Aldundiak Eguberrietako ekintza parte-hartzaile berri batera gonbidatu ditu herritarrak
Aldundiak Eguberrietako ekintza parte-hartzaile berri batera gonbidatu ditu herritarrak
‘Argitu ongizatea’ gunea instalatu dute Gipuzkoa plazan, non herritarrek ahalko duten beren desioak partekatu eta adierazi zer den beraientzat ongi egotea eta bizitzea
Gipuzkoako Foru Aldundiak bi metro kubikoko opari erraldoia irudikatzen duen instalazioa ezarri du gaur goizean Gipuzkoa Plazan eta, bertan, herritarrek euren desioak eta iritziak partekatu ahalko dituzten ongizatearen inguruan. “Zer da zuretzat ongizatea?” galderari idatziz erantzun ahalko dio bertatik igarotzen den edonork eta, ondoren, parte hartzaileen iritzi eta gogoetekin betetzen joango da instalazioa.
‘Ongizatea elkarri’ izeneko egitasmo parte hartzaile honen bitartez, Aldundiak jai zoriontsuak opa nahi dizkie gipuzkoar guztiei eta, aldi berean, ongizatearen inguruan gogoeta egitera animatu nahi ditu herritarrak. Aurreko urteetako Eguberrietako kanpainek izan zuten arrakasta kontuan hartuta –herritarrek milaka ekarpen egin dituzte horietan guztietan–, bide beretik jarraitzea erabaki du foru gobernuak instalazio honekin.
Ekimen hau abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean gauzatuko da, Donostiako Gipuzkoa plazan. ‘Ongizatea elkarri’ ekimenean parte hartzeko ordutegia goizeko 11:30etik 13:30era eta arratsaldeko 17:00etik 19:00era izango da.
Komunitatearen konpromisoa ongizate integralaren alde
Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, ekintza parte-hartzaileak ongizate integralaren kontzeptuan jarri nahi du arreta. “Urteko azken txanpan, urteari errepasoa egin eta 2025ra begira jartzea tokatzen da. Foru gobernu honek hasiera hasieratik bere buruari jarri dion helburua da pertsona guztion ongizatearen alde egitea, lurraldeko eragile guztiei eta herritar guztiei entzunez. Elkarri eskutik helduta”, gogoratu du.
“Gizarte gisa datorren urtera begirako gure desiorik onenak proiektatzen ditugun urteko garai honetan, herritarrei adierazpide bat ireki nahi diegu, ongizatearen inguruan dituzten kezkak, ideiak eta nahiak partekatu ditzaten. Elkarri opa diezaiogun gauzarik onena horixe delako, guztiok ongi egotea eta ongi sentitzea”, adierazi du diputatu nagusiak, eta ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.
Izan ere, Gipuzkoak baditu desafio sozial emergenteak, herritarren ongizatean zuzen-zuzenean eragiten dutenak: nahi gabeko bakardadea, buruko osasun arazoen areagotzea, etxebizitza baterako sarbidea izateko zailtasunak, bazterkeria egoeren kronifikazioa, kasu. Desafio horietan guztietan eragin eta gizarte gisa “ongizatean hazi” gaitezen “ahalegin guztia” egiteko konpromisoa berretsi du diputatu nagusiak, bereziki “zailtasun gehien” duten pertsonez gogoratuz. “Ongizatearen desafioari elkar hartuta, komunitate balioei eutsiz erantzun beharreko desafio da. 2025ean aukera bikaina izango dugu lan horretan buru-belarri jarraitzeko”, laburbildu du.
570