Aldundiak eta Eibarko Udalak bat egin dute etorkizun sozial, berde eta lehiakor baten alde
Aldundiak eta Eibarko Udalak bat egin dute etorkizun sozial, berde eta lehiakor baten alde
Diputatu nagusiak eta Eibarko alkateak bilera egin dute, udalerriko proiektu nagusiak partekatzeko helburuarekin eta Etorkizuna Eraikiz-en ekimen parte-hartzaile baten jasotako ekarpenak baloratzeko asmoz.
Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; Eibarko alkate Jon Iraolarekin batera, herriko eta Gipuzkoako proiektu nagusien inguruko etorkizuneko apustu eta ekimenak partekatu dituzte gaur. Bi erakundeen arteko lankidetza ildoak elkarrekin errepasatzeaz gain, eibartarrek Etorkizuna Eraikiz kapsulan joan den ekainean etorkizunari begira egindako proposamen eta iritzi nagusiak aztertu dituzte,
Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, "Gipuzkoa sozial, berde eta lehiakorraren aldeko apustu bateratu honetan, lankidetza ezinbesteko balioa da". "Alde batetik, horrek esan nahi du erakundeen arteko lankidetza- eta harreman-ildoak estutzea, eta, bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea", erantsi duenez. Hala, "lurralde osoan egiten ari garen entzute-lan hori funtsezkoa da apustu hori bideratzeko, definitzeko eta kontrastatzeko orduan".
Hain zuzen ere, iazko ekainaren 30ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula jarri zuen Eibarren. Bertan, 2040 urtean Gipuzkoak zer balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zitzaien herritarrei. Olanok adierazi duenez, "pandemiaren bi urteren ondoren, bereziki beharrezkoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, balioak eta proposamenak jasotzea". Horretarako, ekimen hau "tresna eraginkorra" izaten ari da eta dagoeneko 18 herritan egon da, Gipuzkoako gizartearen 2.500 ekarpen inguru jasoz. Eibarren kasuan, Untzaga plazara hurbildu ziren herritarren 141 ekarpen bildu ziren. Jasotako ekarpen guztiak eta ibilbide osoan jasoko direnak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, diputatu nagusiak gaur jakinarazi duenez.
"Etorkizuna Eraikiz lurralde osoan gobernatzeko modua aldatzen ari da" Olanoren esanetan. Programa hau 2016an jarri zen abian, Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkei erantzuteko asmoz. Ordutik, herritarren 125 proiekturi eman zaie laguntza, 32 proiektu esperimental jarri dira abian, eta erreferentziazko bederatzi zentro garatu dira lurraldearen erronka sozial eta ekonomiko nagusietan eragiteko. Diputatu nagusiak adierazi duenez, "ahalegin horretan guztian funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea". "Gainerako erakunde, enpresa, gizarte-eragile eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza-eredu berri honi. Guztion ekarpena eta konpromisoa funtsezkoa da Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeko ", gaineratu du.
Horren harira, Jon Iraolak gaineratu duenez, "oso emankorra eta aberasgarria izan da eibartarren proposamenak ezagutzea. Gipuzkoa eraikitzea eta, kasu honetan, nahi dugun Eibar hori, erakundeen arteko elkarlanerako ahalegin bateratuaren emaitza izan behar da, bakoitzak, bere baliabide eta eskumenetatik, herritarrek behar dituzten proiektuak gauzatzea bultzatuz. “Herritarren parte-hartzea Eibarko Udalaren kudeaketaren giltzarrietako bat” da Iraolaren esanetan. Bide asko erabiltzen ditugu urtero eibartarrek lehentasunak helaraz diezazkiguten garatzen ditugun hainbat gai eta proiekturen inguruan. Hori dela eta, Etorkizuna Eraikiz kapsulari egindako ekarpen horiei esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatutako politikek kontuan hartuko dute Eibar, eta, ildo horretan, herritarrek eskatutako eta udal-eskumenetatik haratago doazen gaiak betetzeko balioko dute.”
Osasuna, ingurumena eta mugikortasuna
Osasunari eta ongizateari buruzko kezka da eibartarrek inplikazio berezia erakutsi duten esparru nagusietako bat, ingurumenarekin eta mugikortasunarekin batera. Pandemiaren garapenari buruzko kezka ulergarriaz gain, herritarrek berretsi dute laguntza-baliabide gehiago behar direla eta Debabarreneko Ospitalea handitu behar dela. Ingurumenari buruzko ardura da bereziki nabarmendu den beste eremu bat, naturaren zaintzari lotutako proposamen ugarirekin. Atal honetan birziklatze-tasak hobetzen jarraitzeko beharra nabarmentzen da, baita kutsadura murrizteko eta berdeguneak handitu zein sortzeko neurri gehiago ere. Mugikortasunarekin eta garraioarekin lotutako ekarpenei dagokienez, eibartarrek azpimarratu dute beharrezkoa dela garraio publikoa eta Eibar bere eskualdearekin eta ingurukoekin lotuko duten konexioak areagotzea eta hobetzea.
Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasunari eta euskararen sustapenari buruzko ekarpen ugari jaso dira. Lan-esparruko neurri gehiago eta indarkeria matxistaren amaiera dira berdintasunaren arloko ekarpenen ardatzak, eta euskarari dagokionez, haren erabilera sustatzen eta gazteei nahiz adinekoei zuzendutako ekimen berriak babesten jarraitzeko beharra azpimarratzen dira.
1845