Aldundiak eta Datik-ek etorkizuneko mugikortasunari lotutako proiektuak kontrastatu dituzte
Aldundiak eta Datik-ek etorkizuneko mugikortasunari lotutako proiektuak kontrastatu dituzte
Foru arduradunek enpresa horretako lana ezagutu dute: Miramonen kokatuta dago, eta lan egiten du garraio kudeaketarako soluzio integralen garapenean.
Foru Aldundiak lan bilera bat egin du Datik enpresako lantaldearekin: Gipuzkoako enpresa bat da, lan egiten duena aplikazio teknologikoen garapenean, zeintzuek zerikusia baitute hainbat sektoretarako datu analisiarekin, hala nola mugikortasuna eta gidatze autonomoa. Markel Olano diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak, konpainia murgilduta dagoen proiektuak ezagutu dituzte, Miramongo teknologia parkean dituen instalazioetara egindako bisita batean, Iñigo Odriozola zuzendari exekutiboaren eta Iñigo Etxabe zuzendari teknikoaren eskutik; orobat partekatu dituzte Foru Aldundia etorkizuneko mugikortasunarekin zerikusian garatzen ari den ekimenak.
Datik da, hain zuzen ere, Foru Aldundiko Smart Mobility Industry programaren urteko deialdian parte hartzen duen enpresetako bat, zeinaren helburua baita Gipuzkoako enpresen eraldaketa sustatzea, horien jarduera negozio nitxo berrietara bideratuz, hau da, jarduera-sektore hauei lotutakoetara: elektromugikortasuna, energia-biltegiratzea, eta ibilgailu autonomoa. 2020an, 25 proiekturi lagundu die, guztira 802.000 euroren zenbatekoarekin. Produktuaren edo ekoizpen prozesuaren berrikuntza teknologikorako lerroaren barruan, Datik enpresak lan egingo du hibridazioari laguntzeko sistema batean, zertarako-eta autobus hibridoetako motorraren kontrol unitateari informazioa emateko, ibilgailuak jarraitu behar duen ibilbideari buruz, bateria eta kargak modu efiziente batean kudeatuz, eta ibilgailuaren erregaia optimizatuz.
Gainera, programa beraren iazko deialdiaren barruan, Foru Aldundiak diruz lagundu zien Datik-en bi proiekturi: alde batetik, sistema berritzaile bat, gorabeherak monitorizatzeko eta igarriz detektatzeko, autobus elektrikoetako bateria-sistemetan, erabakigarriak baitira autobusen jarduna ahalbidetzeko: automatikoki eta telematikoki abisatzeko gai da sistema hori; beste alde batetik, ibilgailu autonomoen simulagailu baten garapena, zeina gai baita kalitate handiko ingurune grafikoak diseinatzeko, sentsoreak modelatzeko, hodeian simulazioak egiteko, eta, aldagai estipulatuak diagnostikatzeko, agertoki bakoitzari buruzko txostenak sortzearren.
Bestalde, Gipuzkoako enpresa horrek, bere ibilbidean, segurtasunerako hainbat soluzio garatu izan ditu. Oraindik orain, Covid Manager sistema atera zuen merkatura: sistema bat, garraio operadoreentzat eta agintari publikoentzat diseinatua, gizarteari birusaren hedapena mugatzeko helburuarekin. iPanel® izeneko online plataformari konektaturik, kudeaketa-tresna bat da, bidaiariei eta gidariei eragiten dieten segurtasun protokoloak betetzeko. Kudeaketa horren bitartez, sarrera kontrolatzen du –tenperatura eta maskara detektatuz, eta bidaiari bakoitzaren sarrera baimenduz–, flota kudeatzen du –operadoreari abisatzen dio bidaiariren bat ez badago baimenduta pasatzeko–, eta dagozkion jarduketa eta arreta errazten ditu.
Markel Olano diputatu nagusiak Datik-en ibilbidea azpimarratu du, “punta-puntako” enpresaren eredutzat joz, eta “apustu sendoa egiten duena Gipuzkoaren etorkizunerako giltzarri diren bi sektoreren alde: digitalizazioa eta mugikortasun jasangarria. Garraio segurtasunari, efizientziari eta jasangarritasunari teknologia gaitzaileak aplikatzea –hala nola adimen artifiziala eta gauzen interneta–, da arlo bat ahalmen ikaragarria duena ekonomia-ekimen berriak eta kalitatezko enplegua sortzeko, eta halaxe frogatzen ari da”. Olanoren arabera, pandemiak agerian jarri du beharrezkoa dela “gure ekonomia-sarearen eraldaketa bizkortzea etorkizun handiagoa duten sektoreetara joz; esaterako, elektromugikortasunera”; beraz, azpimarratu du Foru Aldundiak prozesu horretara jotzeko duen konpromisoa “enpresekin elkarlanean, kasu honetan bezala, eta, Mubil erreferentziazko zentroaren bidez, funtsezko aktore bat izango baita ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko Gipuzkoak arlo horretan dituen gaitasunei”.
Iñigo Odriozolak, bestalde, esan duenez, “egungo koiuntura gorabehera, konpainiaren hazkundean pentsatzeko unea da”. Gaineratu duenez, “Datik osatzen dugun giza taldearen ADN inkonformista eta berritzaileak bultzatzen gaitu egiten dugun horretan sinesten jarraitzera”. Sortu zenetik enpresak sustatu izan dituen digitalizaziorako eta mugikortasun jasangarrirako joerak, errealitate bat dira hamarraldi bat geroago. Adierazi duenez, “ibilgailuen interneteko teknologiak aukera anitz zabaltzen ditu merkatuari hainbat soluzio eskaintzen jarraitzeko, bat egiten dutenak garraioaren funtsezko hiru ardatzokin: eragiketa-kostuen murrizketa, zerbitzu kalitatearen hobekuntza, eta segurtasuna”. Ildo horretatik, enpresak abian jarri du gidarien nekea osotasunean kudeatzeko proiektu bat, Transport For London enpresak kudeatutako ‘Visión 0’-ren esparruan.
10 urteko ibilbidea
Donostiako enpresa horrek, 2009an sortuak, eta Irizar Taldean 2011n integratuak, 30 langile ditu, gaur egun, adinez oso gazteak, batez beste, eta bere jardueraren puskarik handiena monitorizazio adimenduneko sistemetan garatzen du, garraio erregularreko autobus eta autokarren sektorean, zeintzuen artean baitaude Dbus eta Lurraldebus. Presente dago munduko 7 herrialdetan; lan egin du 100 garraio enpresarekin baino gehiagorekin; eta bere segurtasun soluzioak 10.000 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen ditu. Kalkulatzen denez, haren sistemari konektaturiko ibilgailuek urtean ia 3 milioi litro erregai aurreztu dituzte.
2094