliazio erantzunkideari buruzko ezagutzak trukatzeko eta ikaskuntzak zein praktikak partekatzeko. Aipatutako azterlan horretan, zeinaren helburua baita jakitea nola eragin duen COVID-19ak berdintasuneko eta kontziliazio erantzunkideko politiken eta neurrien bilakaeran, guztira 16.767 pertsona (% 46,1 emakumeak) enplegatzen dituzten 460 enpresak hartu dute parte. 2017az geroztik ari dira aztertzen enpresa horiek, eta Gipuzkoako enpresetako berdintasun eta kontziliazio politikei buruzko behaketa panel zabal bat osatzen dute; lurraldearen enpresa errealitatearen adierazgarri da, bai konpainien tamainagatik, bai haien sektoreagatik.
2161