30 eragiletik gora Elkar-EKIN Think Tankean
30 eragiletik gora Elkar-EKIN Think Tankean
Bartzelonako eta Mostoleseko komunitate esperientziak eta Bizilagun Sareak programa pilotua ezagutu ondoren, eztabaida ireki bat egin da
Gipuzkoan gizarte bazterketari loturiko esparruetan lan egiten duten 30 eragile baino gehiagok parte hartu dute gaur goizean, «Komunitatea, bazterketa egoera larrian dauden pertsonekin lan egiteko euskarri» izeneko Think Tankean. Elkar-EKIN gizarteratzeko planaren barnean antolatu da, Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. Markel Olano diputatu nagusiak nabarmendu duenez, gaurko Think Tank honen bidez batera «eztabaidatu eta hausnartu nahi dugu» komunitateak bazterketa egoera larrian dauden pertsonekin lan egiteko «euskarri gisa» duen garrantziaz. «Hori da hain zuzen ere Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratze Planaren helburu nagusietako bat», erantsi du Olanok. Haren iritziz, komunitatea aktibatzeko honelako programak Gipuzkoako gizarteratzeko zerbitzu sozialen «oinarrizko ardatzetariko bat» dira. «Komunitate baliabideak ahalik eta zentzurik zabalenean ulertzen ditugu, hau da, kirol eta kultur ekipamendu eta entitateak, saltokiak, segurtasun zerbitzuak, enpresak, hirugarren sektoreko entitateak, auzo elkartea, etab.»
Diputatu nagusiaren hitzetan, batetik, «pozgarria» da desberdintasun ekonomikoak neurtzen dituen GINI indizea «Gipuzkoan jaitsi egin dela esatea. Zehatzago esanda, 2014ko 26,3 puntutik 2017ko 25,3 puntura jaitsi da». «GINI koefizientea zenbat eta altuagoa izan –azaldu du foru arduradun nagusiak– orduan eta altuagoa da aberastasunaren –injustizia ekonomikoaren– kontzentrazio maila. Beraz, pozgarria da esan ahal izatea Gipuzkoan 25,3 puntuko GINI indizearekin eta baita Euskadin ere, 25,8 punturekin, Europako 30,8 puntuen azpitik gaudela eta Estatu espainiarreko 34,5 puntuen oso azpitik; azken hori hamarren bat baino ez da jaitsi, gainera, 2015etik».
Horren harira, positibotzat jo duen arren «11.200 gipuzkoar baino gehiago pobreziatik atera izana», aditzera eman du «gizarteratzeko lanean jarraitu behar dugula», «jakina baita» pobrezia larrian edo bazterketako egoeran dauden kasurik larrienak «kronifikatzen ari direla». Hori da, hain zuzen, Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratze Planaren barruko Think Tank honen «lehentasunezko zereginetako bat».
Jarduera ildo posibleak
Hala, gaurko lan saioan, batetik, planteamendu teorikoa eta integrazio komunitarioaren ildo horretan Madrilen eta Bartzelonan garatzen ari diren esperientzia zehatzak ezagutu dituzte parte-hartzaileek, Patricia Bezunartearen eta Joan Uriberen eskutik (Mostoleseko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuko zuzendaria eta Bartzelonako Consorci des Serveis Socials-eko gerentea, hurrenez hurren).
Beste alde batetik, Think Tankean aurkeztu dira, orobat, ildo horretan Gipuzkoan Bizilagun Sareak proiektuaren bidez izaten ari diren esperientziak. Bizilagun Sareak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barneko boluntariotza eredu berri bat da, eta herritarren eta bizilagunen artean elkartasun sareak sortzea du xede, behar sozialak identifikatzeko eta beharrean dauden pertsonei laguntzeko. Bizilagun Sareak proiektuak bost esperientzia pilotu izan ditu lurraldeko lau eskualdetan, eta horiei esker bizilagunen arteko elkartasunerako eta gertuko boluntariotzarako formula berriak sustatu dira hainbat arlotan: adinekoak, bazterketa arriskuan dauden pertsonak, landa ingurunea eta abar.
Jarraian, eztabaida ireki bat egin da Felix Arrietarekin (Deustuko Unibertsitatea) goizeko saioaren lehen zatian aurkeztu diren esperientziak oinarri hartuta, eta eztabaida bideratzeko balio izan duten galderetatik abiatuz. Horrela, gizarte eragileak gizarteratzean partaide izateko moduak ezagutu, eta datozen urteetarako jarduera ildo posibleak balioetsi nahi izan dira.
Amaitzeko, Joseba Zalakain SiiS Ikerketa eta Dokumentazio zentroko zuzendariak laburpen bat egin du eztabaidan azaldutako guztiaren gainean, eta gero Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eman dio bukaera saioari, nabarmenduz gizarteratzea komunitateari dagokion kontu bat dela «zentzu zabal batean, ez soilik gizarte politiken arloan», eta dei egin du gizartearen arlo desberdinen arteko «sareak ehuntzera», horri esker Gipuzkoa «are inklusiboago bihurtuko baitugu».
Think Tank honen bidez batera eztabaidatu eta hausnartu nahi dugu komunitateak duen garrantziaz bazterketa egoera larrian dauden pertsonekin lan egiteko orduan
1382