Aldundiak eta San Juan de Diosek babesgabezian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzako “zentro aitzindari” bat zabalduko dute Arrasaten
Aldundiak eta San Juan de Diosek babesgabezian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzako “zentro aitzindari” bat zabalduko dute Arrasaten
Aldundiak eta San Juan de Diosek babesgabezian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzako “zentro aitzindari” bat zabalduko dute Arrasaten
Bizigazte zentro berriak apirilean hartuko ditu lehen haur eta gazteak, haien ongizatea eta errekuperazioa laguntzea helburu izango duten instalazioetan.
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua
Arrasateko San Juan de Dios ospitalean egongo da babesgabezian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzako lehen zentroa. Zentro “berritzaile eta aitzindaria da gure inguruan”, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du, egoera oso konplexuetan dauden eta zainketa espezifikoak behar dituzten haur eta nerabeei arreta pertsonalizatua eta errehabilitaziokoa emateko, Markel Olano diputatu nagusiak gaur Arrasateko Bizigazte zentro berrira egin duten bisitan zehaztu duenez.
Diputatu nagusiarekin batera izan dira Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, anaia José María Chávarri San Juan de Dios anaien komunitateko gorena, Francisco Muñoz San Juan de Dios zentroetako zuzendaria, eta Elena Urdaneta, Donostiako eta Arrasateko San Juan de Dios ospitaleetako zuzendaria. 10 plazako zentroa bisitatu dute, lehen adingabeak iritsi baino egun batzuk lehenago. Zentroak etenik gabeko arreta emango die, urtean 365 egunetan eta egunean 24 orduz, babesgabezian edo egoera oso konplexuetan dauden eta arreta psikiatriko intentsiboa behar duten adingabeei.
Zentroa egokitzeko 94.346 euroko inbertsioa egin ondoren, apirilean, pixkanaka, hasiko dira lehen adingabeak iristen Arrasateko Bizigazte zentrora. 10 eta 18 urte arteko haur eta gazteak izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean daudenak eta tratamendu psikiatriko intentsiboa behar dutenak. “Beren etxea izango da aldi baterako, eta beren inguruarekiko harremanek eta komunikazioak garrantzi berezia izango dute, komunitatearekin eta familiarekin, eta beren osasun psikoedukatiboa landuko dute banakako eta taldeko esku-hartzeekin, diziplina anitzeko ekipo batek lagunduta”, Olanok adierazi duenez.
“Bizigazten aktibatzen dugun eredua guztiz berritzailea eta aitzindaria da, eta helburua da berariazko arreta eta zainketak eskaintzea haur bakoitzari. Gure inguruan ez dago horrelako zentrorik, eta beharrezkoa da txiki-txikitatik egoera hain zailak bizi dituzten adingabe horiei ahalik eta arreta onena emateko”, diputatu nagusiak azpimarratu duenez. Zainketa plan indibidualizatuak diseinatuko dira osasun eta gizarte zerbitzuekin koordinatuta, kontuan izanda hezkuntzaren arloa bakoitzari dagokion eskolako etaparen arabera, eta Aldundiaren Haurren zerbitzuarekin eta San Juan de Dioseko profesionalekin lankidetzan egingo da, mediku, psikologo, gizarte langile, erizain eta terapeuta okupazionalek osatutako diziplina anitzeko ekipoarekin laguntzarekin.
Erreferentziako zerbitzua Gipuzkoan
Bisita egin aurretik, erakundeetako arduradunek baieztatu dute Biziberri zentroa erreferentziako zerbitzua izango dela Gipuzkoan eta Euskadin, eta, ildo horretan, Markel Olanok defendatu du Gipuzkoako babes sozialeko eredua, oinarri duena Administrazioaren eta irabazi asmorik gabeko erakundeen arteko «lankidetza publiko-soziala», «gure eredu sozialaren funtsezko eta ezinbesteko aktibo» dena. Horren erakusgarri da San Juan de Dios zentroarekin batera irekitako zentro berri hau; izan ere, erakunde horrek ezagutza eta esperientzia egiaztatua ditu haur eta gazteen osasun mentalaren arretan.
Olanok azpimarratu duenez, arreta pertsonalizatzea, esku-hartzeko prozesuen berrikuntza eta komunitatearekiko lotura dira proiektu honen “funtsa”. “Geroz eta ziurgabetasun handiagoko egoera bizi dugu, horregatik, babes sozialeko sistema indartzen jarraitzen dugu, gizarte desberdintasunen aurka borrokatzen jarraitzeko eta pertsona ororen aukera berdintasuna bermatzeko. Osasun mentaleko arretan aurrera egin eta zaurgarrienen ongizatea eta errekuperazioa sustatzen dituzten baliabide berriak sortzearen aldeko apustu irmoa egiten dugu”.
San Juan de Diosentzat, haurren eta gazteen osasun mentala lehentasuna da pertsona heldu osasuntsuak prestatzeko, eta, horregatik, San Juan de Dios Ospitaleko gerente den Elena Urdanetak azpimarratu du tratamenduaren helburua dela esku-hartze psikosozioedukatibo baten bidez haur eta nerabeak egonkortzea. Izan ere, haien konplexutasuna dela-eta, ezin dira intentsitate txikiagoko beste baliabide batzuetan artatu, nerabea bere ohiko eta komunitateko bizitzara ahalik eta azkarren itzuli ahal izateko, eta gaixotasunak ez diezaien bizitza hankaz gora jarri.
Bestalde, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eskerrak eman ditu Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleak eta bertako langileek egiten duten lanagatik, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere babesgabetasun-egoeran eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeei zuzendutako zentro aitzindari berri hau elkarlanean martxan jartzeagatik: “Ez dugu inor atzean uzten. Gipuzkoak eta Arrasatek aurrera egiten laguntzen diete herritarrei. Zentro berri horrek banakako konponbideak eskainiko dizkio erabiltzaile bakoitzari. Osasun mentala lehentasuna da, eta egungo gizartearen erronkei erantzuten diegu”. Ubarretxenak eredu berri horren "garrantzia" azpimarratu du, "pertsonarengan oinarritutako plangintzan jauzi kualitatibo bat planteatzen baitu, komunitatean parte hartzeko eta nahi duen bizitza mota izateko behar dituen laguntzak eskainiz”.
4774