Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak enplegu inklusiboaren aldeko apustu egin du, gizarte kohesioa indartzeko

Aldundiak enplegu inklusiboaren aldeko apustu egin du, gizarte kohesioa indartzeko

Estrategia globala landu du 150 eragile baino gehiagorekin, ““Lurraldeko enplegagarritasuna eta gizarte kohesioa 2020. urteari begira" jardunaldiaren esparruan

Gipuzkoako Foru Aldundiak “enplegu inklusiboaren aldeko apustua” jakinarazi die 150 eragile baino gehiagori -gizarte zerbitzuen, tokiko garapenaren eta sustapen ekonomikoaren alorretakoak-, lankidetzan aritzea eskainita gizarte kohesioa sendotzeko helburuarekin. Gaur goizean Hernaniko Orona Fundazioaren auditoriumean egindako Lurraldeko enplegagarritasuna eta gizarte kohesioa 2020. urteari begira" jardunaldiaren esparruan izan da, bertan parte hartu dutela Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak, Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendari nagusiak, Sebastián Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusiak eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.

Maite Peñak adierazi duenez, xedea izanik Europa mailan Gipuzkoa  berdintasun politiketan erreferente bihurtzea, “behar-beharrezkoa da denon artean” estrategia global diseinatzea, beti ere gizarte kalteberatasun egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna lortzeko. Eta gaineratu du gaurko jardunaldia baliagarria izan dela parte hartu duten gizarte eta ekonomia ehunaren eragileekin “sinergiak batzeko”, zeregin hori modu “parte-hartzaile eta eraginkorrean” kudeatzeko.

Bere hitzaldian Peñak nabarmendu du plan estrategiko horrek “bi helburu estrategiko” ezartzen dituela, besteak beste: Alde batetik, “ekonomiaren susperraldia finkatzea, enpresen egonkortasuna sendotzea, kalitatezko enpleguaren alde eginez, eta pertsonen parte-hartzea bultzatzea enpresa proiektuaren protagonista gisa”. Eta, bestaldetik, “gizarte ongizateko eta kohesioko gure eredua indartzea,  Gipuzkoa  berdintasun politiketan erreferente izatea, eta elkartasuneko espazio eta eragile bilakatzea, gipuzkoarren premia nagusiei arreta eskaintzea bermatuko duen gizarte zerbitzuen sistema bikain batean finkatuta”.

Halaber, oroitarazi du susperraldi ekonomikoa “errealitate bihurtu” dela, izan ere, langabezia tasa Gipuzkoan “%14tik %9ra murriztu da azken hiru urteotan” eta landunen kopurua “10.000 pertsona baino gehiago hazi da”. “Gainera lurralde aurreratuenetako bat gara lan merkatuaren adierazleei erreparatuz gero pobrezia eta desberdintasunari dagokionez. Adibidez, desberdintasun maila neurtzen duen GINI indizea jaitsi egin da Gipuzkoan. Zehatzago esanda, 2014ko 26,3 puntutik 2016ko 25,8 puntura jaitsi da.  Horregatik, oso harro esan dezakegu Gipuzkoa Europaren 30,4tik eta Espainiako 34,7tik behera dagoela. Hau da, 11.200 gipuzkoar atera dira pobreziatik”.

Nolanahi ere, ohartarazi du “oraindik erronka garrantzitsuak ditugula aurretik”. “Hain zuzen, eredu produktibo sendoa sortzeaz gain, gai izan behar dugu enplegu gehiago eta hobea sortzeko, eta, batez ere, aktibazio aukerak sortzeko lan mundutik urrunen dauden pertsonentzako. Izan ere, ezin dugu ahaztu gure jarduera eta okupazio tasak oraindik baxuak direla Europako testuinguruan; eta batez ere ezin dugu ahaztu Gipuzkoan dauden 30.000 langabeen erdia iraupen luzeko langabeak direla, gazteen artean dagoen langabezia oso altua dela eta soldaten arrakala dagoela, emakumeak injustuki zigortzen dituena”

 

Lankidetza eta sareko lana

Gipuzkoako Foru Aldundiak –esan du Peñak- erronka hauei lankidetza eta sareko lanen bidez heldu nahi die. Lehenik eta behin, lankidetzan arituta Aldundiaren beraren baitan. Izan ere, gizarte kohesioaren alde aritzea eta desberdintasunaren aurka aritzea ez da Aldundiko departamentu jakin baten eskumena, baizik eta Aldundiko arlo guztiak dira partaide helburu hori lortzeko. Bere hitzetan, jardunaldian Ekonomia Sustapeneko diputatuak eta Ogasun eta Finantza diputatuak parte hartu izanak adierazten du Aldundiko departamentu guztiek “konpromisoa” duela estrategia hori bideratzeko.

“Aldi berean, eginkizun hori Eusko Jaurlaritzarekin batera landu nahi dugu, eta bereziki, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin. Alde horretatik, gure lan guztiak lerrokatuta egon behar du Sail horrek sustatutako Gizarteratze Euskal Planarekin eta Enplegu Plan Estrategikoarekin”. “Eta logikoki –gaineratu du- lankidetza estuan aritu behar dugu hirugarren sektore, enpresa, sindikatu eta Gipuzkoako udalekin. Izan ere, bakarrik tokian tokiko ekimenekin ahalko ditugu abiarazi aktibazio eta gizarteratze politika eraginkorrak”

Horren harira, gogorarazi du Aldundiak, lurraldean erreferentziazko erakundea den aldetik, zenbait ekimen martxan jarri dituela: “Agian garrantzitsuena da da Ekonomia Suspertzen Laguntzeko Plana. Bi urte eta erdi hauetan industria eta beste sektoreei lagundu egin diegu gure ekonomiaren etorkizuneko erronkei heltzen. Hori bai, gauza bat garbi eduki dugu: hori lortzeko ezinbestekoa da eredu produktiboa sendoa eta berritzailea izatea, kalitatezko enplegua sortuko duena. Bakarrik horrela ahalko diegu heldu gizarteratzearen erronkei. Izan ere, gizarte babeserako sistema finantzatzeko eta bideragarri izateko, ezinbestekoa da enpresek enplegu txukuna sortzea. Beraz, gizarte eskubideak indartuko baditugu, bide bakarra da eredu produktibo sendoa bezain inklusiboa eraikitzea”.

Ekonomia Suspertzen Laguntzeko Planarekin batera, Peñak aipatu du Aldundiak enpresari lotutako beste ekimenak abiarazi dituela. “Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, esaterako, bultzatu egin dugu langileek parte hartzea beraien enpresen erabaki eta kudeaketa prozesuetan. Baita ere zenbait esperientzia pilotu bultzatu ditugu Gipuzkoako enpresa eta erakundeetan kontziliazioa eta genero berdintasuna hobetzeko enpresaren baitan”.

Lanbideren eguneratzea, martxan

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuordeak azpimarratu du bere sailaren helburuak ere “asmo handikoak” direla. “Helburu nagusia da lan egonkor eta kalitatezkoa lortzea ahalik eta pertsona gehienentzat, tokiko hazkunde ekonomikoa babesteko, enpresa espiritua sustatzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko”. "Halaber -erantsi du- ezinbestekoa da laguntza ematea lanik gabe eta oinarrizko baliabiderik gabe dauden pertsonei. Horregatik, diru sarrerak bermatzeko errentaren kontrola kudeatu eta hobetzen dugu, prestakuntzarekin batera, pertsona horiei lana bilatzen eta lan merkatuan sartzen laguntzeko”. Aldi berean, azpimarratu du Eusko Jaurlaritza “lanean ari dela bete betean" Lanbide berritzeko eta eguneratzeko, izan ere, enplegua sustatzeko eta gizarte inklusioa kudeatzeko "tresna erabilgarri" bihurtzen ari da. Ildo horretan, adierazi du “Lanbidek bultzatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen % 53ak lortzen dute lan munduan sartzea”.

 

Pobrezia tasa baxua enpleguan

Diputatuak aipatu du enpleguan dagoen pobreziak -pobreziaren atari azpitik dauden diru sarrerak izatea lana edukita- ekarri duela “desberdintasuna handitu izana”. “Horrekin lotuta, hala ere, esan behar dugu gure lurraldearen egoera ona dela arlo horri dagokionez. Are gehiago, egun, Gipuzkoa da Europar Batasunaren barruan enpleguan pobrezia tasarik baxuena duen lurraldeetako bat: Estatu espainiarren langileen %13k egoera hori pairatzen duen bitartean, gipuzkoar langileen artean %5,6k baino ez. Eta ez hori bakarrik, Europaren barruan Gipuzkoa da lurraldeetako bat non lan merkatuak diru-sarreren berdintasunezko banaketa handienetako bat sortzen duen. Berez, diru-sarrerak bakarrik pentsioen eta diru-sarreren arabera kontuan hartzen badira, Gipuzkoan dugun pobrezia tasa %18koa da; EAEko beste bi lurraldetan edo Europar Batasunean, aldiz, %25koa da; eta Estatu espainiarrean, berriz, %29,5ekoa”.

Dena den, Peñak gogora ekarri du Gipuzkoan azken hamarkada hauetan eraiki dugun gizarte babeseko eredurik gabe krisiaren eragina “askoz nabarmenagoa” izango litzatekeela, Estatuko eta Europako beste leku batzuetan bezala, eros-ahalmenaren galerari, lanaren behin-behinekotasunari, pobreziari eta desberdintasunari dagokienez. “Hortaz, lanean jarraitu behar dugu, argi baitago pobrezia edo bazterketa egoera larrienak kronifikatzen ari direla”,

Aipatu desberdintasun hori murrizteko, Gizarte Politikako diputatuak azaldu du agintaldia hasi zenetik bi urte eta erdi pasa direlarik, asmo handiko plana jarri dutela martxan, Gipuzkoako Elkar-EKIN 2016-2020 Gizarteratzeko Plana, hain zuzen, zeinarekin gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei ematen zaien arreta “hobetu nahi izan dugun, lan munduan sartzeko eta gizarteratzeko aukerak sortuta. Hirugarren sektoreko gizarte eragile eta Gipuzkoako udalekin lankidetzan egin dugu, Gizarte Zerbitzuen arloan dagozkigun eskumenak betez. Hala, Plana 2016ko ekainean abian jarri zenetik, Gipuzkoan bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 3.000 pertsona inguruk jaso dute laguntza zuzenean. Izan ere, enplegagarritasun planei esker, bazterketa arriskuan zeuden 245 pertsonek aurkitu dute lana. Horrekin batera, diputatuak zehaztu du Planak “lehentasuna” ematen diela lan mundura sartzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei, eta “arreta berezia jarrita formazio defizita dutenei”.

 

Praktika egokien ereduak

Gaurko jardunaldian hainbat adituk parte hartu dute, hauek besteak beste: Raymond Torres (Coyuntura y Estadística de la Fundación de Cajas de Ahorro-ko zuzendaria), Europan enplegurako eta gizarte inklusiorako politikei buruz hitz egin duena; Raquel Serrano (Prospektiker), Euskadiko lan merkatuaren etorkizuna aztertu duena; Joseba Amondarain (Mondragon Korporazio Kooperatiboa), zeinak enpresa arruntak hartu dituen enplegagarritasun zailtasunak dituzten pertsonentzako lana sortzeko ardatz gisa. Inklusio eta enplegagarritasunaren esparruko praktika egokiei dagokienez,  Loli Gutierrezek (Nafarroako Gobernuko ERSISI proiektuaren koordinatzailea) zerbitzuen integrazioren bitartez gizarteratzea lortzeko eskubidea aztertu du (ERSISI proiektua); Leire Álvarez de Eulatek (Gizatea) gai hau landu du: Euskal Herriko gizarteratze enpresak: tresna eraginkorra  gizartean eta lan munduan sartzeko; Joxe Angel Agirrek (Gasteizko Udala)  Gasteizko Udaleko kontratazio arduratsu eta jasangarria aztertu du; Jon Ander Arzallusek (Gureak) enpresa jasangarritasuna, gizarteratzea eta kalitatezko enplegua sortzeko baliabideak azaldu ditu: GUREAK eredu gisa; eta azkenik, Almudena Moreno (Valladolideko Unibertsitatea), lan bermatuaren eta gazte-bermearen gaia landu du. Etorkizun handiko ikuspegia?

Amaitzeko, Maite Peñak azpimarratu du aipatutako estrategia “eraginkorra” izan dadin, “ezinbestekoa” dela gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen lan munduratzea Gipuzkoan “ikuspegi bateratu” batekin egitea, “begirada inklusibo batekin eta modu koordinatuan”. Eta horretarako “funtsezkoa dela eragile guztiek parte hartzea”, alegia, ez bakarrik erakundeek, hirugarren sektoreak edo sustapen ekonomikoa bezalako beste sektoreek, zeren gizarte osoak ere parte hartu behar du”.  

Gipuzkoa da Europar Batasunaren barruan enpleguan pobrezia tasarik baxuena duen lurraldeetako bat: %5,6 
  

1723