Donostiako Udalarekin koordinazioa indartu da Covid-19aren ondorioei aurre egiteko
Donostiako Udalarekin koordinazioa indartu da Covid-19aren ondorioei aurre egiteko
Krisialdi sozial eta ekonomikoari erantzuteko egitasmoak aztertu asmoz, topaketa telematikoa egin dute Markel Olanok eta Eneko Goiak.
Joan den astean lurralde osoko herri eta hirietako ordezkariekin egin bezala, bilera egin dute gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak. Aztergai izan dituzte Covid-19a herritarrengan eragiten ari den ondorio “lazgarriak”, nahiz gizartean eta ekonomian sortzen ari den inpaktu sozial eta ekonomiko “gero eta sakonagoa”. Bilera modu telematikoan egin dute da eta, bertan, pandemiaren efektuak “ahalik eta gehien” saihesteko eta leuntzeko bi erakundeok martxan jarritako egitasmo eta neurriak partekatu dituzte.
Markel Olano diputatu nagusiak berekin izan ditu, baita ere, Imanol Lasa, Jose Inazio Asensio, Maite Peña eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Ingurumena, Gizarte Politika eta Ogasuneko diputatuak, hurrenez hurren.
“Gizarte osoa lankidetza eta konpromiso eredugarria erakusten ari da gaitz honi komunitate gisa aurre egin, elkar zaindu eta kolektibo ahulenak babesteko. Erakundeok ere ahalegin horretan ari gara buru-belarri eta, orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa dugu koordinazio eta interlokuzio bideak indartu eta bizkortzea”, azpimarratu du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, lankidetza hori “funtsezkoa” izango da “ez bakarrik une gogor hauetan, baizik eta koronabirusaren zabalkundeak berekin dakarren krisi ekonomiko eta sozialak datozen hilabeteetan sortuko dituen ondorioei aurre egiteko garaian”.
Donostiako Udala konfinamendu egoerari eta pandemiaren eraginari aurre egiteko egiten ari den ahalegina txalotu du Olanok, eta bereziki aipatu du adinekoei eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonei eskainitako arreta eta babesa. “Itxialdia luzatzen ari den heinean, gizarte beharrak areagotzen joango dira eta egoera honi elkarlanean erantzuteko konpromiso bateratua berretsi dugu erakundeok”, osatu du diputatu nagusiak.
Landutako gaien artean, koronabirusaren zabalkundea mugatzeko gizarte politiken alorrean abiarazitako Txoke Planaren inguruan aritu dira Aldundiko eta Udaleko ordezkariak, batetik. Bestetik, ekonomiaren alorrean abian jartzen ari den “larrialdizko” neurri sorta partekatu dute. “Erakundeon ahalmena bideratzen ari gara ekonomiaren ehuna eta bere sektore guztiak ahalik eta gehien babestu eta laguntzera. Ezinbestekoa izango da bide horretan erabaki gehiago hartzea, ekonomiaren gainbeherari buelta ahalik eta azkarren eman ahal izateko eta, gisa horretan, enplegua ahalik eta gehien babesteko”, adierazi du Olanok.
“Indarrak batu”
Donostiako alkateak adierazi du Udala “hurrengo eguna” prestatzen hasia dela, “hiriak aurre egin beharko dituen erronka haundiei lehen bait lehen heltzeko asmoz”. “Batetik, gizarte ekintza mailako beharrak handitu egingo direlako. Erakunde bakoitzak erantzun bat eman beharko die norbere eskumenen baitan, baina beti ere lankidetzan. Bestetik, ekonomiaren arloko beharrei erantzuna, bai norbanakoenak zein zerbitzu eta ekoizpen sare ezberdinenak, hiri honetan pisu handikoak guztiak ere”, adierazi du.
Eneko Goiak azpimarratu du erakundeek “indarrak batu” beharko dituztela konfinamenduaren ondorengo fasea “errekuperazio azkarreko” garaia izan dadin. Helburua da “arlo kolpetuenek” gure babesa izan dezatela “lehen bait lehen berreskura dezaten euren aktibitatea eta aberastasuna sortzeko gaitasuna”.
1876