Aldundiak Eguberrietako ekintza parte-hartzaile berri batera gonbidatu ditu herritarrak
Aldundiak Eguberrietako ekintza parte-hartzaile berri batera gonbidatu ditu herritarrak
Birziklatutako botilekin apaindutako bost metroko zuhaitz bat instalatu dute gaur Gipuzkoa plazan, etorkizunera begira herritarrek dituzten desioekin bete asmoz.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bost metroko gabonetako pinu baten egitura instalatu du gaur Gipuzkoa plazan, birziklatuak eta birziklagarriak diren botiletilekin apaintzeko helburuarekin. Botilen barruan herritarrek Eguberrietako nahiak idatzi beharko dituzte eta, botilaz betetzen doan heinean, zuhaitza apaintzen joango da pixkanaka-pixkanaka.
Gabonetako ekintza parte-hartzaile honen bitartez, Aldundiak jai zoriontsuak opa nahi dizkie gipuzkoar guztiei eta, aldi berean, lurraldearen etorkizuna elkarlanean eraikitzen jarraitzeko konpromisoa helarazi nahi die, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko xedeaz aparte. Aurreko urteetako Eguberrietako kanpainek izan zuten arrakasta kontuan hartuta –herritarrek milaka ekarpen egin dituzte horietan guztietan–, aurten Aldundiak sormenaren eta originaltasunaren aldeko hautua egin du herritarrei jai zoriontsuak opatzeko garaian.
Zuhaitzaren ekimenaz gain, erakusketa bat kokatuko da foru jauregiko arkupeetan, 2023ko Foru Aldundiaren egutegiko irabazleek egindako argazkiekin. Bertan, gure lurraldeak eskaintzen dizkigun paisai ederrenetako batzuk ikusi ahal izango ditugu. Argazkilariak Simon Arrigain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren argazki lehiaketaren seigarren edizioaren irabazlea, J. Alberto Martin (urtarrila), Jose Angel Amuchastegui (otsaila), Alaitz Ruiz (martxoa), Ainhoa Martiarena (apirila), Daniel Novas (maiatza), Iker Aizkorbe (ekaina), Francisco Javier Preciado (uztaila), Nestor Martínez (abuztua), Jose Ramon Txintxurreta (iraila), Imanol Zubiaurre (urria), Luis Andres Cerviño (azaroa) eta Jon Miguel Cavero (abendua) dira.
Bi ekimen horiek abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra bitartean gauzatuko dira, Donostiako Gipuzkoa plazan. Desioen zuhaitzaren ekimenean parte hartzeko ordutegia goizeko 11:00etatik 19:00etara izango da eta erakusketa, berriz, egun guztian izango da ikusgai.
Etorkizun “berde eta jasangarria”, elkarlanean
Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, ekintza parte-hartzaileak etorkizun “berdeago eta iraunkorrago baten aldeko” itxaropenean eta nahi partekatuan jartzen du arreta. “Gizarte gisa datorren urtera begirako gure desiorik onenak proiektatzen ditugun urteko garai honetan, herritarrei adierazpide bat ireki nahi diegu, beren kezkak, ideiak eta nahiak partekatu ditzaten. Horrez gain, aldaketa klimatikoaren aurka urrats sendoak ematen jarraituko duen Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko beharra berresten dugu”, adierazi du Olanok, eta ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
“Azken bi urteotako bizipenek arrasto sakona utzi dute gure lurraldean, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu itxaropen eta lankidetza-mezu batean azpimarra jartzea, guztion artean Gipuzkoa sozial eta solidario bat eraikitzen jarraitzeko. Zuhaitz honek irudikatzen du etorkizuna ere elkarlanean eraiki behar dugula, bakoitzak bere alea jarriz”, laburbildu du.
3020